Begoña Gomezek epailearen aurrean agertu beharko du gaur

Ustelkeriagatik haren kontrako auzibidea ireki ahal izateko azken urratsa da. Pedro Sanchezen gobernuarentzat oso gogorra izan daitekeen aste baten lehen atala da gaurkoa.

Begoña Gomez eta Pedro Sanchez, joan den astean, Leon XIV.a aita santuak Bartzelonan emandako meza batean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Begoña Gomez eta Pedro Sanchez, joan den astean, Leon XIV.a aita santuak Bartzelonan emandako meza batean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 15a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSOEri eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inguruari egozten dizkieten ustezko ustelkeria kasuak ikertzen hasi zirenetik, ataka estuan egon da Espainiako Gobernua, eta badirudi aste hau ere gogorra izango zaiola, epaitegietako agerraldiak eta instituzioetan eman beharreko azalpenak kateatuko baitira bata bestearen atzetik. Lehen atala gaur bertan izango da: arratsaldean, Sanchezen emazte Begoña Gomezek Juan Carlos Peinado epailearen aurrean agertu beharko du, ikerketaren instrukzio fasea amaitzeko.

Gomezekin batera, haren aholkulari Cristina Alvarezek eta Juan Carlos Barrabes enpresaburuak agertu beharko dute epailearen aurrean. Ustelkeria, diru publikoa gaizki erabiltzea, influentzia trafikoa eta bidegabeko jabetzea leporatzen dizkiete. Epaileak ohartarazi du hirurek ezinbestez agertu behar dutela epaitegian, eta euren borondatez hala egingo ez balute «indarrez» eramateko aukera legokeela.

Instrukzio fasearen azken urratsa da gaurkoa. Hori amaituta, auzia Madrilgo Auzitegi Probintzialaren esku geratuko da, eta hark erabaki dezake epaiketa abiatzea.

Zapateroren deklarazioa

Bihar, Gomezen auziaren oihartzun mediatikoa oraindik amatatu gabe egongo delarik, Espainiako Senatuaren Barne Auzietako Batzordeak bilera izango du, eta han agerraldia egingo du Guardia Zibilaren zuzendari nagusi Mercedes Gonzalezek, PPk eskatuta. Gonzalezek azalpenak eman beharko ditu Leire Diez PSOEko kide ohiarekin ustez izan zituen bileren inguruan.

Baina Espainiako Gobernuaren aste honetako nekealdiaren gailurra asteazkenean iritsiko da. Orduan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu izandakoak epailearen aurrean deklaratu beharko du, egozten dizkioten ustelkeria kasuen inguruan. Ordu berean, kontrol saioa egongo da Kongresuan, eta han Sanchezek erantzun beharko die oposizioak horretaz eta gainerako auziez egingo dizkion galderei.

Zapateroren deklarazioak ostegunean jarraituko du, eta ostiralean berriro bilduko da Senatuaren Barne Auzietako Batzordea. Espainiako fiskal nagusi Teresa Peramatoren txanda izango da orduan; azalpenak eman beharko ditu Leiren Diezen ibileren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE