Hauteskundeak egingo dituzte bihar Herbehereetan, azken lau urteetan hirugarren aldiz

Inkesten arabera, eskuin muturrak lortuko ditu boto gehien, baina zaila izango du koalizioa osatzea eta gobernatzea. Ezkerreko aliantza eta kristau-demokratak ibiliko dira bigarren posturako lehian.

Frans Timmermans (GroenLinks-PvdA), Henri Bontenbal (CDA), Rob Jetten (D66), Geert Wilders (PVV) eta Dilan Yesilgoz (VVD) larunbatean egin zuten debate batean, Hilversumen. REMKO DE WAAL / EFE
Frans Timmermans (GroenLinks-PvdA), Henri Bontenbal (CDA), Rob Jetten (D66), Geert Wilders (PVV) eta Dilan Yesilgoz (VVD) larunbatean egin zuten debate batean, Hilversumen. REMKO DE WAAL / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 28a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herbehereetako herritarrek legebiltzarrerako hauteskundeetan bozkatuko dute bihar, berriro. 2021etik herrialdean egingo dituzten hirugarren hauteskunde orokorrak izango dira. Duela ia bi urte egin ziren azkeneko hauteskundeak, 2023ko azaroaren 22an. Egun horretatik zenbatzen hasita, 223 egun behar izan zituzten alderdiek koalizio bat adostu eta gobernua osatzeko. Baina koalizio gobernuak urtebete eskas iraun zuen. Migrazio politikan alderdiek zituzten desadostasunak tarteko, PVV Askatasunaren Aldeko Alderdia indar ultrak koalizioa utzi zuen aurtengo ekainaren hasieran.

Ezegonkortasun garaia da Herbehereetako politikan, eta herritarren artean konfiantza falta nabaria da. Inkesten arabera, zaila izango da oraingoan ere hautagaien alderdien artean gehiengo egonkorrik osatzea. 27 alderdi aurkeztuko dira hauteskundeetara, eta 150 eserleku daude parlamentuan. Inkestetan aurreikusitakoaren arabera, eserleku gehien lortuko dituen alderdiak 30 inguru lortuko ditu, eta 76 behar dira gehiengoa lortzeko.

Herbehereetako behe ganberaren ezaugarrietako bat aniztasuna izan ohi da, eta azkeneko gobernuan lau alderdiren adostasuna behar izan zen gehiengoa lortzeko. Horiek izan ziren: eskuin muturreko PVV, Geert Wilders buru (37 eserleku); VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia, Mark Rutte buru —2010etik 2024ra arte Herbehereetako lehen ministro izan zen Rutte, eta NATOko idazkari nagusia da orain; Dilan Yesilgoz da geroztik VVDko alderdiburua— (24 eserleku); NSC Kontratu Sozial Berria (19 eserleku), eta BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua (8 eserleku).

Inkesten aurreikuspena

Inkestetako emaitzen arabera, oraingoan ere Wilders eskuin muturreko liderrak lortuko ditu eserleku gehien, 30 eserleku inguru. Hura izan da hauteskunde kanpainetako protagonista nagusia, bereziki sare sozialak baliatuta. Migrazio politikak dira oraindik PVVren agenda politikoaren lehentasuna, eta hauteskundeak irabazita ere, zaila izango du gobernua eratzea, zenbait alderdik uko egin baitiote Wildersekin akordioak lortzen saiatzeari. Gainontzeko alderdi nagusientzat etxebizitza eta osasungintza dira lehentasun politikoak.

Inkestetatik ondorioztatutako lerroburu nagusietako bat zera da, CDA alderdi demokristauak gora egingo duela. Henri Botenbalena izango da beharbada boto gehien jasoko dituen bigarren alderdia —20-22 aulki inguru—; 2023an bost lortu zituen alderdiak. Hala ere, inkesten arabera, ezkerreko aliantza izango da bigarren indar nagusia: GroenLinks–PvdA aliantzak (sozialdemokratak eta ekologistak), Frans Timmermans buru, 25 eserleku inguru lortuko ditu.

Urte luzez nagusi izan arren, VVD alderdiak babesa galdu du Rutte alderditik joan eta eskuin muturrarekin koalizioa eratu zuenetik. Yesilgoz buru duen alderdiak 24 eserleku ditu orain, baina baliteke erdira jaistea. Aurreikuspenak aintzat hartuz gero, D66 (liberal aurrerakoia) eta JA21 (nazional kontserbadorea) ere hamalau eserlekuren bueltan ibiliko dira —2023an bederatzi lortu zituen D66k, eta bakarra JA21 alderdiak—. Gainontzeko alderdiek bost eserlekutik behera lortuko dituzte, inkesten arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.