ATENTATUA LIBANON. Gobernuak alerta egoera ezarri du, eraso gehiagoren beldur

Oposizioak agintarien dimisioa galdegin du, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu dio nazioarteari; 15 lagunen heriotza eragin duen atentatua ekintza suizida izan dela uste dute

ERREDAKZIOA
2005eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Libanoko lehen ministro izandako Rafik Hariri eta beste 14 pertsona hil zituena ekintzaile suizida bat izan zela uste du Poliziak. Oposizioak Siriari leporatu zion atentatua, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu zion nazioarteari. Lehendik txarra zen egoera okertu egin zuen agintari ohiaren hilketak. Gobernuak alerta egoera ezarri zuen «egonkortasuna mantentzeko» eta eraso gehiagoren beldur delako.

Hiru eguneko dolu aldia ezarri zuten atzo lehen ministro izandakoaren omenez. Hala ere, jende oldea atera zen kalera erasoaren aurka protestatzera. Sidonen, Haririren jaioterrian, langile siriarrei harriak jaurti zizkieten. Liskarretan bost pertsona zauritu ziren. Beiruten, berriz, harriak bota zizkioten Siriaren enbaxadari, eta barrikadak jarri zituzten atarian.Gobernuaren dimisioa eta Siriako soldaduak erretiratzeko eskatu zuen Walid Jumblatt oposizioko buruak: «Ez dugu zuengandik ezer behar. Alde hemendik. Nahikoa odol isuri duzue». AEBek ere Siria izan zuten hizpide, nahiz eta erasoaren erantzukizuna egotzi ez zioten. Washingtonen arabera, Libanok «okupatua» jarraitzen duela gogorarazi zion nazioarteari atentatuak. Ondorioz, Sirian zuen enbaxadorea erretiratzea erabaki zuen Gobernuak, baina laster itzuliko zela iragarri zuen.

Okerragora jotzeko arriskua

Lehendik «hauskorra» den egoera okerragotu ez dadin neurriak hartu behar zirela esan zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren bozeramaile Fred Eckhardek.

Haririk atentatua baino minutu batzuk lehenago esandakoa argitaratu zuen atzo Libanoko As Safir kazetak: «Gizarteak onartu behar du Libanok Siriarekin akordio bat lortu behar duela». Hasieran Al Nasir ual Jihad fil Sham taldeak hartu zuen bere gain erasoa. Haren mezuaren arabera, Saudi Arabiako Gobernuarekin zituen harremanengatik hil zuten Hariri.

-

Erasoetan hildako buruzagiak



1977ko martxoa: Oposizioko Alderdi Sozialista Aurrerakoiko buru Kamal Jumblatt hil zuten.

1978ko ekaina: Sulaiman Franjie presidente ohiaren seme Tony Franjie hil zuen milizia kristauak Ehdenen, Libano iparraldean.

1982ko iraila: Bashir Gimailek irabazi zituen presidentetzarako bozak, baina hil egin zuten kargua hartu aurretik. Siriaren aldeko miliziek hartu zuten bere gain erasoa.

1987ko ekaina: Rashid Karami lehen ministroa hil zuten helikopteroan zihoanean.

1989ko maiatza: Hasan Khalid buruzagi erlijioso sunita eta beste 22 lagun hil zituzten bonba-auto batekin Beiruten.

1989ko azaroa: Rene Muauad presidentea hil zuten Beiruten. Siriaren aldekoa zen Muauad.

1990ko urria: Alderdi Liberal Nazionaleko buru Dany Chamoun hil zuten tiroz.

1992ko otsaila: Hezbolako buru Abbas Mussaui hil zuen Israelek helikopteroz egindako erasoan.

2002ko urtarrila: Elie Hobeika lehen ministro ohia hil zuten Beiruten.

2002ko maiatza: Palestinako Komando Nagusiko buru Jihad Jibril hil zuten bonba-autoz Beiruten.

2005eko otsaila: Rafik Hariri lehen ministro ohia eta beste 14 lagun hil zituzten hiriburuan. Siriako Gobernuari leporatu zioten erasoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.