Barcenasen disko gogorreko datuak ezabatu ditu PPk

Alderdiak azaldu du ordenagailua beste langile batek erabili behar zuelako ezabatu zutela informazioa

2013ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Pablo Ruz epaileak Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren bi ordenagailu bere esku uzteko eskatu zion Espainiako Gobernuko alderdiari, baina aurkeztu dizkioten ordenagailuetako batek disko gogorreko datuak ezabatuta dauzka. Luis Barcenasek PPren aurkako salaketa egin zuen, Genovako egoitzako bere bulegoan zituen ordenagailuak itzuli ez zizkiolako. Ruz epailearen aurreko azken deklarazioan esan zuen ordenagailu horietan berak egindako akusazio guztiak frogatzeko «oso informazio garrantzitsua» zeukala gordeta. Gertakizunak hautsak harrotu ditu Espainian, oposizioko alderdiek Gurtelauziko frogak deuseztatzea leporatu baitiote PPri. Gobernuko alderdiak erantzun du, ordea, «ohiko protokoloari» jarraitu diola, ordenagailua beste langile batek erabili behar zuelako.

PPk idatzi batean adierazi du Luis Barcenasek alderdia utzi zuenean haren ordenagailua formateatu zutela, eta, beraz, bertako informazio guztia ezabatu zutela beste langile batek erabil zezan ordenagailu hori. PPk dio, gainera, 2012ko urrian Barcenasek ordenagailu bateko disko gogorra ordezkatu zuela. Alderdiko diruzain ohiak erantzun du disko gogor hori «mantsoa zelako» aldatu zuela, eta informazio hori haren ordez jarri zuen disko gogorrera pasatu zuela gero. Gaineratu du beste disko gogor bat, hirugarrena, dagoela PPren eskuetan, eta bertan dagoela kasuan «argitu beharrekoa». Espainian oihartzun handia eduki du gertakariak, eta oposizioak berehala eskatu dizkio kontuak PPri. «Hau da PPren gardentasuna», esan du Oscar Lopezek, PSOEko antolakuntza idazkariak. «Parlamentuko agerraldiak saihestu, inplikatutakoen isiltasuna erosi eta disko gogorrak suntsitu». Ricardo Sixto IUko komunikazio arduradunak azalpenak eskatu dizkio Mariano Rajoy presidenteari. Esan dio «erantzukizun politikoa hartzeko garaia» dela.

Gainsoldatak

PPko diruzaina izandakoak epaileari aitortu zion alderdiko goi kargudunei gainsoldatak ordaindu dizkiela hogei urtez. Gainsoldata horiek, besteak beste, Ogasunari eta Kontu Auzitegiari deklaratu gabeko zortzi milioi euroetatik irten zirela adierazi zuen. Zortzi milioi euroak eraikuntza enpresek alderdiari dohaintzetan eman zizkiotela esan zuen: «1990etik gaur arteko alderdiko buru guztiak bazekiten alderdiak jasotzen zuen B kontabilitatearen inguruko guztia».

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak 2009an ikusi zituen Barcenas Gurtelauzian inputatzeko «behar besteko zantzuak». PPko diruzaina zen orduan, eta 2010ean eman zuen dimisioa. Urte honen hasieran, berriz, Espainiako hedabideek ustez Barcenasek idatzitako agiriak argitaratu zituzten, eta horietan PPko goi kargudunei 1990-2009 artean egindako ordainketak ageri ziren, deklaratu gabekoak. Agertu ziren izenen artean zeuden, besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Jose Maria Aznar presidente ohia. Rajoyk berak joan den otsailean agerraldi bat egin zuen, legez kanpo soldatarik jaso izana ukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.