Australiako indigenak parlamentuan ordezkatuak izateko bidean daude

Aborigenen eta Torres Itsasarteko Uharteetako Herritarren Ahotsa batzordeak ordezkatuko lituzke, eta erreferendum bidez erabakiko dute hura eratu ala ez. Udazkenean egingo dute galdeketa

Ken Wyatt Indigenen Gaietarako ministro indigena ohia, karguaren izendapenean, 2019ko maiatzean, Canberran. LUKAS COCH / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Ez bada orain, noiz?». Horrela aurkeztu zuen osteguneko ordu txikitan Australiako lehen ministro Anthony Albanesek urte amaieran egingo duten erreferenduma. Herritarrek baiezkoarekin edo ezezkoarekin erantzun beharko diote galdera honi: Lege proposamen bat onartzea konstituzioa aldatu eta Australiako jatorrizko herriak aitortzeko, eta Aborigenen eta Torres Itsasarteko Uharteetako Herritarren Ahotsa taldea sortzeko. Onartzen al duzu proposatutako aldaketa?. Gaur-gaurkoz, ez dute zehaztu noiz egingo duten erreferenduma, baina Albanesek aurreratu zuen urria eta abendua bitartean egingo dutela.

Erreferendumak herrialdeko gehiengoaren babesa beharko du aurrera egiteko. Baiezkoa gailentzen bada, aborigenei eta Torres itsasarteko uharteetako herritarrei aitortza egingo diete Australiako Konstituzioan. Gainera, indigenek osatutako talde batek, Aborigenen eta Torres Itsasarteko Uharteetako Herritarren Ahotsak, ordezkaritza izango du parlamentuan, eta ahalmena izango du indigenen aferekin lotutako legeetan eta proiektuetan iritzia emateko. Taldeak ez luke betorako eskumena izango parlamentuan, baina aholkularitza batzorde baten gisan funtzionatuko luke Australiako jatorrizko herriei dagozkien aferetan. Bestalde, aborigenek eta Torres itsasarteko komunitateek hautatuko lituzkete batzordeko kideak. Dena den, galdeketaren ostean zehaztuko dituzte taldearen eraketari buruzko xehetasunak.

Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpena du oinarri erreferendumak. 2017ko maiatzean 250 lider indigenatik gora bildu ziren Uluru hareharrizko haitzean —leku sakratua da aborigenentzat, eta Gizadiaren Ondare 1987tik—. Bilkura hartan sortu zuten dokumentuan eskatu zuten indigenek osatutako talde bat aitortzeko Australiako Konstituzioan.

Albaneseren arabera, eskakizuna egia bihurtzeko lanean ibili dira ordutik. 2019an aurkeztu zuen Australiako lehen biztanleak konstituzioan aitortzeko proposamena, orduan Indigenen Gaietarako ministro zen Ken Wyattek. Hiru urteko epea aurreikusi zuen horretarako, eta, COVID-19aren pandemia tarteko, aurten amaituko da epe hori.

Australiako herritarren %3,2 dira indigenak, 700.000 pertsona inguru. Gobernuak egindako ikerketen arabera, osasun arazo gehiago dituzte indigenek, baita heriotza eta pobrezia tasa handiagoak ere. 1788an britainiarrek kolonizatu zituztenerako, 65.000 urte zeramatzaten lur horietan bizitzen. Linda Burney Australiako Indigenentzako ministroaren arabera, parlamentuan Ahotsaren gisako talde bat izateak nabarmen hobetu ditzake aborigenen eta Torres itsasarteko uharteetako herritarren bizitzak. «Ahotsa izango dute beren aferetan egiten diren proiektuetan eta politiketan».

Denetariko erreakzioak

Lehen ministroak espero du galdeketak herritarren gehiengoaren «babesa» lortuko duela. Baina orain arte egin dituzten 44 erreferendumetatik zortzitan bakarrik irabazi du baiezkoak, eta, gaur-gaurkoz, denetariko iritziak daude datorren udazkenean egingo den galdeketaren inguruan.

Galdera aurkeztu eta berehala babestu zuten erreferenduma atzo Berdeen Alderdiak eta zenbait legegilek. Baina Alderdi Liberalak «xehetasun gehiago» jakin behar ditu erreferendumaren «aurka edo alde» egin erabakitzeko, alderdiko buru Peter Duttonen arabera. Alderdi Nazionaleko kideek, berriz, adierazi zuten ez dutela aldaketaren alde egingo. Haien arabera, «beste tirita gorri burokratiko bat besterik ez da».

Indigenen artean ere, alde bateko eta besteko iritziak daude. Komunitate batzuen arabera, neurria «ez da nahikoa», eta salatu zuten tokiko indigenekin itunik sinatu ez duen Commonwealth erakundeko herrialde bakarra dela Australia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.