Beirut, Tel Aviv eta Hezbollahren abisuak gorabehera, desplazatuak Libano hegoaldera itzultzen hasi dira

Libanoren lehentasuna da Israelen tropak hegoaldetik erretiratzea, baina Tel Avivek esan du ez duela okupatutako posizioetatik alde egingo. Hezbollahk «behatza katuan» du Israelen edozein «traiziori» erantzuteko.

Auto ilarak gaur Libano hegoaldean, Tiro hiriaren inguruan. WAEL HAMZEH / EFE
Auto ilarak gaur Libano hegoaldean, Tiro hiriaren inguruan. WAEL HAMZEH / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko apirilaren 17a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Su etena gauerdian ezarri dute Libanon, eta herrialde horretako armadak dagoeneko jakinarazi du Israelek hainbat herri bonbardatu dituela bart. Duela hilabete eta erdi gatazka areagotu zenetik milioi bat herritarrek baino gehiagok ihes egin behar izan dute —2.100 pertsona hil ditu Israelek han azken asteetan—; horietako asko etxera itzultzen hasi dira gaur, nahiz eta tentuz ibiltzeko eskatu dieten Libanok, Israelek eta Hezbollahk. Izan ere, Israelgo armadak esana du ez dela erretiratuko Libano hegoaldetik eta edozein mehatxuren kontra eraso egingo duela; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bart esan zuen «segurtasun eremuari» eutsiko diotela han, «inbasio arriskua» eta urraketa posibleak galarazteko. Hezbollah Libanoko milizia xiitak ohar bidez ohartarazi du «behatza katuan» duela oraindik ere, Israelen edozein «traiziori» erantzuteko.

Tregoa Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragarri zuen, atzo arratsaldean, Netanyahurekin eta Joseph Aoun Libanoko presidentearekin telefonoz hitz egin eta gero. Hain zuzen, espero du datorren astean edo hurrengoan hirurak biltzea atzoko akordioa berretsi dezaten. Reuters berri agentziak jaso duenez, Aounek gaur adierazi du negoziazioetarako «abiapuntu bat» dela menia, eta Israelgo soldaduak herrialdearen hegoaldetik ateratzea eta gatibuak etxeratzea dauzkala lehentasuntzat Beirutek. Uste du, bide batez, Libanoko armadak «ezinbesteko rola» jokatuko duela behin Israelgo soldaduak erretiratuta. Kontua da, ordea, Israelek ez duela hori egiteko asmorik, eta Israel Katz Defentsa ministroak gaur azpimarratu du okupatutako posizioetan jarraituko dutela Hezbollah «militarki edo diplomatikoki» armagabetu arte. The Times of Israel egunkariak kaleratu duenez, gainera, Israelen iparraldean ez daude ados onartutako su etenarekin.

Horiek horrela izanda ere, Trumpek konpondutzat jo du bi herrialdeen arteko gatazka —areagotu egin zen AEBek eta Israelek Irani eraso egin eta gero, Hezbollahk mendeku hartu baitzuen Israeli eraso eginez—. Eta, bide batez, Etxe Zuriko maizterrak atzo esan zuen Irango gerra ere berandu baino lehen amaituko dela, haren arabera Washingtonen eta Teheranen ordezkaritzak Islamabaden biltzekoak baitira asteburu honetan. Behintzat, Libanon su eten bat ezarrita, elkarrizketak bideratzeko oztopo bat kendu dute, Teheran hori eskatzen ari baitzen. 

Eusteko deiak

Pakistan aritu da bitartekari AEBen eta Iranen artean, eta joan zen astean modua egin zuen beste su eten bat onartu zezaten, bi astekoa; datorren asteazkenean da amaitzekoa. Menia ezarri zutenean, Irango eta Pakistango agintariek esan zuten Libano ere barne hartzen zuela akordioak; hots, Israelek eta Hezbollahk erasoak eten beharko zituztela. Baina ez da hala izan.

Libanorako tregoa onartu dutela ikusita, Xehbaz Xarif Pakistango lehen ministroak ontzat jo du erabakia; are, espero du «bake iraunkorra» ekarriko duela. Sare sozialetan gaur idatzi duen mezu batean, eskerrak eman dizkio Trumpi, «ahalegin diplomatiko ausarta» egiteagatik. Irango hedabideek kaleratu dutenez, Mohammad Baqer Qalibaf herrialde horretako parlamentuko presidenteak adierazi du «Hezbollahren irmotasunari eta Erresistentziaren Ardatzaren batasunari» esker lortu dela Libanon tregoa ezartzea. Erresistentziaren Ardatza deritzote Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei, besteak beste Hezbollahri.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere ontzat jo du menia, baina kezka adierazi ere bai, «operazio militarrak egiten jarraituz dagoeneko urratu» dutelakoan. Bi herrialdeetako herritarrak «seguru» egon daitezen galdegin du: «Hezbollahk armak utzi behar ditu. Israelek Libanoren subiranotasuna errespetatu behar du, eta gerra amaitu», adierazi du sare sozialetan. Txinak, bestalde, arduraz jokatzeko eskatu die aldeei, eta bide diplomatikoak ibiltzeko. «Erasorik ez izatea da lehentasuna», esan du Atzerri Ministerioaren bozeramaile Guo Jiakunek, agerraldi batean. Errusia aliatu estrategikoak erabakia txalotu du, eta, Dmitri Peskov Kremlineko buruak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan duenez, espero dute aldeek akordio bat lortzea ez dadin borrokarik izan berriro. 

Aurrez, 2024ko azaroan, Israelek eta Hezbollahk su etena adostu zuten; AEBak eta Frantzia aritu ziren bitartekari. Gainera, Beirutek bere gain hartu zuen milizia xiita hori armagabetzeko eginbeharra; iaz, Libanoko armadak herrialdean «armen monopolioa» izateko plan bat aurkeztu zuen, baina Hezbollahk ez dio uko egin borroka armatuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA