Frantzian ezin izan dituzte adostu 2026rako aurrekontuak. Porrot egin dute gobernuaren eta ordezkaritza parlamentarioa duten alderdien arteko negoziazioek. Baina Sebastien Lecornu lehen ministro macronistak neurri «aringarri bat» proposatu du funtzionatzen segitzeko, estatuak aurrerantzean ere jarrai dezan diru sarrerak edukitzen eta gastuak ordaintzen. Behin-behineko irtenbidea, urratuari jarritako adabakia, modu horretan definitu du Maud Bregeon gobernuko bozeramaileak. Frantziako Parlamentuko bi ganberek onartu beharra daukate, eta, ezustekorik ezean, gaur dira planteamendu horri bide ematekoak, iaz bezala, aurrekontuak luzatzekoak. Hori bai, Emmanuel Macron errepublikako presidenteak ere premiaz deitutako Ministroen Kontseiluan parte hartu zuen atzo, eta esan zien ahalik eta azkarren onartzeko aurrekontuak.
Gobernua azken orduetan esaten ari da epemuga bat jarri diola bere buruari: urtarril amaiera; alegia, aurrekontuak ordurako onartu behar direla. Frantziak %5,4ko defizit publikoarekin bukatuko du urtea, eta gobernuak aurreratu du bere asmoa dela hurrengo urtean hori izatea bere BPG barne produktu gordinaren %5ekoa —EB Europako Batasunak eskatzen die estatu kideei ez gaintzeko %3—. Frantziako Bankuko presidente François Villeroy de Galhau elkarrizketatu zuen Le Figaro egunkariak duela egun batzuk, eta %5eko muga ezarri zuen: «Gaindituz gero, herrialdea arriskuan legoke».
Horrek esan nahi du Lecornuk murrizketak planteatzen dituela. Asanblea Nazionaleko alderdien arteko indar korrelazioa kontuan hartuta, PS Frantziako Alderdi Sozialistak dauka planteatutakoa onartzeko giltza. Igandean eta atzo ordezkaritza parlamentarioa duten alderdiekin bilerak egin zituen Lecornuk —denekin, LFI Frantzia Intsumisoa ezkerrekoarekin eta RN Batasun Nazionala ultrarekin izan ezik, elkarrizketei uko egin baitiete—, eta horien ondoren Olivier Faure PSko idazkari nagusiak aurpegiratu zion LR Errepublikanoak eskuineko alderdiari «konpromiso guztiei» uko egitea, argudiatuta ezkerraren proposamen guztiak baztertzen dituela.
Ikusi gehiago
PS ez dago pozik entzun eta ikusi duenarekin, baina duela bi hilabete Lecornu salbatu zuen, haren kontra LFIk eta RNk aurkeztutako zentsura mozioen aurka bozkatu baitzuen. Hori egin zuen, batez ere, Lecornuk agindu ziolako erretreten erreforma behin-behinean baliogabetuko zutela. Eta bai, Frantziako Asanblea Nazionalak duela bi aste onartu zuen hori. Gizarte Segurantzaren 2026ko aurrekontuak atera zituzten aurrera, eta horren barruan zegoen 2023an onartutako erretretaren erreforma 2028ra arte etetea.
49.3aren aukera
Lecornuk beste promes bat egin zion duela bi hilabete PSri: ez zuela baliatuko konstituzioaren 49.3 artikulua; hau da, ez zituela dekretuz onartuko gobernuaren proposamenak. Gobernuak prozedura hori erabiltzen duen bakoitzean harrabotsa eragiten du Frantzian. Baina ikusita aurrekontuei buruzko negoziazioetan kateatuta daudela, Lecornuk ez du baztertzen 49.3 artikulua aplikatzea aurrekontuak onartzeko; hainbat buruzagi politikok, Macron barne, hori eskatu diote, negoziazioen berri duten iturriak aipatuz Frantziako hedabideek azkeneko egunetan kaleratu dutenez. Eric Coquerel LFIko diputatuak gaur agerraldi batean adierazi duenez, gobernuburuak 49.3a erabiltzen badu, haren kontrako zentsura mozio bat planteatuko dute.
Aurrekontuekin gertatzen ari denak erakusten du, berriro, Frantziako politikan ezegonkortasuna dela nagusi. Macronek legebiltzarreko hauteskundeak aurreratu zituen iazko udan, baina horien ondoren ere ez zuen gehiengorik eduki Asanblea Nazionalean. Presidentetzarako bozak 2027ko udaberrian dira egitekoak, eta inkestek, oro har, garaipen argia ematen diete ultrei. Hori batetik.
Bestetik, Asanblea Nazionala guztiz atomizatuta dago, gehiengo argi bat ordezkatu dezakeen blokerik gabe. Eta horren ondorio da iazko uztailetik, bozak egin zituztenetik gertatutakoa: bi lehen ministro erorarazi dituela behe ganberak: Michel Barnier eskuinekoa iazko abenduan, eta François Bayrou zentrokoa irailean.
Bayrouk, hain zuzen, orain gobernuak baliatu duen prozedura erabili zuen iaz aurrekontuak luzatzeko. Hark ere ezin izan zituen adostu, eta, horrenbestez, otsailean, 49.3 artikulua baliatuta onartu zituen 2025ekoak. «Herrialdeek ezin dute aurrera egin aurrekonturik gabe; are eta gutxiago Frantziak», azpimarratu zuen orduan, otsailaren 3an. Asteon Amelie de Montchalin Ogasun ministroak esan duenez, iaz estatua aurrekonturik gabe egoteak 12.000 milioi euro inguruko kostua eduki zuen.