Atzerritarrak, Japoniako Gobernuaren jopuntuan

Sanae Takaichiren gobernuak gogortu egin ditu bisak, garestitu tasak, eta zorrotzago zelatatuko ditu atzerritarrak. Adituen arabera, administratiboa baino gehiago, politikoa da aldaketa hori, japoniarrei zergak apaldu baitizkie aldi berean.

Hainbat herritar Japoniako banderak astintzen, Takaichiren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean asteartean, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
Hainbat herritar Japoniako banderak astintzen, Takaichiren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean asteartean, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
Josep Solano
TOKIO
2026ko otsailaren 1a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetan, Japoniak nabarmen gogortu ditu migrazio politikak, eta mugimendu hori «sistema zuzentzeko» neurri gisa aurkeztu du Sanae Takaichiren gobernuak, baina hala oposizioak nola hainbat kolektibok uste dute funtsezko aldaketa politiko bat dela. Kontuan hartu behar da datorren igandean egingo dituzte legebiltzarrerako bozak Japonian. Tacaichiren gobernuak onartu du bizileku baimena berritzeko tasak nabarmen igotzea, administrazioan oztopo gehiago jarriko ditu, eta My Number sistema gehiago erabiliko du ustez aseguruak edo zergak ordaindu ez dituztenak zelatatzeko. Neurri horiek, egonkortasun itxura eman beharrean, alarma piztu diete herrialdean bizi diren atzerritarrei eta eskubide zibilen adituei.

Eztabaida gehien sortu duten aldaketetako bat zera izan da, tasak neurriz kanpo igo dizkietela Japonian bizi diren atzerritarrei. Bisa berritze hutsagatik 40.000 yen ere ordaindu beharko dituzte —220 euro inguru—, eta bizileku baimen iraunkorra lortzeko, 300.000 yen —1.600 euro inguru—. Gainera, muga gehiago jarriko dizkiete lurrak erosteko eta herrialdean sartzeko, eta handitu egingo dute Business Manager bisa lortzeko eduki beharreko kapitala: bost milioi yen ziren lehen, eta 30 milioi izango dira aurrerantzean —160.000 euro baino gehiago—; ondorioz, kanpoan geratuko dira migratzaileen proiektu txiki gehienak.

Atzerritarrei baldintzak gogortzeaz gainera, haiei bakarrik aplikatuko zaizkien tasa batzuk prestatzen ari da Tokio aireportuetarako, eta, aldi berean, handitu egingo ditu ia soilik japoniarrei aplikatzen zaizkien hobari fiskalak.

Gobernuaren arabera, atzerritarrek egindako delituak ugaritu direlako eta zergak ordaindu ez dituztelako gogortu dituzte neurriak, baina datu ofizialek ez dute halakorik erakusten. Poliziak 12.170 atzerritar atxilotu zituen 2024an: herrialdeko atxiloketa guztiak aintzat hartuta, proportzioan gutxi dira, eta datu hori koherentea da kontuan izanez gero herrialdean bizi diren atzerritarrak biztanleen %3 direla ozta-ozta. Atzerritarren kopurua aintzat hartuta zenbat lagun atxilotu dituzten kalkulatuz gero, are argiago dago: 2024ko krimenaren liburu zuria-ren arabera, Japonian bizi diren 100.000 atzerritarreko 120,2 atxiloketa izan dira, eta 100.000 japoniarreko, berriz, 141,5 atxiloketa. Hau da, atzerritarren artean %15 inguru txikiagoa da tasa.

Gainera, ez dago ebidentziarik frogatzeko herrialdean bizi diren atzerritarrek delitu ekonomiko gehiago egiten dituztela edo maizago urratzen dituztela betebehar fiskalak. Zerga Agentzia Nazionalak adierazi du zergei ihes egin dieten gehienak diru sarrera handiak dituzten japoniarrak direla, eta egindako analisi independenteek erakutsi dute iruzur eta berankortasun tasak antzekoak edo are txikiagoak direla atzerritarren artean.

Hainbat adituk nabarmendu dutenez, gobernuak zenbait kategoria nahasten ditu bere diskurtsoan —adibidez, immigrazio arloko arau hausteak eta egonaldi laburrerako turistek egindakoak—, eta estatistiketan ageri ez den arazo bat justifikatzeko erabiltzen ditu. Ondorioz, atzerritarren kriminalitateari gehiegizko garrantzia ematen dion kontakizun bat sortu du, eta errealitate enpirikoarekin bat ez datorren pertzepzio bat elikatzen du horren bidez.

