Irlandako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Gerry Adams Sinn Feineko buru ohiari (1983-2018), eta BBC Erresuma Batuko hedabideak 100.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio, difamazioagatik.
2016an, BBCk ekoitzitako dokumental batean, Adamsi egotzi zioten bere alderdikide Denis Donaldsonen hilketaren erantzulea izatea. 2006an hil zuten Donaldson, tiroz, Donegalen (Irlanda), MI5 Erresuma Batuko zerbitzu sekretuentzako lana egin zuela aitortu ostean. Spotlight dokumentalean, iturri anonimo batek ziurtatu zuen Adamsek —orduan Sinn Feineko burua zenak— oniritzia eman ziola Donaldson hiltzeari, berak izan zuela «azken hitza».
Epaiketak lau aste iraun du. Adamsen abokatuek BBCri leporatu diote «kazetaritza arduragabea» egitea eta Sinn Feineko buru ohiari «arrazoirik gabe» kalte eragitea. Hedabideak, berriz, argudiatu du «salaketa» moduan aurkeztu zituztela iturri anonimoak esandakoak, eta ez «egitate» gisa. Eta gaineratu du beste bost iturrik baieztatu zutela informazio hori.
Epaileak arrazoia eman dio Sinn Feineko buru ohiari, eta ebatzi du BBCk ez zuela «fede onez» jardun, ezta «modu arduratsuan» ere.