AEBetako Ordezkarien Ganberak datorren astelehenean bidaliko du Senatura Donald Trump presidente ohiaren aurkako akusazio artikulua, Charles Schumer demokraten Senatuko buruzagiak jakinarazi duenez. Hortaz, legediaren arabera, pauso hori eman eta berehala hasi beharko lukete epaiketa politikoa, goi ganberan; ziurrenik, asteartean. AEBetako estatuburu ohiari «matxinada bat bultzatzea» egozten diote, hilaren 6an Kapitolioan izandako gertakariengatik: «Epaiketa oso bat izango da; epaiketa justu bat izango da», adierazi du Schumerrek.
Trump bi aldiz epaituko duten lehen agintaria bilakatuko da. Iragan urtean egin behar izan zion aurre lehenari, «botere abusua eta Kongresuaren lana oztopatzea» leporatu ziotenean, baina Senatuak errugabea zela bozkatu zuen; besteak beste, errepublikanoek zuten gehiengoari esker. Aurten, Kapitolioko istiluetan ustez izan duen rolaren harira, demokraten kontrolpean dagoen Ordezkarien Ganberak erabaki zuen bigarren epaiketa egitea, nahiz eta Trump jada agintetik kanpo dagoen.
I have spoken to @SpeakerPelosi. The articles of impeachment will be delivered to the Senate on Monday.
— Chuck Schumer (@SenSchumer) January 22, 2021
Make no mistake: There will be a full trial. There will be a fair trial.
Hilaren 5ean Georgia estatuan egindako bozen ostetik, demokraten Senatuaren kontrola ere badute, baina hori ez da nahikoa izango Trump erruduna dela ebazteko; izan ere, impeachment-etan botoen bi heren beharrezkoak dira eta, hortaz, gutxienez hamazazpi senatari errepublikanok ere baiezkoaren alde bozkatu beharko lukete arrakasta izan dezan.
Erabaki horietan eragin handia izango du Mitch McConnell Alderdi Errepublikanoaren goi ganberako buruzagiaren botoak, baina agintari beteranoak oraindik ez du publiko egin alde edo kontra bozkatuko duen, oraindik zalantzak baititu; asteon adierazi du Trumpek «eragin» zituela Kapitolioko istiluak. Halere, horren aurretik, epaiketa politikoaren araudia onartu beharko dute, eta Schumerrek jakinarazi du bi alderdiek adostua izatea nahi duela; iazko epaiketa politikoa egun gutxian egin zuten, eta astebete eta bi aste artean iraun zuen.
Aurtengo impeachment-ari begira, demokraten Senatuko buruzagiak ez du bere alderdiak araudiaz izango duen iritziaren berri eman, baina egunak dira hura eta errepublikanoen goi ganberako buruzagia horretaz negoziatzen ari direla: «Epaiketa bat egongo da AEBetako Senatuan, baita bozketa bat ere», ziurtatu du Schumerrek negoziazioak aipatu dituenean.
McConnellek, berriz, ohartarazi du bere senatariek «prozesu oso eta justu bat» nahi dutela, Trumpek bere defentsa antola dezan, eta horregatik eskatu du epaiketa atzeratzeko. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak ere baieztatu du akusazioa astelehenean bidaliko dutela Senatura, eta, prozesuaz, ziurtatu du bere alderdiaren abokatu taldeak eta AEBetako estatuburu ohiak epaiketa politikoa prestatzeko «denbora berdina» izango dutela.
Adierazpen horiek agerian utzi dute impeachment-aren hasiera atzeratzeko aukera handiak daudela, bi alderdien arteko elkarrizketek aurrera jarraitzen badute.
Inhabilitazio aukera
Epaiketa politikoaz gain, eztabaidagai da AEBetako presidente ohia inhabilitatzeko aukera ere. Epaiketa politikoan ezezkoa aterata ere, Senatuak beste bozketa bat egin ahalko du auzi horren inguruan, eta kasu horretan gehiengo soil batekin nahikoa litzateke zigor hori ezartzeko.
Egun, demokratek eta errepublikanoek 50na senatari dituzte, baina berdinketak haustea AEBetako presidenteordeari dagokio, goi ganberako presidente baita; hau da, Kamala Harris demokratari.
Datozen presidentetzarako hauteskundeak 2024ko azaroan izango dira, eta, AEBetako hedabideen arabera, Trump horietara aurkezteko asmotan da; indar politiko berri bat sortuko lukeela ere zabaldu dute: Alderdi Abertzalea.