Balaztarik gabeko kutsadura

Urtez urte handitzen ari da plastiko ekoizpena munduan, eta erabilera bakarreko plastikoek merkatu kuota handiagoa dute. Adituek ohartarazi dute «larria» dela plastikoaren kutsaduraren arazoa, eta gogorarazi kaltegarriak direla osasunerako.

Hainbat pertsona plastikoa lehortzeko zabaltzen, Dhakan. MONIRUL ALAM / EFE
Hainbat pertsona plastikoa lehortzeko zabaltzen, Dhakan. MONIRUL ALAM / EFE
inaut matauko rada
2025eko abuztuaren 16a
02:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsaezina dirudi egungo bizimoduak plastikorik gabe; are pentsaezinago erabilera bakarreko plastikorik gabe. XX. mendearen erdialdean hasi zen material horren erabilera zabaltzen, petrolio hobien eta teknologia berrien deskubrimenduaren ondorioz batez ere, eta papera, metala, kristala eta bestelako hainbat material ordezkatu ditu ordutik hona, ekoizpen kostu baxuagatik eta ezaugarri fisikoengatik batez ere. Ukaezinak dira plastikoak ekarri dituen hainbat onura: ekoizpen prozesuak merkatu ditu, sektore batzuetan berrikuntza erraztu du, eta, paketatze sektoreko erabilera bakarreko plastikoekin, elikagaien banaketa eta kontserbazioa erraztu da, eta xahuketa saihestu, hein batean.

Kontsumo gizartearen irudia da, eta datuek garbi erakusten dute herrialde garatuenak, industrializatuenak eta Iparralde Globalekoak direla biztanleko plastiko hondakin gehien sortzen dutenak. AEBetako ikerlari talde batek herrialdeen plastiko kutsadura trazatu zuten 2016an, eta haien herrialdea da, alde handiz, material hori zaborretara gehien botatzen duena: batez beste, estatubatuar bakoitzak 130 kilo plastiko baino gehiago botatzen ditu urtean zakarretara, eta guztira Txinak eta Indiak baino plastiko gehiago xahutzen dute AEBek, nahiz eta bi horien biztanleriaren laurdena izan: 2016an, Indiak 26 milioi tona plastiko hondakin baino gehiago sortu zituen, 21,6 milioi Txinak, eta 42 milioi AEBek.

Zifrak

 
130

 

Estatubatuarren urteroko plastiko kontsumoa, kilotan. Alde handiz, AEBetako biztanleria da, bai batez beste eta bai zifra absolutuetan, munduan plastiko gehien kontsumitzen duena. Estatubatuar bakoitzak batez beste 130 kilo plastiko kontsumitzen ditu urtean. Atzetik dituzte britainiarrak, hego korearrak eta alemaniarrak. Zifra absolutuetan, berriz, India eta Txina.

81,2

 

Alemaniarren urteroko plastiko kontsumoa batez beste, kilotan. Alemaniarrak dira Europan plastiko gehien kontsumitzen dutenak; izan ere, biztanle bakoitzak urtean 81,2 kilo plastiko erabiltzen ditu batez beste.

1,5

 

Plastikoek sortutako gaixotasunen inpaktu ekonomikoa, bilioi dolarretan. The Lancet aldizkarian dozenaka ikerlarik argitaratutako ikerketa baten arabera, munduan 1,5 bilioi dolarreko kostua dute urtean plastikoek eragindako gaixotasunen tratamenduek.

Estatubatuarren ostean, Erresuma Batuko biztanleak dira plastiko gehien botatzen dutenak (pertsonako 98,7 kilo urtean), eta atzetik doaz Hego Korea (88,1 kilo) eta Alemania (81,2 kilo). Ekonomiari eta gizarteari onura batzuk ekarri badizkio ere, plastikoen kontsumoaren handitzeak orain konpontzeko zailak diren egiturazko arazoak sortu ditu. Hondakin plastiko gutxi birziklatzen da, eta asko botatzen da naturara; lehengai nagusia erregai fosilak izaki, petrolio ekoizpenaren handitzea dakar; eta sona handiena duen arazoa: plastikoaren kutsadurak kalteak eragiten ditu ingurumenean, faunan, landaredian eta gizakien osasunean.

Arazo larri eta garestia

Jakina da nolako kalteak eragiten dituen plastikoak ingurumenean eta osasunean, baina ez da erraza arazoaren entitateaz jabetzea. Herrialdeak plastiko kutsadura murrizteko nazioarteko itun lotesle bat adosten saiatzen ari diren bitartean, The Lancet osasun aldizkariak ikerketa berri bat argitaratu du, plastikoek gizakien osasunean sortzen dituzten arazoak aletuz. Munduko hainbat txokotako dozenaka ikerlarik hartu dute parte ikerketan, eta ondorioztatu dute plastikoen kutsadurak jada adin guztietako pertsonengan sortzen dituela gaixotasunak, eta kalkulatu dute 1,5 bilioi dolar gastatzen direla material horiek sortutako gaixotasunak sendatzeko tratamenduetan.

