Emandako hitza hautsi eta aurrekontuak dekretuz onartuko zituela jakinarazi zuenetik, Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak sei zentsura mozio gainditu ditu azken bi asteetan Asanblea Nazionalean; azkeneko biak, gaur. Baina LFI Frantzia Intsumisoak eta RN Batasun Nazionalak ezin izan dute gobernuburua erorarazi, eta, orduan, arautegia eta egutegia eskuan, gaur behin betiko onartu dituzte aurrekontuak. Lecornu kargugabetzeko 289 boto behar ziren, eta 260 bildu ditu ezkerraren zentsura mozioak, eta 135 eskuin muturrekoenak.
Testua bihar da Konstituzio Kontseilura igarotzekoa, eta, ondo bidean, asteon promulgatuko dute. Hortaz, bigarren urtez jarraian, dekretuz onartutako aurrekontuak edukiko ditu Frantziak. Horrek erakusten du, berriro, lehen ministroak —Emmanuel Macron presidentearen alderdikoa da— ez duela gehiengo osoa eraikitzeko adinako babesik behe ganberan.
Neurri handi batean PS Frantziako Alderdi Sozialistari esker jarraitzen du Lecornuk Matignonen. Izan ere, PSkoek ez dituzte LFIkoek aurkeztutako zentsura mozioak babestu; hau da, ez diote lehen ministroari erortzen utzi, iazko irailean François Bayrourekin eta 2024ko abenduan Michel Barnierrekin egin bezala. PSkoek hala jokatu dute, nahiz eta urrian baldintza bat jarri zioten Lecornuri, haren kontra ez egiteko: ez zezala konstituzioaren 49.3 artikulua erabili. Artikulu horrek ahalbidetzen du, hain zuzen, legeak dekretuz onartzea gobernuak ganberan gehiengorik ez duenean. Lecornuk hirutan erabili du.
Hitza jan du, azkeneko lau hilabeteetan ez delako aurrekontuen inguruan adostasuna lortzeko gai izan. PSk ez ditu, ez, aurrekontu horiek babesten, baina Lecornuk kontzesio batzuk egin dizkio, erortzen ez uztearen truke. Esaterako, diru sarrera apaleko langileentzako kontratazio saria handitzea, eta aktiboak dituzten enpresei zerga bat ezartzea, zenbaiti leporatu baitiete halako konpainiak erabili izana zergak ez ordaintzeko. Aintzat hartu behar da, bide batez, PSkoak erakartzeko beste neurri bat hauspotu zuela Lecornuk berak, urrian: erretreten erreforma behin-behinean baliogabetzea, 2027ra arte. Eta Asanblea Nazionalak erabaki hori hartu zuen abenduan.Â
Ikusi gehiago
Gainontzean, 2026rako %5eko defizit publikoa aurreikusi dute aurrekontuetan. Muga hori ezarri du Frantziako Bankuak; izan ere, %5ekoa izan zen iaz, eta EB Europako Batasunak zera eskatzen die klubeko kideei: norberaren barne produktu gordinaren %3tik beherakoa izatea defizita. Gainera, zor publiko handia du Frantziak: 3,4 bilioi eurokoa zen iaz, urtearen amaieran; hau da, barne produktu gordinaren %117koa. Konparazio batera, 2006an 1,2 bilioikoa zen, eta duela hamar urte, 2,2koa.
Hauteskundeen atarian
Horiek horrela, murrizketak egin beharko dituzte; gobernuaren arabera, 9.000 milioi ingurukoak izango dira, eta sail guztiei eragingo diete, defentsakoari, hezkuntzakoari, justiziakoari, trantsizio ekologikokoari eta barne sailari ez beste. Lecornuk nabarmendu izan du, ordea, herritarrek ez dituztela zerga handiagoak ordaindu beharko.
Aurrekontuak promulgatuko dituzte, noiz eta hilabete pasa falta denean herriko bozak egiteko: martxoaren 15ean eta 22an izango dira. Gainera, hurrengo urteko udaberrian dira presidentetzarako bozak egitekoak.