2023ko irail bukaera zen. Arabiar Emirerri Batuetako presidente Mohamed bin Zayedek ohartarazi zion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari Hamasek Israeli eraso handi bat egiteko asmoa zuela, hura prestatzen ari zela. Netanyahuk, baina, ez entzunarena egin zuen. Astebete geroago, urriaren 7an, talde islamistak erasoaldi bat egin zuen Israelen, eta 1.200 pertsona inguru hil zituen. Ordutik 73.000 palestinar inguru hil ditu Israelek zerrendan.
Horren berri eman du gaur Haaretz Israelgo egunkariak. Ezkerreko kazeta horrek bi buruzagien arteko solasaldia gertaberritu du, eta, horretarako, aintzat hartu ditu «Israelgo eta munduko osoko» dozenaka iturri —goi funtzionarioak barne—, baita grabazioak eta barne dokumentuak ere. 45 minutu inguru iraun zuen Bin Zayeden eta Netanyahuren arteko solasaldiak, eta horretan parte hartu zuen xekearen aholkulari palestinar batek: urte batzuk lehenago, Gazatik Abu Dhabira alde egin zuen, eta artean harremana zuen zerrendakoekin.
Kaleratutako informazioaren arabera, Bin Zayedek Netanyahuri esan zion talde islamista erasoaldi odoltsu bat prestatzen ari zela, eta, horrek Ekialde Hurbila desegonkortuko zuenez, bertan behera geratuko zela Abrahamen Itunak jasotakoa. Itun horren helburua da Ekialde Hurbileko herrialdeek Israelekin dituzten harreman diplomatikoak normalizatzea; 2020ko abuztuan sinatu zuten, Washingtonen, Israelek, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek, Donald Trumpek bultzatuta —artean lehen agintaldian zegoen AEBetako presidentea—.
Horiek horrela, xekeak esan zion Netanyahuri neurriak hartzeko. «Esan zion Israelek prest egon beharko lukeela. Aldi berean, gomendatu zion zerrendarako irtenbide ekonomiko bat bilatzea eta Zisjordaniako egoera baretzea», kontatu dio Bin Zayeden aholkulariak Haaretz-i. Kontatutakoa «serio» har zezala eskatu zion Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak Israelgo gobernuburuari. Netanyahuk, baina, «nahiko lasai» erreakzionatu zuen, eta erantzun zion Israel «edozein jokalekutarako» prest zegoela.