Kataluniako Diada

Batasuna aldarrikatu dute, epaiari erantzun eta prozesua indartzeko

Diadako mobilizazio nagusiak Bartzelona erdiguneko kaleak bete ditu beste behin. Ehunka mila pertsona bildu dira Kataluniako prozesu independentistaren alde. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 600.000 lagun elkartu dira, azken urteetan baino gutxiago.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko irailaren 11
06:53
Entzun

Garai zaila bizi du Kataluniako prozesu independentistak. Datozen asteetan espero da Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eta eragile independentistek ez dute zalantzarik Espainiako Justiziak auzipetutako buruzagi independentistak zigortuko dituela. Horiek horrela, epaiari erantzuteko beharra nabarmentzen dute eragile guztiek, baina oraindik ez dute adostasunik lortu egoerari era bateratuan aurre egiteko. Azken aste eta hilabeteetan agerikoak izan dira eragileen arteko desadostasunak gai estrategikoetan. Independentismoa egoera iraultzeko ahaleginean ari da, ordea, eta gaurko Diada inflexio puntu bihurtu nahi du, batasuna berreskuratu eta adostasun estrategikoa lortzeko, Gorenaren epaiari irmo erantzute aldera eta, bide batez, prozesu subiranista biziberritzeko, bi urteko noraezaren ostean.

Mezua argia izan da mobilizazioaren deitzaileen aldetik. ANCk, Omnium Culturalek eta AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteak ezinbestekotzat dute eragile independentisten arteko batasuna, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma oinarri hartuta, prozesu subiranista garatzen jarraitzeko. Erreferenduma posible egin zuen batasun hura berreskuratzera deitu du Elisenda Paluzie ANCko presidenteak ekitaldi nagusian. "Soilik batasun horrekin lortuko dugu hasi duguna amaitzea".

Paluziek eskertu egin du herritarren jarrera. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 600.000 manifestari elkartu dira gaurko mobilizazioan, eta, iturri horren arabera, aurreko urteetako Diadetan baina jende gutxiago bildu den arren —milioi bat manifestari zenbatu zituen 2017an eta 2018an—, independentismoak berriro ere Kataluniako hiriburuko erdigunea bete du. "Uzkurdura eta zatiketa gainditu ditugu. Badakigu manifestazioen indarrarekin agenda politikoa baldintzatu dugula", nabarmendu du Paluziek.

Marcel Mauri Omniumeko lehendakariordeak adierazi du gizarteak irmo defendatuko dituela eskubide eta askatasun demokratikoak, Espainiako Estatuaren jarrera edozein dela ere. "Inork ez dezala zalantzarik izan: berriro egingo dugu. Legea injustizia denean, desobedientzia zibila eskubide bat da".

Ekitaldiarekin bat egin dute independentismoaren eragile nagusiek. Kataluniako Gobernuko, JxCko, PDeCATeko, ERCko eta CUPeko ordezkariak izan dira manifestarien artean. Quim Torra Kataluniako presidenteak mobilizazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, "gaur hasi gara [Espainiako Auzitegi Gorenaren] sententziari erantzuten". Presidenteak gaineratu du, gaurtik aurrera, independentzia "ekintza politikoaren erdigunean" kokatuko dela.

Mobilizazioaren aurretik, ERCk ekitaldi politikoa egin du, eta Kataluniako presidenteorde Pere Aragonesek hitza hartu du ekitaldi horretan. Ziurtatu du ERCk ez diola uko egin independentzia lortzeari. Espainiako Gobernuari mintzatu zaio: "Ikas dezatela, ez ginen etorri ez uko egitera ezta eustera ere. Etorri gara irabaztera, irabaztera eta irabaztera".

Euskal Herriko indar abertzaleek ere bat egin dute Diadarekin eta elkartasuna adierazi diote Kataluniako prozesu independentistari. EH Bilduk eta EAJk konfiantza agertu dute eragile independentistek batasuna berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginean.

Bestalde, Gure Esku dinamika Torrarekin bildu da goizean. Gure Eskuk adierazi dio eskubide indibidual eta kolektiboen "defentsa aktiborako" konpromisoa, eta prest agertu da Euskal Herrian "erantzun zabal bat" egituratzeko Gorenaren epaiak auzipetutako buruzagi independentistak zigortzen baditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.