Erregaiak erretzearen isuriak aurten %1,1 ugarituko direla aurreikusi dute

Lurraren erabilerak eragindako isuriak pixka bat murriztuko direla kalkulatu dute; beraz, isuri globalek antzera jarraituko dute. Basoak karbonoa xurgatzeko ahalmena berreskuratzen ari dira.

Muxikako lantegi bat, tximiniatik kea dariola. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Muxikako lantegi bat, tximiniatik kea dariola. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 14a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amazonian munduko herrialde gehienak klima aldaketa nola balaztatu eztabaidatzen ari diren bitartean, ikertzaile batzuek aurreikusi dute erregaien kontsumoak sortutako karbono isuriek %1,1 egingo dutela gora aurten. Azken hogei urteetan, Global Carbon Budget proiektuko ikertzaileek urte bakoitzeko isuriei buruzko datuak eman dituzte urtea amaitu aurretik, eta ondorioztatu dute aurten ere gora egingo dutela. Duela gutxi iazko datuak berretsi zituen Nazio Batuen Ingurumen Programak: 2023tik 2024ra %2,3 handitu ziren berotegi efektuko gasen isuriak.

Hori dela eta, gaur egungo joera mantenduz gero, laster Lurra 1,5 gradu zentigradu berotuko dela nabarmendu dute; Parisko Akordioaren helburu nagusia planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzea da, baina aditu gehienek jada esan dute helburu hori betetzea ezinezkoa izango dela.

Hala ere, erregaien errekuntzak ez ezik, bestelako faktore batzuek ere badute eragina karbonoaren fluxuan, basoen eta lurraren kudeaketak, esaterako. Ikerketan azaldu dutenez, El Niño fenomenoa amaituta, lurreko basoak karbonoa xurgatzeko ahalmena berreskuratzen ari dira gutxinaka, eta, horregatik, lurraren erabilerarekin lotutako isuriak pixka bat murriztuko dira aurten. Hori dela eta, karbono isurien balantze globala iazkoaren oso antzekoa izango da, adituek aurreikusi dutenez; hala ere, gizakiek eragindako isurien gorakada kezkagarria da. 1959. urtean ia parekoak ziren erregaiak erretzearen eta lurraren erabileraren ondoriozko isuriak, baina gaur egun ia hamar bider handiagoak dira errekuntzaren ondoriozkoak.

38,1

Zenbat CO2 isuriko den, gigatonatan, erregaien ondorioz. Adituek aurreikusi dutenez, 2025ean 38,1 gigatona karbono dioxido isuriko dira atmosferara erregaiak erretzearen ondorioz, iaz baino %1,1 gehiago. 1959an hamar gigatona baino gutxiago izan ziren; hau da, laurdena.

Basoak karbonoa xurgatzeko gaitasuna berreskuratzen ari dira, baina, horri dagokionez ere, badira albiste kezkagarri batzuk; izan ere, klima aldaketa eta planetaren berotzea direla eta, koral arrezifeak suntsitzen ari dira, eta, Global Tipping Points taldeak 2025eko bere txostenean ohartarazi zuenez, munduaren berotzea gelditzeko neurririk hartzen ez bada, koral arrezifeen egoerak ez du atzera-bueltarik izango, eta hiltzera kondenatuta egongo dira. Karbonoa xurgatzeaz gain, koral arrezifeek munduko bioaniztasunaren laurden bat jasotzen dute haien ekosistemetan.

Gainera, isuriei buruzko datuak eman dituen ikerketa talde berak beste txosten bat argitaratu du, azalduz karbonoa xurgatzen duten eremuek %15 gutxiago xurgatzen dutela orain duela hamar urte baino.

Isuriak guztira

Ikertzaileek aurreikusi dutenez, erregaien errekuntzarekin eta lurraren erabilerarekin lotutako isuriak batuta, guztira 42,2 gigatona karbono dioxido isuriko dira atmosferara aurten; 38,1 gigatona erregaien errekuntzari dagozkio (+%1,1), eta 4,1 gigatona, berriz, lurraren erabilerari (-%9,8).

Aurreko hamarkadekin alderatuta, karbono isurien gorakada moteldu egin da, baina oraindik ez da murriztea lortu. Batez beste, 1959tik 2014ra bitartean isuriak %1,6 handitu dira urtero munduan, eta 2004. eta 2013. urteen artean batezbesteko hori %1,9koa izan zen. Azken hamaika urteetan (2014-2025), berriz, emisioak %0,3 handitu dira urtero, batez beste. Hala ere, moteltze hori lurraren erabilerarekin lotutako isurien beherakadak eragin du batez ere, eta ez erregaien errekuntzak sortutako emisioak gutxitu izanak. Ikerketaren arabera, isuri horien gorakada moteldu egin da azken urteetan; dena den, azken hamar urteetan batez beste 0,2 gigatona gehiago isuri dira urtero errekuntzaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.