Bangladeshko bozek egonkortasuna dute xede

Herrialdeko ikasleen altxamenduak amaiera eman zion Hasina lehen ministro ohiaren hamabost urteko agintaldiari. Haren alderdi Awami Ligak ezingo du bozetan parte hartu, zigortuta baitago. Nazionalistak eta islamistak dira irabazteko hautagaiak, gaur.

Tarique Rahman, asteon, Dhakan egindako mitin batean. MONIRUL ALAM / EFE
Tarique Rahman, asteon, Dhakan egindako mitin batean. MONIRUL ALAM / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 12a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herrialdeak zer norabide hartuko duen erabakiko dute Bangladeshen. Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur, bi urtean bigarren aldiz. Ezegonkortasuna izan da nagusi kalean azken hilabeteetan, milaka gazte gobernuaren aurka altxatu zirenetik. Gauzak horrela, azken hamabost urteetako hegemonia amaituko dute bozek. Izan ere, Xheikh Hasina lehen ministro ohia erbestean dago, eta haren alderdi AL Awami Liga, zigortuta. BNP Bangladeshko Alderdi Nazionalistaren eta Jamaat-e-Islami Alderdi Islamistaren arteko lehia espero da, inkestek BNPri abantaila txiki bat ematen dioten arren.

Mugimendu ugari izan dira azken hilabeteetan Bangladeshen. 2024ko urtarrilean AL alderdiak irabazi zituen hauteskundeak. Kontuan hartu beharra dago BNPk —oposizioko alderdi nagusia da, herrialdean tradizio luzeena daukan alderdietako bat— ez zuela parte hartu. Azken urteetan BNPko hainbat lider espetxeratu dituzte —alderdi horrek 2023ko abenduan salatu zuenez, urte bereko urriaz geroztik 24.000 kide inguru espetxeratu zituzten, eta horietako hamar kartzelan hil ziren—, eta, 2014an egin bezala, 2024an ere hauteskundeak boikotatu zituzten, bozak «askeak eta bidezkoak» ez zirela arrazoituta. Besteak beste, Hasinaren gobernuari leporatu zioten entzungor egin izana hauteskundeak gainbegiratzeko barne batzorde bat sortzeko eskaerari.

Azken hauteskunde horietatik gaur arteko bidea gorabeheratsua izan da. 2024ko udan ikasleek manifestazio jendetsuak egin zituzten gobernuaren aurka. Sektore publikoko lanpostuen %30 1971ko Independentzia Gerran borrokatutakoen ondorengoentzat gordetzea erabaki zuen Hasinaren gobernuak, eta horren harira abiatu zituzten protestak ikasleek, herrialdeak bizi duen krisia eta ustelkeria salatzeaz gain. Hasinaren gobernuak errepresioa erabilita erantzun zuen, eta 1.400 pertsona inguru hil ziren istiluetan. Azkenerako, Hasinak herrialdetik ihes egin behar izan zuen. Lehen ministro kargua utzi, eta erbestera joan zen, Indiara. Handik urtebetera, gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatu zion herrialdeko Krimenen Nazioarteko Auzitegiak, eta heriotza zigorra ezarri.

Ordutik, jarduneko gobernu batek agindu du herrialdean, 2006an Bakearen Nobel sariduna izandako Muhammad Yunus buru duela. Ikasleen altxamenduaz geroztik trantsizio garaian murgilduta dago Bangladesh, eta «erreforma instituzionalak, giza eskubideak eta hauteskunde berrien prestakuntza» izan ditu ardatz.

Hauteskundeei dagokienez, Hasina lehen ministro ohiaren alderdiak ez du parte hartuko. Mohammed Yunusen behin-behineko gobernuak AL alderdiaren «jarduera politiko guztiak» debekatu zituen iragan maiatzean, Hasina agintari ohiak herritarren aurka abiatutako errepresioagatik.

Hargatik, BNPk irabaziko duela diote inkestek —azken asteetan tartea geroz eta txikiagoa izango dela diote—. Herrialdeko bi alderdirik handienak dira BNP eta AL, eta azken 30 urteetan txandakatu egin dira agintean. BNPren hautagaia Tarique Rahman da. 2008an utzi zuen Bangladesh, hainbat prozesu judizialetan zigortu zutelako; besteak beste, biziarteko kartzela zigorra ezarrita. Ihes egin zuenetik erbestean egon da, Londresen, baina berak zuzendu du alderdia azken urteetan. Yunus agintera iritsi ondoren, ordea, auzitegiek absolbitu egin dute kargu guztietatik, eta Bangladeshera itzuli da lehen ministro izateko.

Rahmanek lotura estua du politikarekin eta BNP alderdiarekin. Izan ere, 1991tik 1996ra eta 2001etik 2006ra lehen ministro izandako Khaleda Ziaren semea da. Zia BNP alderdiaren burua izan zen urte luzez, eta Hasinaren oposizioan egon den ahots ezagunenetako bat da harena. Orain, semearen agindupean, alderdiak helburu gisa jarri du instituzioak «berreraikitzea», baita demokrazia «berrezartzea eta defendatzea» ere.

BNPrekin batera, beste 50 alderdik hartuko dute parte hauteskundeetan. Jamaat-e-Islami alderdi islamista da BNPrekin lehian egoteko hautagai nagusia. Xafiqur Rahman dute buru, erlijioaren printzipioetan oinarritzen dira haien politikak, eta aliantza osatu dute NCP Herritarren Alderdi Nazionalarekin eta beste alderdi islamiko batzuekin. Zera dute xede: historikoki izan duten baino jarrera moderatuagoa erakustea, herritar gazteenengana iristeko asmoz. «Jamaat aukeratzen badute, zerbitzariak izango gara, eta ez ugazabak. Ez da estortsiorik edo ustelkeria kasurik egongo, eta gazteriari haiekin gaudela esan nahi diot», esan zuen Rahmanek uztailean egindako agerraldi jendetsu batean, Dhakan.

Gazteek zeresan handia izango dute hauteskundeetan. Izan ere, bozkatzeko eskubidea duten herritarren %44k 18 eta 37 urte artean dituzte. Gutxi gorabehera 56 milioi pertsona inguru dira, eta horietatik bost milioik lehen aldiz bozkatuko dute. Guztira 170 milioi pertsonatik gora bizi dira Bangladeshen, eta munduan biztanle gehien dituzten herrialdeen artean zortzigarrena da.

Parlamenturako hauteskundeekin batera, beste bozketa batean ere parte hartu ahal izango dute herritarrek. Izan ere, beste boto paper bat izango dute, Ohar nazionala deritzon Konstituzioaren inguruko erreferendum batean parte hartzeko. 1971n idatzi zuten Konstituzioa, Bangladeshek independentzia lortu eta Pakistandik bereizi zenean, eta, orain, hura berridatzi behar den edo ez erabakiko dute. Azken urteetako matxinadetan parte hartu duten gazteek bultzatu dute erreferenduma, eta estatua «berrabiaraztea» dute xede. Haien esanetan, egitura autokratikoak desegin nahi dituzte eta, modu horretan, berriro «diktadurarik» egongo ez dela bermatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.