Pazko ortodoxoaren bueltako 32 orduko tregoa igarota, Errusiak Ukrainari eraso egiten segitu du, duela lau urtetik ia egunero egin bezala. Eta gaur goizaldean herrialdearen luze-zabalean egindako bonbardaketetan gutxienez hamasei pertsona hil ditu. Datu hori eman dute Kieveko iturri ofizialek, eta, erasoak «nagusiki» zibilen kontrakoak izan direnez, Errusiari gerra krimenak egitea egotzi dio Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibigak. Ukrainak ere bi pertsona hil ditu Errusian.
«Nazioarteari eskatzen diogu berehala neurriak har ditzala», idatzi du X sare sozialean Sibigak. Haren esanetan, «immorala» da Errusiaren kontrako zigorrak edo Ukrainari laguntzeko neurri sortak atzeratzea. EB Europako Batasunak, esaterako, 90.000 milioi euroko mailegu bat dauka prest Kieventzat, baina orain arte ezin izan dio eman, Hungariak blokeoa ezarri diolako. Peter Magyar lehen ministro hautatu berriak esan du herrialdea talde komunitarioarekin bat eginda egotea nahi duela, eta iradoki du Budapestek laguntza horri bide emango diola. Europar Kontseiluko presidente Antonio Costak Errusiaren «eraso basatiak» salatu ditu sare sozialetan.Â
Ukrainak, gainera, Errusiak hasitako inbasioa epaituko duen auzitegi berezi bat sustatu nahi du Europako Kontseiluarekin batera. Europako Batzordeak, duela hiru aste, proposamen bat onartu zuen talde komunitarioa erakunde horren sortzaile bihurtze aldera. Estatu kideen teilatuan dago orain pilota, haiei dagokie-eta Batzordearen planteamendua berrestea. Sibigak abagunea baliatu du estatu kideei hori egin dezatela eskatzeko.
Esan duenez, Errusiak ia 700 drone eta 40 misil baino gehiago jaurti ditu asteazken goizaz geroztik. Iturri ofizialek jakinarazi dute eraso horietan zortzi pertsona hil dituztela Odesan —hegoaldean—, lau Kieven —iparraldean—, hiru Dnipron —erdialdean—, eta bat Zaporizhian —hegoaldean—.
Irangoak, Ukrainari kalte
Kievek ere Errusia jotzen segitzen du. Krasnodar eskualdeko —herrialdearen hegoaldean— iturri militarrek adierazi dute drone batek bi adingabe hil dituela. Joan den asteburuko meniak egun eta erdi iraun zuen, baina bi aldeek hura urratzea egotzi zioten elkarri.
Bien bitartean, lau urte igaro dira Errusiak inbasioa hasi zuenetik, eta, bi aldeek azken hilabeteetan aurrez aurreko zenbait bilera egin dituzten arren —horietan ez dute goi kargudunek parte hartu—, auzia konponbidean jarri ezinik segitzen dute. Iranen AEBek eta Israelek hasitako erasoaldiak, gainera, ez dio mesede egin Ukrainari. Ekialdeko Europarako, Hego Kaukasorako eta Erdialdeko Asiarako Hagako Ikerketa Institutuak (THRI) apirilean kaleratutako txosten batek dioenez, gutxienez hiru modutan egiten dio kalte Iranen aurkako gerrak: batetik, haren aliatuen arreta txikitze da; bestetik, erregaien prezioetan izandako gorakadak Errusiaren diru sarrerak handitu ditu; eta, azkenik, arriskuan jartzen du AEBek ematen dien aireko defentsa sistemen hornikuntza.Â