RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarreko presidenteak, Jordan Bardellak, berriz ere ukatu du gaztetan mezu antisemitak idatzi izana, eta haren kontrako «pertsekuzio kanpaina» salatu. Ez da lehen aldia halakorik egozten diotena: Frantziako hainbat egunkarik duela bi hilabete eman zuten horren berri, eta gaur, Le Monde egunkariak eta Mediapart atariak argitara eman dituzte Bardellak ikaskide bati Messenger sare sozialaren bidez idatzitako mezu are gehiago.
Horietan, RNko presidenteak esan zion «sionistek bankuak kontrolatu» nahi dituztela, eta «frantziarren interesen gainetik Israelen eta banku sektorearen interesak jartzen dituztenentzat» direla herrialdeko «ministeriorik garrantzitsuenak». Bere burua «antisionistatzat» zuen: «Frantziako nagusitasun sionistaren kontra, baita Israelen barne eta kanpo politiken kontra ere». Halaber, sionismoa zer zen ere definitu zuen mezu horietan: «Judutar herriaren goraldia, hura Israelen hedatzea, eta arabiar herriaren kontrako gorrotoa».
Bardellak ohar bat kaleratu du, eta izenik aipatu gabe, «hainbat hedabideri» leporatu die «lagunekin, irakasleekin eta familiarekin» hitz egitea eta gaztetan egindakoak ikertzea: «Informatzeko eskubidea berebizikoa da gure demokraziarentzat, baina hori darabiltenak ez daude arau deontologikoak eta egiarekiko exijentziak errespetatzetik salbuetsita».
Mediapart-ek irailaren amaieran eman zuen 2013an Messenger bidez izandako elkarrizketa horien berri, eta zenbait mezu kaleratu zituen —Bardellak 17 edo 18 urte zituen—. «Banku guztiak judutarren esku daude», zioen mezu horietako batek. Atariaren arabera, Bardellaren mezuak jaso zituenak elkarrizketa osoa kaleratzea erabaki du orain, argudiatuta lider ultraeskuindarrak ezin diola «gezurrik esan Frantzia osoari».
RNko presidentearen abokatuak, Pascal-Pierre Garbarinik, Le Monde-ri adierazi dio Bardellak «kategorikoki» ukatu duela mezu horiek idatzi izana, eta hura «kaltetzeko borondate onartezina» dagoela auzi horren guztiaren atzean. Jakinarazi du dagoeneko bi salaketa aurkeztu dituztela Mediapart atariaren kontra, bat difamazioagatik, eta bestea faltsutzeagatik eta faltsututako dokumentuak erabiltzeagatik. «Ez dauka antisemitismo ontza bat bera ere», esan du gaur RNko bozeramaile Laurent Jacobellik alderdiko buruari buruz CNews kate ultraeskuinean.
Datorren apirilaren 18an egingo dituzte presidentetzarako bozak Frantzian, eta RNren presidentegai Marine Le Pen da irabazteko faborito; inkesten arabera, botoen herena inguru jasoko luke.