Austrian eta Mediterraneoan herenegun hildakoak ia 200 dira

Austriako kamioian aurkitutako gorpuak 71 dira, hasieran uste baino dezente gehiago.Libiako kosta parean ehun gorpu atera dituzte uretatik, baina beste ehun desagertuta daudela adierazi dute

2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun Mediterraneoan eta Austrian gertatutako tragedien tamaina hasieran pentsatu baina handiagoa dela ikusi da biharamunean. Orotara, ia 200 hildako izan ziren egun horretan soilik. Austrian, autobide bateko bazterbidean utzitako kamioiko gorpuak 71 dira, hasieran esandako hogei eta 50 arteko kopurua baino dezente gehiago. Jada lau pertsona atxilotu dituzte horren harira. Libiako kosten parean, berriz, bi ontzi hondoratu ziren, bata 400 bidaiarirekin, eta bestea 50ekin. Jada ehun gorpu berreskuratu dituzte, eta beste hainbeste daude desagertuta.

Austrian hildakoei dagokienez, Hungariako mugatik oso gertu zegoen kamioia, migratzaileek iparraldera joateko erabiltzen duten ohiko ibilbidean. Austriako Polizia ostegun goizean hasi zen kamioia ikertzen, baina ezin izan zuten barnekoa sakon ikertu gauera arte, kamioi barneko gorpuen egoera oso txarra baitzen; Hans Peter Doskozil tokiko poliziaburuaren arabera, kamioiak 24 ordu baino gehiago zeramatzan utzita bazterbidean, eta Hungaria eta Austria arteko muga zeharkatzerako jada hilda zeuden bidaiariak. Gauean, ordea, kamioia mugitu zuten eta barnekoa ikertzen hasi ziren. Poliziak hasieran emandako datuen arabera, hogei eta 50 bitartean ziren kamioi barnean zeuden hilotzak, baina gero ohartu ziren 71 zirela, 59 gizonezko, zortzi emakume, eta lau haur. Jada ostegunean esan zuten itota hil zirela, nahiz eta oraindik ez dieten egin autopsiarik; dena den, adierazi dute kamioia erabat hermetikoa dela. Bestalde, oraindik ez dute hildakoen jatorria asmatu, baina gorpu batean aurkitutako Siriako nortasun agiri bat oinarri hartuta, Siriako errefuxiatuen talde bat dela uste du Poliziak.

Poliziak kamioiaren gidariak atxilotzeko operazioa jarri zuen martxan, eta atzo lau pertsona atxilotu zituzten Hungarian. Poliziak dioenaren arabera, horietako bat kamioiaren jabea litzateke, eta beste bi, gidariak.

Hungariak eta Europako gainerako gobernuek kritika gogorrak jaso dituzte egoerari emandako erantzunagatik. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, ordea, atzo giza trafikatzaileen sareengan zentratu zituen kritikak. Melissa Fleming bozeramaileak uste du trafikatzaileek giza bizitzarekiko duten begirunea «urria» dela, eta adierazi du «beren kezka bakarra dirua lortzea» dela. «Tragedia honek erakusten du trafikatzaileen krudeltasuna; Mediterraneotik Europako errepideetara hedatu dute beren negozioa», adierazi du.

Hain zuzen, Mediterraneo erdialdean gertatu zen osteguneko ezbehar handiena. Libiako kostako Zuwara hiritik atera ziren bi ontzi hondoratu ziren, bata 50 eta bestea 400 bidaiarirekin. Libiako kostazainek 200 pertsona baino gehiago erreskatatzea lortu dute. Hala ere, ehun gorpu jaso dituzte uretatik, eta beste ehun desagertuta daude. Ontzietan zihoazen errefuxiatu gehienak Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik eta Siriatik zetozen. Libiako kostazainek beren ondoeza adierazi dute, diotenez Italia eta Europatik laguntzarik jasotzen ez duelako. «Kostazainek sentsazioa dute Europa babesteko lan egiten dutela, eta laguntzarik jaso ezean, suminduta sentitzen dira; horrek erreskate operazioetan eragiten du», adierazi du Anwar Abu Deebek, Zuwara hiriko immigrazio arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.