Australiako komunitate batek ikatz meatze baten kontrako epaiketa irabazi du

Australiako Justizia Auzitegi Nagusiak ukatu egin dio enpresa bati Hegoaldeko Gales Berriko meatze bat beste 22 urtez ustiatzeko baimena. Komunitateak uste du aurrekari garrantzitsua izango dela beste epaiketa batzuetarako.

Australiako Queensland herriko meatze bat, artxiboko irudi batean. MACARTHUR COAL
Australiako Queensland herriko meatze bat, artxiboko irudi batean. MACARTHUR COAL
inaut matauko rada
2026ko urriaren 7a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Australiako Justizia Auzitegi Nagusiak, herrialdeko erakunde judizial gorenak, ontzat jo du komunitate batek jarritako salaketa, eta Mach Energy enpresari ez dio baimenik emango Mount Pleasant meatzea beste 22 urtez ustiatzeko. Enpresak helegitea jarri zuen, 2025ean Hegoaldeko Gales Berriko Apelazio Auzitegiak ere arrazoia eman baitzion komunitateari, eta auzitegiak atzera bota du helegite hori ere, aldeko hiru botorekin eta kontrako birekin. Lehen aldia da Australiako Justizia Auzitegi Nagusiak klima larrialdiarekin lotutako kasu bat ebatzi behar izan duena.

Hegoaldeko Gales Berriko komunitate batek jo zuen auzitara, argudiatuta estatu horretan jada klima larrialdiaren ondorioak pairatzen ari zirela, eta enpresaren hedatze proiektuak klima larrialdia areagotuko zuela. Meatzea ustiatzeko baimena aurtengo abenduan zen iraungitzekoa, eta enpresak 2048ra arte luzatu nahi zuen, baina hori bakarrik ez: ekoizpen ahalmena handitu nahi zuen, urtero 21 milioi tona ekoizteraino.

Baina, zertan oinarritu da epaileen ebazpena? Demostratu dute Hegoaldeko Gales Berriko Planifikaziorako Batzorde Independenteak ez zituela ondo kalkulatu meatzearen isuriak, eta horregatik, klima larrialdia arintzeko neurriak ez zituela ondo aplikatu. Izan ere, ikatz meatze baten inpakturik handiena produktuen kontsumoak sortzen du; hirugarren mailako irismeneko isuri deitzen zaie horiei. Hala, meatze horren isurien %98 irismen horretakoak dira, eta batzorde independenteak gainontzeko %2a hartu zuen soilik kontuan. Izan ere, ikatzaren esportazioa dela eta, isuri gehienak ez dira Australian izaten, atzerrian baizik, baina auzitegiak uste du Australiako mugetatik kanpo sortzen diren isuri horiek ere kontuan hartu behar direla.

406

Meatzea zenbat ikatz ekoiztekoa zen 2026tik 2048ra, milioi tonatan. Mach Energy enpresak Mount Pleasant meatzea ustiatzeko epealdia beste hogei urte luzatu nahi zuen, baita ekoizpen ahalmena handitu ere. Hala, kalkuluen arabera, enpresa guztira 406 milioi tona ekoiztekoa zen luzapen horretan.

«Proiektuaren isurien %2an zentratuta, batzordeak ez zuen aintzat hartu berotegi efektuko gasen isurketak ahalik eta gehien murriztea bermatzeko baldintzarik jartzea», azaldu du James Edelmanek, kasuko epaileak. Lehen eta bigarren mailako irismeneko isuriak lotuta daude enpresen jarduerarekin berarekin: lehen mailako irismeneko isuriak enpresak berak erretzen dituen erregai fosilek isuritakoak dira; esaterako, enpresaren ibilgailuek erabiltzen dutenak. Bigarren mailako irismenekoak, berriz, enpresa batek erabiltzen duen argindarra ekoizteko erre diren erregaiek isuritako gasak dira.

Bada, epaileek ebatzi dute administrazioak kontuan hartu behar dituela atzerrian sortzen diren isuriak ere. Komunitatearen defentsaz arduratu den bulegoko zuzendari Elaine Johnsonek azaldu duenez, auzitegiak baieztatu du Australiako gobernuek kontuan hartu behar dituzte esportatutako ikatzak atzerrian sortzen dituen isuriak, baita horien gaineko erantzukizuna hartu ere.

Australian neurri batzuk ezarriak dituzte karbono asko isurtzen duten enpresek emisioak gutxitu ditzaten, eta ezin badute, karbono merkatuen bidez konpentsa ditzaten. Lehenengo eta bigarren mailako irismeneko isuriak hartzen dira soilik kontuan, eta 100.000 tona karbono dioxido edo gehiago isurtzen duten proiektu edo enpresek urtean %4,9 murriztu behar dituzte isuriak.

Aurrekari garrantzitsua

Wendy Wales zientzialaria kasua auzitara eraman zuen taldeko kideetako bat da, eta, The Guardian egunkariari adierazi dionez, zientzialariek horrenbestetan esan dutena baieztatu du auzitegiak behingoz: «Ezin dugu ikatza erauzi, atzerrian saldu, klima larrialdia nola areagotzen duen ikusi, eta besterik gabe esan horren eraginek ez dutela zerikusirik gurekin eta ez digutela guri ere kalterik sortzen».

Izan ere, auzitegiak argudiatu du esportatutako ikatz horrek karbono isuriak sortzen dituela atzerrian, baina isuri horiek eragina dutela Australian bertan ere; zehazki, azaldu du australiar asko jada jasaten ari direla klima larrialdiaren eraginak. «Lehorteak, baso suteak eta uholdeak zuzenki lotuta daude berotegi efektuko gasak isurtzearekin, eta erregai fosilen proiektu masiboek, Mount Pleasant meatzea handitzea bezalakoek, egoera okertzen dute, argi eta garbi», adierazi du Walesek.

Duela lau urte inguru jarri zuten martxan kasua Walesek, haren senar Tony Lorenganek eta Dams Heg komunitateak. Lehenik, Lur eta Ingurumen Auzitegian jarri zuten salaketa, baina auzitegi horrek enpresari eman zion arrazoia.

Australia munduko ikatz esportatzailerik handienetan bigarrena da, Indonesiaren atzetik, eta komunitateak uste du epaia aurrekari garrantzitsua izango dela herrialdeko beste kasu batzuetarako. Izan ere, bada puntu bat bereziki esanguratsua: Australiako erakunde judizial gorenak onartu izana erregai enpresek kontuan hartu behar dituztela esportatzen dituzten produktuek atzerrian sortzen dituzten isuriak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA