Gutxinaka atzean geratzen ari dira izotzaldiak, eta udaberria indartsu iritsi da. Tenperaturak oso beroak izan dira azken asteetan, Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak emandako datuen arabera. Zehazki, inoizko bigarren martxorik beroena izan da Europan, iazkoaren ostean. 1991 eta 2020 bitartean, batez beste 3,61 gradu zentigraduko tenperatura izan da martxoan kontinentean, eta 2026ko martxoan, berriz, 5,88 izan da batezbestekoa; hau da, 2,27 graduko anomalia.
Munduan ere antzekoa izan da joera, nahiz eta tenperatura anomalia ez den horrenbestekoa, Europa baita azkarren eta gehien berotzen ari den kontinentea. Lurrari dagokionez, hiru martxo baino ez dira beroagoak izan erregistroak daudenetik. Batez beste, martxoan 13,94 gradu zentigraduko tenperatura izan du gainazaleko aireak Lurrean; azken hiru hamarkadetako batezbestekoaren aldean, 0,53 gradu gehiago. 1850 eta 1900 bitarteko erregistroekin konparatuta, berriz, tenperatura anomalia 1,48 gradukoa da.
Gainazaleko airearen tenperatura ohi baino beroagoa izan bada, itsasoko tenperatura are beroagoa izan da. Iparraldeko eta hegoaldeko 60º-ko paraleloen artean egiten dituzte neurketak, eta soilik 2024ko martxoan egon zen ura beroago. Aurten, ozeanoek 20,94 gradu zentigradu izan dituzte batez beste martxoan. Ozeano Artikoko itsas-izotz geruzaren gainazala batez bestekoa baino %5,7 txikiagoa izan da, inoizko datu okerrena. Antartikoko itsas-izotzaren gainazala %10 txikiagoa izan da, baina beste urte batzuetako martxoan %33raino iritsi da anomalia hori.
'El Niño' berriz
Ekuatore aldean, Ekuadorko eta Peruko kostaldetik mendebaldera, ur masa erraldoia dago Ozeano Barean, eta ENOS patroi klimatikoa du: fase beroak, hotzak eta neutroak tartekatzen dira. Eremu horren tamaina dela eta, hango joerek eragin handia izaten dute Lurreko batez besteko tenperaturan. El Niño izena du fase beroak, eta 2024 eta 2025 bitartean fenomeno hori izan zen; gogorra, gainera. Horrek eragin handia izan zuen, inoizko urterik beroenak izan baitira.
Bada, 2025 amaieratik hona, La Niña fenomeno leuna izan da; horregatik hoztu dira tenperaturak pixka bat 2024koekin alderatuta, nahiz eta anomaliak handiak diren oraindik ere. Bada, meteorologia aurreikuspenerako zentro askok adierazi dute 2026 amaieran El Niño fenomenoa iritsiko dela berriz, eta uste dute oso litekeena dela fenomeno oso indartsua izatea. 2014tik 2016ra izandako El Niño gogorra gainditzeko modukoa ere izango dela iragarri dute. Urte horietan, Ozeano Bareko inguru horretan 2,8 gradutik gorako anomalia izan zen.
Copernicusek kontuan hartu ditu beste zentroek egindako aurreikuspen horiek, eta adierazi du martxoan neurtutako tenperaturen ondorioz El Niño fenomeno bateranzko trantsizio bat antzeman daitekeela; batez ere, jakinda bereziki itsasoan izan dela tenperatura anomalia handia aurtengo martxoan.
Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroak, esaterako, adierazi du oso litekeena dela fenomeno indartsu hori izatea. New Yorkeko Estatu Unibertsitateko Paul Roundy ikertzaileak eta Ben Noll meteorologoak aurreikusi dute %80ko aukera dagoela El Niño fenomeno indartsu bat sortzeko, eta aurtengo abuzturako Super El Niño fenomenoa izateko aukera, berriz, %22koa da.
Izan ere, El Niño eta La Niña fenomenoak sailkatu egiten dira indarraren arabera. Bien kasuan leuna, tartekoa eta gogorra daude, baina El Niño, batzuetan, Super El Niño edo meganiño fenomenoa bihurtzen da.