Berriz huts egin dute plastiko merkatua arautzeko nazioarteko itunaren negoziazioek

Ez dute lortu kontrako interesak dituzten blokeak ados jartzea. Herrialde batzuek muga jarri nahi zioten plastiko ekoizpenari.

Hainbat ordezkari eztabaidan, atzo, Genevako NBEren egoitzan. IISD-ENB / KIARA WORTH
Hainbat ordezkari eztabaidan, atzo, Genevako NBEren egoitzan. IISD-ENB / KIARA WORTH
inaut matauko rada
2025eko abuztuaren 15a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusmira handia sortu du azken bi asteetan Nazio Batuen Erakundearen Genevako (Suitza) egoitzan egin den bilkurak. Plastikoen kutsadurari mugak jartzeko nazioarteko araudi lotesle bat adosteko asmoz elkartu dira 184 herrialde, eta lehen egunetan mezu pozgarriak zabaldu zituzten, han zeuden negoziatzaile eta kazetari askok esaten baitzuten oraingoan baietz, ados jarriko zirela eta itunak aurrera egingo zuela. Baina ez da hala izan, eta esku hutsik itzuli dira etxera.

Atzo ziren amaitzekoak hizketaldiak, eta goizeko ordu txikietara arte luzatu dira, baina ez dute ezertarako balio izan. Herenegun okertu zen auzia, Luis Vayas negoziazioak zuzentzen dituen organoaren presidenteak beste proposamen bat egin zuenean. Bi bloke nagusiei ez zitzaien gustatu. Talde bat mesfidati da itun horren inguruan, petrolio eta plastiko ekoizle handiak baitira; Saudi Arabiak gidatzen du talde hori, eta Errusia eta AEBak daude tartean, besteak beste. Beste aldean, Plastikoen Kutsadura Amaitzeko Koalizio Anbiziotsua taldea dago, 70 herrialdek baino gehiagok osatua eta Ruandak eta Norvegiak gidatua; talde horrek ezinbestekotzat jotzen du plastikoaren ekoizpena nolabait mugatzea. Araudi proposameneko 6. artikulua izan da arantzatsuena, eta atzo arratsaldean Vayasek aurkeztu zuen azken akordio zirriborroak ez zuen plastiko ekoizpenari buruzko aipamenik.

Hainbat negoziatzaile atsekabetuta agertu dira porrotaren ostean. Europako Batasunaren ordezkaria izan da Danimarkako Ingurumen ministroa, Magnus Heunick, eta hark deitoratu egin du herrialde batzuek akordioa «blokeatu» izana; Panamako ordezkari Juan Carlos Monterreyk, berriz, nabarmendu du proposatutako zirriborro hori «errendizio» bat zela.

2022an sortu zen itun hori adosteko iniziatiba, eta hasierako helburua 2024an sinatzea zen. Horregatik, iaz Busanen (Hego Korea) elkartu ziren, bosgarrena eta azkena izan behar zuen bilera egiteko; baina han ere ez ziren ados jarri. Hartara, 5.2 bilera antolatu zuten aurtengorako, Genevan, eta horrek ere azkena behar zuen izan. Baina ez da hala izan. 

Lobbyen presioa

CIEL Nazioarteko Ingurumen Zuzenbiderako Zentroak petrolio eta plastiko industrietako ordezkarien presentzia neurtu du Genevako bilkuran, eta iaztik areagotu egin dela nabarmendu du. Busanen iaz egindako bilkuran 221 ordezkari egon ziren, eta oraingoan, berriz, 234 zenbatu dituzte. Europako Batasuneko herrialdeek batera bidali dituzten ordezkarien kopurua baino gehiago da hori, 27 herrialdeek guztira 233 negoziatzaile bidali baitituzte.

Zientzialarien eta indigenen taldeak ere alde handiz gainditu dituzte lobbyek: Plastikoen Itun Eraginkor Baten Aldeko Zientzialarien Koalizioak 60 ordezkari izan ditu, eta Plastikoei Buruzko Indigenen Nazioarteko Foroak, berriz, 36. Hala ere, kalkulatu baino lobbista gehiago egongo direla nabarmendu du CIELek, azaldu baitu horietako asko herrialdeen negoziazio taldeetan integratuta daudela.

Lobbista horiek, plastikoen ekoizpenari mugak jarriko dizkion artikulurik nahi ez duten herrialdeek bezala, birziklapenean eta plastikoaren zirkularitatean jarri nahi dute arreta. Plastikoaren ekoizpena are gehiago handituko dela espero da, eta ez diote balaztarik jarri nahi hazkunde horri, petrolio ekoizle eta esportatzaile handiak baitira asko. Energia trantsizioarekin, petrolio ekoizpenak urte batzuk barru goia jotzea espero da, eta horrek herrialde horien esportazioak murriztuko lituzke; galera hori plastikoen ekoizpenarekin konpentsatu nahi dute askok. Kalkulatzen da kontsumitzen den petrolioaren %11 plastikoak ekoizteko erabiltzen dela.

Munduko 30 petrolio enpresa handik Hondakin Plastikoak Amaitzeko Aliantza sortu zuten 2019an, eta, Greenpeacek zuzendutako ikerketa baten arabera, 119.000 tona plastiko garbitu zituen aliantza horrek bost urtean, baina mila bider gehiago ekoitzi zituen: 132 milioi tona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.