Atzera bota dute Israelgo Parlamentua desegiteko mozioa

Netanyahuk arnasa hartu du, bozak aurreratzea eragotzi baitu modu horretan. Ultraortodoxoek, azkenean, lehen ministroa babestu dute.

Benjamin Netanyahu Israelgo Parlamentuan, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo Parlamentuan, atzo. ABIR SULTAN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 12a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak lasaiago har dezake arnasa gaur goizaldetik. Izan ere, oposizioko alderdi nagusiek ez dute onartu Knesset Israelgo Parlamentua desegiteko aurkeztutako mozioa; ganbera horrek atzera bota du atariko bozketan, lehendabizikoan. Beraz, inkestetan emaitza onak aurreikusten ez dizkioten honetan, Netanyahuk denbora irabazi du, mozioa baliogabetuta ez baitituzte hauteskundeak aurreratuko. Horiek, beranduenez, 2026ko udazkenean egingo dituzte.

Gaur goizaldean izan da bozketa, eta, Knessetek ohar baten bidez jakinarazi duenez, 61 parlamentarik bozkatu dute Yesh Atid eta Beitenu alderdiek proposatutako neurriaren aurka, eta 53k alde —120 eserleku ditu—. Azkenean, mozioaren tramitazioari bide ez ematea erabaki dute Netanyahuren gobernua babesten duten alderdi ultraortodoxoek, Shas-ek eta Toraren Judaismo Batuak.

Horien babesa ezinbestekoa zen, 11 eta zazpi eserleku baitituzte parlamentuan, hurrenez hurren. Eta sostengua zalantzan egon da azken astean, fakzio ultraortodoxo batzuetako buruek parlamentua desegitearen alde egin zezatela eskatu baitzieten beren alderdietako kideei. Haien argudioa zen parlamentua ez zela ari aurrerapausorik ematen judu ultraortodoxoek oro har derrigorrezko zerbitzu militarra egin behar ez izateko lege bat ontzeko orduan.

Baina Israelgo hedabideek parlamentuko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, alderdi ultraortodoxoek eta Netanyahuk elkar ulertu ahal izateko printzipio batzuk adostu dituzte. Yuli Edelstein parlamentariak du lege hori osatzeko ardura, eta berak ere komunikatu baten bidez jakinarazi du akordio bat egin dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.