Duela urte eta erdi egin zituzten legebiltzarrerako hauteskundeak Herbehereetan, eta horiek aldez aurretik egitekoak dira, koalizio gobernuaren krisia dela eta. Geert Wilders Herbehereetako PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiko buruzagiak mehatxu egin zuen atzo lauko gobernu koalizioa utziko zuela, bera buru duen alderdi ultraeskuindarrak proposatutako asilo planaren neurri gehienak onartu eta aplikatu ezean. Hitza bete du Wildersek, eta biharamunean heldu da Hoop, lef en trots (itxaropena, adorea eta harrotasuna) koalizioa zatitzeko erabakia.
PVVko bost ministrok dimisioa aurkeztu dute gaur bertan, eta horrek gobernu guztia «erortzea» eragin du, Dick Schoof Herbehereetako lehen ministroaren hitzetan. Ministroen kontseilua presaz bildu ostean egin ditu adierazpenok, prentsaurreko batean, eta hartan ondorioztatu dute kabineteak ez duela «nahikoa babesik» Ordezkarien Ganberan: «Ez genuen halakorik behar».
Hortaz, jarduneko gobernu gisa arituko da Schoofen kabinetea, hauteskundeak egin eta gobernu berria izendatu arte. Ikusteko dago ea nortzuek beteko dituzten PVVko ministroek utzi dituzten hutsuneak. Gaur bertan joatekoa da Willem-Alexander Herbehereetako erregearengana, gobernuaren dimisioa aurkez diezaion. Erregeak erabaki dezake Ordezkarien Ganbera disolbatzea, eta desegiten denetik aurrera hiru hilabete izango lituzke hauteskundeetara deitzeko —epe hori ezartzen du Herbehereetako Konstituzioak—.
Reuters agentziarekin mintzatu diren adituen arabera, litekeena da urri amaierara arte behintzat ez egitea hauteskundeak; alegia, uda amaitu arte itxarotea.
Asilo plana, bertan behera
Iazko irailean «inoizko asilo erregimenik zorrotzena» iragarri zuen gobernuak. Hain zuzen, joan zen aste hasieran kaleratu zuen Wildersek hamar puntuko plana; besteak beste, honako neurri hauek biltzen ditu: Herbehereetako armadak mugak zaintzea, errefuxiatuentzako kokaguneak ixtea, errefuxiatu siriar guztiak itzularaztea, Herbehereetan dauden errefuxiatuen senideei herrialdean sartzea eragoztea eta EB Europako Batasunaren migrazio arauditik ateratzea.
Presazko bilera egin zuten bart koalizioko lau alderdietako buruek, eta, Wildersen hitzetan, ez zion «tankera ona» hartu; «mugak ixteko» plana «berehala» onartu nahi zuen PVVko buruzagiak. Koalizioko kideek ez zioten uko egin asilo planari, baina hura martxan jartzea Marjolein Faber Asilo eta Migrazio ministroaren eskutan uztea proposatu zuten —Marjolein PVVko kidea izanagatik ere, Wilders ez zen proposamenarekin ados agertu—.
Horiek horrela, 11 hilabete besterik ez du iraun gobernu koalizioak; iazko uztailean heldu ziren agintera PVV, VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia, NSC Kontratu Sozial Berria eta BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua.
Gaur goizean ere bildu dira lau alderdietako liderrak, eta handik gutxira iragarri du Wildersek, sare sozialetan kaleratu duen mezu batean, koaliziotik aterako zela. Caroline van der Plas BBBko burua «oso haserre» atera da bileratik, eta esan du «negoziatzeko tarterik utzi gabe» joan dela Wilders. Haren ustez, «arduragabekeria» izan da PVVko buruaren erabakia, koalizioa gehiengorik gabe utzi duelako Ordezkarien Ganberan. Kontuan hartzekoa da eserleku gehien dituela PVVk: 150etik 37 ditu, eta gobernu koalizioa 51rekin geratu da orain. 76 eserleku behar dira gehiengoa izateko.
Wildersen erabakiak «harrituta» utzi du Dilan Yesilgoez VVD alderdi liberaleko liderra: «Bere egoa eta interesak lehenetsi ditu. Ez zait buruan sartzen. Pikutara botatzen ari da eskuineko gobernu bat izateko aukera», esan die kazetariei, bileratik aterata. «Nola utz dezakezu zeure herrialdia horrelako itolarrian?», erantsi du.
NSC alderdi demokristauko buruak, Nicolien van Vroonhovenek, ezin du «ulertu» PVVk zergatik utzi duen gobernu koalizioa. «Atzo, asilo neurri zabalei buruz hitz egin genuen, eta egin daitezkeen hainbat gauza daude gobernu akordioan. Harrika bota du dena», esan du gaur goizean.
Azken bozak 2023ko azaroan egin zituzten Herbehereetan, eta eskuin muturreko PVV alderdia gailendu zen lehen aldiz —inkestek laugarren indartzat zeukaten—. Ia urte erdiko negoziazioen ostean, Hoop, lef en trots koalizioa osatzea adostu zuten aipatu lau alderdiek, iazko maiatzean, eta hortik gutxira proposatu zuten Dick Shoof lehen ministro izatea —izan ere, koalizioa osatzeko baldintzetako bat zen Wilders ez izatea lehen ministro—.
Oposizioaren erantzuna
Gobernu krisia ikusita, oposizioak hauteskundeetara deitzeko eskatu du. GroenLinks–PvdA (sozialdemokratak eta ekologistak) koalizioaren buru Frans Timmermansek esan du gobernuak ezin duela agintean jarraitu, NOS kateari egindako adierazpenetan: «Alderdi hauekin ezin da gobernu egonkor bat osatu».
Rob Jetten D66 alderdi liberaleko liderrak salatu du gobernuak ez duela «aurrerapauso» handirik eman agintaldi honetan, eta ikustekoa zela koalizioa bertan behera geratzea berandu baino lehen: «Wildersekin lan eginez gero, gauzak ezin dira ondo bidean joan; xantaia egin die koalizioko gainontzeko alderdiei».
CDA kristau-demokraten —hura banatzetik sortu zen NSC— buruak, Henri Botenbalek, nabarmendu du «itopuntuan» zegoela gobernu koalizioa, eta lau alderdiek «politikarekiko konfiantza kaltetu» dutela. SP Alderdi Sozialistako lider Jimmy Dijkek esan du badela garaia hauteskundeak aurreratzeko, «aldaketa politikoa» gerta dadin. Haren arabera, «elkarren artean borrokatzen diren eskuineko alderdiek bahituta» zeuden Herbehereak.