Bahituen aferari ez ikusiarena egitea egotzi diote Netanyahuri, eta babesa galtzen ari da

Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak salatu du Israelgo lehen ministroa tregoa boikotatzen ari dela bere etorkizun politikoa salbatu nahian. AEBetako Gobernuak Gazaren etorkizunerako plan bat ondu du: gutxienez hamar urtez kudeatuko luke zerrenda.

Israelgo Gobernuak menia onartu dezala exijitzeko protesta bat, herenegun, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
Israelgo Gobernuak menia onartu dezala exijitzeko protesta bat, herenegun, Tel Aviven. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2025eko irailaren 1a
14:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete eskas falta da Israelek Gazaren aurkako sarraskia abiatu zuenetik bi urte betetzeko, eta erasoaldiak bere horretan dirau. Are, ez dirudi Tel Avivek asmorik duenik zerrendari eraso egiteari uzteko, ezta gatibuen trukea barne hartzen duen menia proposamen bat mahai gainean izanda ere; ondorioz, herritarren haserrea areagotzen ari da, eta, batez ere, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroarena. Gaur kaleratutako ohar batean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri egotzi diote tregoa proposamenari ez ikusiarena egitea bere etorkizun politikoaren mesedetan.

Oraingoa ez da foro horrek Netanyahuri akusazio hori egiten dion aurreneko aldia. Halere, lehen ministroa estutzen jarraitzen du, eta gogorarazi du Hamasek «48 gatibu» dituela «oraindik»; are, salatu dute dagoeneko aske egon zitezkeela gobernuak horretarako ahalegina egin izan balu.

Bahituen senideek ez ezik, Israelgo gizarteko beste sektore batzuek ere adierazi dute haserrea; kasurako, ehunka ikasle protestan irten dira gaur. Ikasturteko lehendabiziko eguna den arren, grebara deitu dute, baita manifestazio bat antolatu ere, Tel Aviven. Ibilbidearen bukaeran, antolatzaileetako bat mintzatu da: «Bi urte joan diren honetan, hau jada ez da tragedia bat, errutinaren parte baizik. Eta errutina bihurtzea da gertatu zitekeen gauzarik larriena, errutina indiferentzia da eta». Are, dozenaka ikaslek blokeatu egin dute Israelgo Hezkuntza Ministerioak hiriburuan duen egoitzako sarrera, exijitzeko gobernuak onar dezala gatibuek itzultzeko modua izatea bermatuko lukeen menia bat.

Hain justu, duela hiru aste Hamasek baiezkoa eman zion bitartekariek —AEBek, Egiptok eta Qatarrek— ondutako tregoa proposamenari. Itun horren arabera, hirurogei eguneko menia ezarriko litzateke, Hamasek hamar gatibu askatuko lituzke, eta hildako hemezortzi bahituren gorpuak entregatu. Trukean, Israelek berrehun preso palestinar itzuliko lituzke, eta Israelgo tropak zerrenda iparraldetik eta ekialdetik aterako lirateke, laguntza humanitarioa «masiboki» sartzen uzteaz gain.

Netanyahuk, ordea, esana du menia onartzeko baldintza bat dela Hamasek bahitu guztiak aldi berean askatzea, eta geroz eta agerikoagoa da Israelgo Gobernuak ez duela asmorik erasoaldia eteteko. Israelgo Segurtasun Kabinetea berriro bildu zen atzo, eta, Haaretz egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Gaza hiria okupatzeko operazio militarraren eta Palestinako Estatua aitortu asmo duten herrialdeei eman beharreko erantzunaren inguruan hitz egin zuten. Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek soilik izan zuen hizpide tregoaren afera; hori bai, proposatu zuen bozketa bat egitea hura behin betiko bertan behera uzteko.

AEBen Gazarako plana

AEBek Gazaren etorkizunerako ondutako plana 38 orrialdetan kabitzen da. The Washington Post egunkariak filtratu du dokumentua, eta izena ere badu: GREAT —oso ona esan nahi du ingelesez, bikaina, primerakoa— Gazako Eraldaketarako, Garapen Ekonomikorako eta Berreraikuntzarako Funtsa. Horren arabera, Israelek erasoaldia bukatu ondoren, AEBetako administrazioak kudeatuko luke zerrenda gutxienez hamar urtez. Epe horretan, gazatarrek zerrenda barruko beste eremu batzuetara joan beharko lukete, edo beste herrialde batzuetara, «behin-behinean».

Israelgo agintari batzuek esana dute, behin baino gehiagotan gainera, beren helburuetako bat dela Gazako biztanle guztiak handik kanporatzea, eta AEBetako Gobernuak ere aipatu izan du asmo hori. Horrekin lotuta, The Washington Post egunkariak plazaratutako dokumentuan azaltzen da Gazatik joatea erabakiko lukeen pertsona bakoitzak 4.300 euro inguru jasoko lituzkeela trukean, baita lau urtez beste eremu bateko alokairua ordaintzeko laguntza ekonomikoa ere. Aintzat hartzekoa da GHF Gazako Fundazio Humanitarioa —Israelgo soldaduek eta AEBetako mertzenarioek osatzen dute, eta soilik talde horrek du baimena Gazan laguntza banatzeko— abian jarri zuten israeldar batzuek diseinatu dutela plana, besteak beste.

WASHINGTONEK AGINDU DU PALESTINARREI BISARIK EZ EMATEKO

AEBetako Estatu Departamentuak agindu du «behin-behinean» ez emateko herrialdera sartzeko baimenik Palestinako pasaportea dutenei, The New York Times egunkariak eta CNN hedabideak jakinarazi dutenez. Informazio horren arabera, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok eman du agindua, eta neurriak pasaporte hori duten ikasleei, irakasleei, turistei eta enpresariei eragingo die, baita PAN Palestinako Aginte Nazionaleko kideei ere. Kontrara, nazionalitate bikoitza duten palestinarrek baimena izango dute AEBetan sartzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.