Lurrak kendu nahi badizkiote ere, gogor eusten die Yesica Mendez Alvaradok (Barrancabermeja, Kolonbia, 1986) sorterriko soroei, Erdialdeko Magdalena bailaran, Kolonbian. Orain hogei urte egin zen Cimitarra Ibarreko Nekazarien Elkarteko kide, eta bi hamarkada daramatza giza eskubideen eta lurren aldeko defentsan. Errefuxiatuei Laguntzeko Kataluniako Batzordeari esker, sei hilabeterako joan da Kolonbiatik Bartzelonara, etxeko gatazken berri kontatzera eta aliatuak bilatzera. Euskal Herrira ere etorri zen maiatzean, hainbat hitzaldi ematera.
Talde armatuek lider sozialen kontra egiten dute Kolonbian; nola bizi duzu hori lider sozial zaren heinean?
Giza eskubideen defendatzailea naiz ni, eta hori bizitzako hautu bat da: nik neuk erabaki dut horretan ematea nire bizitza. Gure eskubideen defentsak ezinegona eragiten die lurrak ustiatu nahi dituzten liderrei. Baliabide naturalak ustiatu nahi dituzte, eta lurrak euren intereserako baliabide energetiko bihurtu; guk, noski, kontra egiten diegu, eta orduan gure aurka etortzen dira. Nahiko gogorra da, baina ezin diegu irabazten utzi.
Zergatik da hain estrategikoa Erdialdeko Magdalena ibarra?
Lur emankorrak eta askotarikoak dituelako, batez ere. Ekonomia jasangarriaren aldeko lan anitz egiten da, eta, meatze eta energia aberastasun handiko lurraldea denez, Afrikarako palmondo jarduera ugari egiten dituzte, bioerregaien dinamiketarako hagitz egokia baita lurra. Fauna eta flora ere bereziki aberatsak dira han, eta hori probesten ikasi dute liderrek. Kontua da beti ez dela legezko moduan erabiltzen, eta batzuk kokaina landatzen aritzen direla. Bertze gatazka bat da hori.
Hain lur aberatsak direnez, baina, latifundioa garatu da, ezta?
Bai, eta lurren jabe izateak erran nahi du eskubide eta botere ugari dituzula: bertzeen gainetik zaudela. Latifundioa tristea da gaur egun: 5.000 hektareako lurrak familia bakar baten esku daude. Guk, elkartean, latifundio horren kontra egiten dugu, lurrak bidezko era batean banatu daitezen, eta nekazaritza lanetarako jasangarriak eta erabilgarriak izan daitezen.
Zertan laguntzen dituzue nekazariak?
Modu ekologikoan egin nahi dugu nekazaritza; modu jasangarrian, gure lurrekin, emakumeekin, gazteekin eta bertako langileekin. Eta hori lortzeko aritzen gara lanean, latifundioa eraisteko. Programa bat sortu dugu, egin beharreko urratsak eta lortu beharreko helburuak biltzeko.
«Giza eskubideen defendatzailea naiz ni, eta hori bizitzako hautu bat da: nik neuk erabaki dut horretan ematea nire bizitza»
Eta zein da hurrengo urratsa?
Erakustea hemen jarraituko dugula, ez garela joanen. Lurrak herriari itzuli nahi dizkiogu, baina mantsoa da prozesua. Denbora anitz behar da aldaketa txikiak egiteko, eta zaila da epe laburrean pauso handiak ematea.
Baldintzak hobetzea lortu duzue, dena den.
Bai, hasi ginenetik hona aurrerapauso anitz lortu ditugu. Gure elkartea bertze elkarte txiki anitzek laguntzen dute; nazioarteko hainbat aliatu ditugu, eta horrela lortu dugu, adibidez, kokaina sortzeko erabiltzen zituzten eremuak nekazaritza ekonomiarako bihurtzea, eta gazteen eta emakumeen komunitateak sortzea, eta giza eskubideen aldeko aldarria egitea. Lortu dugu defentsa mekanismoak sortzea, baita protokoloak eta bermeak garatzea ere.
