Katalunia. Inbestidura

Aurrekariak ikusita, Jordi Sanchezek zail izango du presidentegai izatea

Llarena epaileak Parlamentura joatea debekatu izan dio. «Kausa judizialetatik libre» dagoen hautagai bat exijitzen du Madrilek

Jordi Sanchez. JAUME SELLART / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Jordi Sanchez da JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk Generalitatetako presidentetzarako proposatutako hautagai berria. Baina JxCko zerrendako bigarrena, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia, matxinada egotzita behin-behineko kartzelaldian dago Soto del Realen (Espainia) dago joan den urriaren 16tik, eta, aurrekariak kontuan hartuta, ez dirudi Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak inbestidura saiora joaten utziko dionik. Sanchezek eskatu zion baimena parlamentuaren osaketa saiora joateko, joan den urtarrilaren 16an, baina Llarenak ukatu egin zion. Gauza bera egin zuen magistratuak, Puigdemonten inbestidura saiorako baimena eskatu zionean, urtarrilaren 30ean. Erabaki horiek azaltzeko argitaratutako autoetan epaileak dionez, Sanchezi parlamentura joaten uzteak «mobilizazioa biolentoak» eragin ditzake kalean. Uste du hark independentisten artean duen «lidergoak» ekar ditzakeela «elkarbizitzaren lege esparruarenaurkakoak» diren mobilizazioak inbestidura egunean. Oriol Junqueras kartzelatutako ERCko liderrari bezala, botoa delegatzeko aukera ematen dio.

Ikusteko dago, gainera, Espainiako Gobernuak baimenduko ote duen hautagaitza proposamena. Izan ere, «kausa judizialetatik libre» dagoen hautagai bat exijitzen ari da Madril. Sanchez auzipetuta dago, eta, Espainiako komunikabideek iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, gainera, inhabilitatua izateko arriskuan dago.

Urte eta erdiko instrukzioa

Kataluniako prozesu subiranistaren harira matxinada egotzita hainbat politikariren eta ekintzaileren kontra irekitako kausa judiziala «konplexua» dela iritzita, Gorenak erabaki du auziaren instrukzio epea urte eta erdiz luzatzea, gehienez. Llarenak argudiatu du pertsona asko daudela auzipetuta eta oraindik diligentziak dituela egiteko.

Bestalde, PSCk helegite bat jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, Kataluniako presidentetzarako beste hautagai bat aukeratzeko bi hilabeteko epeak korritzen hasi beharra daukala eskatuz —Parlamentuko abokatuek kontrakoa deliberatu zuten—. Konstituzionalak tramiterako onartu du. Ciutadansek Roger Torrent Parlamentuko presidentearen kontrako helegitea jarri du Konstituzionalean, iruditzen zaiolako ez diola Mahaiari kontsultatu CUPek ebazpen proposamen bati jarritako ebazpenen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.