Plastikoen bizitza ziklo guztiak egiten dio kalte ingurumenari eta osasunari: hori da ikerlariek atera duten beste ondorio bat. Polimero horiek egiteko, erregai fosilak erauzi behar dira, eta horrek ingurumenari eragiten dio gehienbat. Ekoizteko, petrolioa erre eta manipulatu behar da, berotegi gasak eta partikula kutsagarriak atmosferara isuriz. Erabileran, gizakien osasunean kaltea eragiten dute askok, mikroplastikoak irensten baititugu. Eta, azkenik, hondakinak kudeatzeko moduek ―errausteak, zabortegiratzeak, naturara botatzeak, kalean erretzeak...― urak, basoak eta atmosfera kutsatzen dituzte.

Orokorrean, plastikoa hondakin nahiko egonkorra da, gutxirekin erreakzionatzen duena. Iaz, Galiziako kostaldean, ontzi batetik plastiko pinportak zeramatzan edukiontzi bat erori zen uretara, eta 26 tona plastiko isuri ziren uretan. Orduan, EHUren Plentziako Itsas Estazioko bi zientzialarirekin izan zen BERRIA, eta azaldu zuten plastiko kutsadurarekin dagoen arazo nagusia ekoizpen prozesuan gehitzen dizkieten kimikoekin dagoela. Izan ere, polimeroa bera ez da horren kutsagarria, baina degradatuz doazen heinean, gehitzen dizkioten partikulak askatzen ditu, eta horiek kalte egiten diote naturari eta osasunari. Hormonetan aldaketak eragiten dituzte, eta hainbat gaixotasun sortzen dituzte: minbiziak, esaterako. Gehigarri horiek plastikoei bestelako ezaugarri batzuk emateko botatzen dituzte; esaterako, askori errekuntza atzeratzeko kimikoak gehitzen dizkiete.

Plastikoak, degradatu hala, txikituz eta zatituz joaten dira, mikroplastikoak osatuz, eta horiek errazago zabaltzen dira, eta jasotzeko lana zailtzen dute. Munduko txokorik bakartuenetan ere atzeman dituzte mikroplastikoak: Antartikako leku galduenetan, Alpeetako mendien puntan, Artikoko izotzean... Ia edonon daude bost milimetrotik beherako plastiko zati horiek, eta jan ere egiten ditugu, ez zuzenean bakarrik, arrainean, haragian, barazkietan eta edateko uretan ere mikroplastikoak baitaude. Behin gure gorputzean, kimiko horiek askatzen dituzte, eta osasunari kalte egin.

Ekoizpen handia, kudeaketa txarra

Aipatu moduan, etengabe handitzen ari da urtero plastikoen ekoizpena, eta joerak iraungo duela iragarri dute nazioarteko hainbat erakundek. OCDE Ekonomia Garapen eta Lankidetzarako Erakundeak kalkulatu du 2060rako, neurririk hartzen ez bada, hirukoiztu egingo dela plastiko ekoizpena: 460 milioi tonatik 1.230 milioi tonara.

Erakunde bakoitzak egindako txostenen arabera datu balantza egon arren, denek adierazten dute joera bera: etengabe handitzen ari da plastikoen ekoizpena. 2000. urtetik 2022ra bikoiztu baino gehiago egin da plastiko ekoizpena, 234 milioi tonatik 482 milioi tona baino gehiagora. Deigarria da, halaber, ekoizten den plastikoaren parte gero eta handiago bat baztertzen dela urtez urte: mende hasieran plastikoen %66,7 botatzen ziren, eta 2019an, berriz, %76,7 bihurtu ziren hondakin; erabilera bakarreko plastikoen zabalpenagatik gertatu dela uste du OCDEk, ekonomien garapenak eta biztanleriaren hazkundeak bultzatuta bereziki.

Hondakinak kudeatzeko era ere kezkagarria da, hondakinen %8 inguruk soilik amaitzen baitute berriro plastiko erabilgarri bihurtzeko zikloan. Hau da, birziklatzeko jasotzen den plastikoaren ia erdia hondakin bihurtzen da berriro. Zabortegietan amaitzen dute botatako plastiko gehienek (%46), eta erraustu egiten dira %17,7. %22,2k, baina, arautu gabeko trataera jasotzen dute: gehiena zelaietako hondakindegietan geratzen dira, beste zati handi bat kalean erretzen da, eta gainontzekoa naturara botatzen da, bai basoetara eta bai uretara. Naturara botatzen den plastikoaren %3,5 soilik jasotzen da berriro hondakin gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.