Zein dira aliatu horiek?
IAP [Bakearen Aldeko Nazioarteko Ekintza], adibidez. Hamabost urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta hark erakutsita ikasi dugu nola aldarrikatu gure eskubideak eta nola egin aditu gaitzaten. Nazioartean eskaintzen dute laguntza, eta, gure kasuan, gurekin egoten dira han, gure lurretan, egiten dugun nekazari ekintza bakoitzean. Baldintza duinak eman dizkigute han izan gaitezen.
50 urteko gatazka armatuaren ondotik, bake akordioa sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak 2016an; bakerik, ordea, ez da iritsi oraindik.
Ituna sinatu zutenetik, 1.000 pertsonatik goiti hil dituzte. Mugarri historikoa da itunarena, eta garrantzitsua da gure elkartearentzat. Akordioak gure aldarri asko biltzen ditu; bertzeak bertze, bakeak subjektu politiko gisa aitortzen dituelako nekazariak. Eta ez hori bakarrik, nekazarien erreserba eremua bakea eraikitzearen aldeko lurralde izendatu du; sinbolikoki behintzat. Baina bake hori egia izateko, martxan jarri behar da egitasmoa, eta ez da aski ituna sinatzea. Hori gertatzen denean, eta orduan bakarrik, hasiko gara Kolonbiako bakea lortzeko bidea egiten. Guk, elkartean, jarraitzen dugu irtenbideak proposatzen eta aldaketak eskatzen, eta badirudi entzuten gaituztela behintzat.
«Nekazaritza batzordeetako presidente anitz emakumeak dira gaur egun, eta politikoki presentzia handia dute»
Zuen jardunaren bertze helburu bat: emakumeak eta gazteak babestea.
Gure komunitatearen zati handi eta garrantzitsu bat dira, eta jabetu beharra dago horretaz. Nekazaritza hagitz mundu maskulinoa eta patriarkala izan da historikoki, eta lan handia egin dugu aurreiritzi eta estereotipo horiek denak aldatzen hasteko.
Indarkeria matxistari lotutako protokolo berezirik baduzue?
Bai, ez baikaude bakarrik. Cimitarra Ibaiaren Arroko Emakumeen Koordinatzaile Taldea 50 bat emakume taldek osatzen dute, eta elkarte handi horretan eraiki ditugu protokoloak, prebentzio neurriak eta bertze hainbat kontu. Prozesu pedagogikoak egin ditugu, saio teoriko anitz egin ditugu, eta praktikan ere nola jardun adostu dugu. Aitzinera egin dugu alde horretatik, ikusi bertzerik ez dago: nekazaritza batzordeetako presidente anitz emakumeak dira egun, eta politikoki presentzia handia dute.
Protokoloa aurretik egin beharreko lanarentzat da batez ere; prebentziorako, alegia. Ahalegintzen gara komunikazioa sustatzen, elkarri gauzak kontatzen eta gune seguruak sortzen. Dena den, instituzioek oso laguntza ahula eta eskasa eman digute, eta guk geuk egin behar izan dugu gehiena. Ematen du ez dutela honekin ezer jakin nahi.
Eta gazteei dagokienez?
Erranen nuke hagitz ilusionatuta eta gogotsu daudela nekazaritzan aritzeko. Badakite lurrak defendatzen, ikasten eta entzuten, eta uste dut bereziki indartsu datozela belaunaldi berriak. Saio dezente egiten ari gara haiekin, baina ez alde praktikoari dagozkionak soilik, baita teorikoak ere. Erakutsi behar zaie zer erran nahi duen nekazari izateak, zer den nekazaritza jasangarria, zer agroekologia, eta zer erran nahi duen erreleboa hartzeak. Ardura anitz dira hartu beharrekoak.