Testigantzak

Japonian bizi diren bi emakume atzerritar Berriarekin aritu dira hizketan, baina beren izen-deituren berri ez emateko eskatu dute, beldur baitira errepresaliak izango ote dituzten lanean edo administrazio arloan. Linh vietnamdarra da, eta Kanto eskualdeko fabrika batean egiten du lan; kostu berri horiek ezartzeari buruz galdetuta, hau esan du: «Zuzeneko kolpe bat eman digute orain ere diruz justu ibiltzen garenoi».

Gainera, azaldu du bisa berritu behar duen aldiro «sekulako ahalegina» egin behar duela, eta tasak garestitu direnez aurrerantzean soldataren parte handi bat gorde beharko duela horretarako propio, herrialdean modu legalean bizitzen segitu ahal izateko.

Maria filipinarra da, zahar etxe batean egiten du lan, eta urteak daramatza Japonian adinekoak zaintzen. Bera ere bat dator neurri horien atzean mezu jakin bat emateko asmoa dagoela, eta zaila dela hari ez ikusiarena egitea: «Japoniak behar ditu langile atzerritarrak, hori egunero ikusten dugu gure sektorean, baina, halako tasak eta kontrola ezarrita, ematen du arazotzat jotzen gaituztela, eta ez gizartearen partetzat».

«Guk legea betetzen dugu, baina, horrez gain, sentitu nahi dugu ez zaizkigula jazartzen atzerritarrak izateagatik»

LINH Japonian bizi den vietnamdarra

Biek kontatu dute «atzerritar ilegal bat ere ez» izateko ezarri berri duten politikak eta zelatatze mekanismo gero eta zorrotzagoek susmagarri sentiarazten dituztela etengabe. Linhek honela azaldu du: «Guk legea betetzen dugu, baina, horrez gain, sentitu nahi dugu ez zaizkigula jazartzen atzerritarrak izateagatik».

Bi langileek Japoniako Gobernuari eskatu diote berrikus ditzala bere lehentasunak eta modu eraginkorrean babestu ditzala Japonian bizi diren atzerritarrak: tasa merkeagoak jar ditzala, prozesuak ez daitezela hain zigortzaileak izan, eta integrazio soziala bultza dezala bere politiken bitartez, zaildu beharrean. «Azken batean, edozein japoniarrek nahi duena nahi dugu guk ere: duin bizi eta ekarpena egin», adierazi du Mariak.

Gobernua tematuta dago neurri horiek ez dituztela hartu xenofobiara lerratu direlako: «sistema zuzentzeko» baino ez direla adierazi du, eta ustezko abusuei galga jartzeko ezarri dituztela. Dena den, murrizketa horiek garai kritiko batean egin dituzte: biztanleria zahartzen ari da oso bizkor, jaiotza tasa inoiz baino txikiagoa da, eta gero eta langile gutxiago daude.

Nazioarteko ospea, zalantzan

Gobernua tematuta dago neurri horiek ez dituztela hartu xenofobiara lerratu direlako: «sistema zuzentzeko» baino ez direla adierazi du, eta ustezko abusuei galga jartzeko ezarri dituztela. Dena den, murrizketa horiek garai kritiko batean egin dituzte: biztanleria zahartzen ari da oso bizkor, jaiotza tasa inoiz baino txikiagoa da, eta gero eta langile gutxiago daude.

Hori kontuan hartuta, aditu asko bat datoz Japoniak langile gehiago erakarri behar dituela atzerritik, eta ez haiek uxatu. Neurri horien guztien eraginez, herritar asko —japoniarren ondorengoak izan eta herrialdean zenbait hamarkada daramatzaten batzuk ere bai— beldur dira ez ote diren herrialdetik kanporatuak izateko arriskuan egongo administrazioko huts batengatik soilik.

Diskurtso ofiziala zenbat eta oldarkorragoa eta arauak zenbat eta zorrotzagoak izan, orduan eta arrisku handiagoa dago herritarrak bi kategoriatan bereizita egoteko: lehen mailakoak, batetik, eta bigarren mailakoak, bestetik. Zenbait soziologo eta ekonomialariren arabera, litekeena da joera horrek kalte egitea Japoniak nazioartean duen ospeari, aintzat hartuta hark eragile irekia, fidagarria eta garrantzitsua izaten segitu nahi duela mundu osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.