Auzitegi Nazionalak baztertu egin du Jordi Sanchez eta Jordi Cuixartek aske uzteko eskatuz aurkeztu zuten helegitea, eta, horrenbestez, espetxean jarraituko dute. Defentsa abokatuak biak askatzea galdegin du, leporatzen zaizkien delituak gauzatzeko aukerarik ez dagoela argudiatuta —hori baita Lamela epaileak behin-behineko neurri gisa espetxeratzeko izan zuen argudio nagusia—.
Horrez gain, defentsak ziurtatu du irailaren 20ko polizia operazioaren harira Guardia Zibila Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritza miatzen ari zenean Sanchezek eta Cuixartek guardia zibilak eraikinetik atera ahal izateko jardun zutela , eta une oro mobilizazio baketsuetarako deia egin zutela nabarmendu du.
Cuixartek eta Sanchezek beste helegite bat aurkeztua zuten aurretik. Lamela epaileak baztertu zuen hura. Oraingoan, Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salak hartu du Sanchez eta Cuixart espetxean mantentzeko erabakia. Soto del Realeko espetxean daude kartzelaratuta, Madrilen.