Atzo atera ziren Iraketik herrialdean gelditzen ziren AEB Ameriketako Estatu Batuetako 2.500 soldaduak. 2024an egin zuten akordioa Washingtonek eta Bagdadek AEBek herrialdean zeukaten presentzia militarra amaitzeko, eta atzo gauzatu zen. Ali al-Zaidi Irakeko lehen ministroak ohar bat kaleratu du sare sozialetan, eta adierazi du gaur izango dela Iranen aldeko miliziak armagabetzeko «hasiera serioa».
Izan ere, milizia horiek esan izan dute AEBetako tropak herrialdean egotea «mehatxua» zela bizilagunentzat, eta hori ekiditea zela beren jardunaren helburua. Akordioaren arabera, behin AEBetako tropak alde eginda, milizia horiek euren jarduna eten beharko lukete. Baina AEBetako tropak jada herrialdetik kanpo dauden honetan, milizia horiek ez dute armagabetzeko asmorik. Hala ere, Al-Zaidik adierazi du gaur hasiko dela milizia horien armagabetze prozesua: «2026ko urriaren 1ean, konstituzioan jasota dauden betebeharrak betetzeko ahaleginean, hasiera eman zaio estatuaren kontroletik kanpo dauden armen auziari aurre egiteko prozesuari». Gaineratu duenez, bide orria eginda dago, eta epeak adostuta daude. «2027ko ekainaren 30erako amaituko dugu prozesua. Ez da gehiago luzatuko», nabarmendu du.
Horrekin lotuta, Irakeko lehen ministroak ohartarazi du, konstituzioaren arabera, «gerraren eta bakearen gaineko» erabakiak hartzea «agintari konstituzionalei» dagokiela, eta printzipio horren aurkako «edozein ekintza militar» galarazten duela.
Horregatik, Iranen alde Iraken jarduten duten milizia xiitak ez ezik, Al-Zaidik ziurtatu du Irakeko Gobernuak «gogor» egingo duela lan herrialdean jarduten duten eta Irakekoak ez diren talde armatu guztiak armagabetzeko, «mugak kontrolatzeko eta herritarren segurtasuna eta herrialdearen egonkortasuna bermatzeko helburuarekin». Izan ere, Irango opositoreak ez ezik, Turkiaren aurka jarduten duten talde armatu kurduak ere badaude Iraken.
Bidea, ordea, korapilatsua izango da Irakeko Gobernuarentzat. Iranen aldeko milizien aliantzak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuen uko egiten diola armak entregatzeari eta ezarritako bide orria jarraitzeari. Eta, era berean, salatu zuen AEBen misioa atzo amaitu bazen ere, haien gerra hegazkinek Iraken jarduten jarraitzen dutela oraindik.
Herrialdearen segurtasuna hemendik aurrera Irakeko estatu indarren esku egongo da. Hala jakinarazi zuen atzo Pentagonoak, eta gaur berretsi du Al-Zaidik: «Segurtasuna nazionala izango da erabat». Horren harira, Al-Zaidik jakinarazi du gobernuak «segurtasuna bermatu behar duten instituzioak» babestuko dituela, eta azaldu du «aireko defentsa sistema oso bat» erosiko dutela, «Irakek airean duen subiranotasuna indartzeko».
Horren harira, ohartarazi du hemendik aurrera «etengabeko zaintza» egin beharko dela herrialdean, eta «koordinazio maila areagotu» egin beharko dela Irakeko estatu indarren artean.
IRANGO GUARDIA IRAULTZAILEAK SEI LAGUN HIL DITU, «TERRORISTAK» ZIRELA ARGUDIATUTA
Irango Guardia Iraultzaileak gaur jakinarazi duenez, sei lagun hil ditu sarekada batean, «terroristak» zirela argudiatuta. Irango armadaren esanetan, Teheran hiriburutik gertu atentatu handi bat egiteko asmoa zeukaten. Herrialdeko hedabideek zabaldu dutenez, Irango soldaduek lehergailuak aurkitu dituzte hildakoen etxean. Operazioak martxan jarraitzen duela jakinarazi du Tasnim albiste agentziak: «Helburua zera da; ingurua erabat garbitzea eta elementu terroristei aurre egitea».
Iranek behin baino gehiagotan salatu izan du AEBek eta Israelek istiluak sustatu izan dituztela herrialdeko oposizioko taldeak armaz eta diruz hornituz
.