Austriako bozetan eskuin muturrak bakarrik dauzka aurreikuspen onak

Sozialdemokratak eta popularrak gobernua eratzeko prest agertu dira, aurreko koalizioak urte eta erdi iraun arren

Erredakzioa
2008ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hauteskunde aurreratuak izango dituzte gaur Austrian, Legebiltzarra eta Gobernua aukeratzeko. Alderdi sozialdemokratak (SPO) eta popularrak (OVP) osatutako gobernu koalizioak urte eta erdi soilik iraun du, baina bi aldeak berriro elkarrekin gobernatzeko prest agertu dira. Austrian hamarkadetan txandaka agindu duten bi alderdi nagusiek gaur zigor botoa jasoko dutela espero da; eta horri eskuin muturrak aterako dio etekina, inkesta guztien arabera. Heinz-Christian Strachek (FPO) botoen %20 eskura ditzake, eta Jorg Haiderrek (BZO), %8 inguru, aurreko hauteskundeetako emaitzak bikoiztuta.

Werner Faymann Azpiegitura ministroa izango da SPOren hautagaia, Alfred Gusenbauer kantzilerra beharrean. Haren karismari eta politika populistagoari esker, sozialdemokratek eskura daukate garaipena. Baina botoen %29 ematen dizkiote inkestek, duela bi urte baino zazpi puntu gutxiago.

Are beherakada handiagoa iragarri diote OVP alderdi popularrari. Koalizio handia ez da gauza izan osasun sistema, erretretak eta politika fiskal egoki bat antolatu eta bizimoduaren garestitzeari aurre egiteko neurri egokiak onartzeko. Eta, etengabeko tentsioen ondoren, ordura arteko ildoa aldatu eta SPO Europako Batasunaren hitzarmenak onartzeko erreferenduma egitearen alde agertu da. Hala, koalizio gobernua haustea erabaki zuen Wilhelm Molterer kartzilerrordeak.

Horregatik guztiagatik, eta porrot eginagatik ere berriro SPO eta OVP koalizioa osatzeko prest agertu direlako, zigor botoa espero dute bi alderdi tradizionalek. Abstentzio handia iragarri dute inkestek, eta hauteskunde bezperan %30 inguruk dute botoa nori eman erabaki gabe.

Onura, eskuin muturrarentzat

Immigranteen aurkako neurriak beren politikaren ikur bilakatu dituzte FPO Alderdi Liberalak eta BZO Austriaren Etorkizunerako Aliantzak. Strache eta Haider buruzagi ultraeskuindarrek boto uzta handia bilduko dute bi alderdi nagusiekin etsita dauden herritarren artean. Bereziki sozialdemokraten esparrua izan diren langile auzoetan, hau da, krisi ekonomikoaren ondorioak modurik gordinenean pairatu dituzten herritarren artean.

Zigor botoaren onura guztiak alderdi ultraeskuindarrentzat izango dira, beraz. Strachek aho bizarrik gabe esan du immigranteen artean «ardi beltzak» daudela eta Austriatik kanporatu egin behar direla. Egindako azken ekitaldian ere gisa horretako mezuak izan ziren nagusi. Ezkertiarren eta muturreko eskuindarren arteko liskarrak piztu zituen horrek; ondorioz, sei polizia zauritu eta lau lagun atxilotu zituzten. Jorg Haiderren itzalean hazia, Austriako Etorkizunerako Aliantza sortu zuenetik Strachek indarra hartu du Alderdi Liberalean.

Immigranteen eta Europako Batasunaren aurkako muturreko mezuekin batera «kaleko jendearen» aldeko aldarriak nahasten ditu Strachek. Nazismoa ez du inoiz gaitzetsi, eta nahikoa nabarmena da haren joera anbiguoa. SPO eta OVP alderdi nagusiek argi adierazi dute harekin ez dutela gobernatuko. Baina, buruzagi ultraeskuindarraren populismoari aurre egiteko, hark bultzatutako neurrien antzekorik proposatu izan dute sozialdemokratek eta popularrek.

Ultraeskuinaren susperraldiaren ondoan, Alderdi Berdeak aurreko hauteskundeetan lortutako emaitzak (%11) berdintzea du erronka. Horretarako, Alexander Van der Bellen hautagaiaren izen ona dute berme handiena. Eta Heide Schmidtek, LIF Foro Liberalekoak, Parlamentuan eserlekuren bat lortzeko gutxieneko %4 lortzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.