Iranek Ormuz ireki du

Teheranen esanetan, su etenak indarrean dirauen bitartean egongo da zabalik itsasartea. Trumpek erabakia txalotu du, baina zehaztu Irango portuei ezarritako blokeoari eutsiko diotela.

Pertsona batzuk asteazkenean Teheranen, mobilizazio batean. JAIME LEON / EFE
Pertsona batzuk asteazkenean Teheranen, mobilizazio batean. JAIME LEON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 17a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek eskatu bezala Libanon ere su etena ezarri eta ordu batzuetara, Teheranek erabaki bat hartu du: Ormuz irekitzea. Abbas Araghtxi Atzerri ministroak X sare sozialean jakinarazi du itsasarte estrategiko hori zabalik egongo dela Teheranen eta AEBen arteko su etenak indarrean dirauen bitartean. Apirilaren 8an adostu zuten bi asterako tregoa ezartzea, eta asteazken goizaldean da bukatzekoa baldin eta luzatzea erabakitzen ez badute. Donald Trump AEBetako presidenteak segituan erreakzionatu du sare sozialetan, eta nahiz eta erabakia txalotu duen, Truth Social-en esan du AEBek eutsi egingo dietela Irango portuen blokeoari; alegia, astelehenaz geroztik egin bezala, helmuga edo irteera Irango portuetan duten ontziei bidea itxiko diete hemendik aurrera ere. Ohartarazi du bi aldeen arteko «transakzioa» guztiz betetzen denean geratuko dela bertan behera blokeoa; interpreta daiteke akordio bat egiteaz ari dela. Aldeak datozen orduetan hitz egitekoak dira, Islamabad bitartekari dela.

Jakinik munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru Ormuztik igarotzen dela, otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenean, Iranek hura ixtea erabaki zuen, presio neurri gisa. Blokeoak energiaren merkatuak aztoratu ditu, eta erregaien prezioak garestitu mundu zabalean; hain zuzen, Araghtxiren iragarpenaren ondoren, Brent upelaren prezioa kolpean %10 merkatu da, eta 90 dolarren azpitik geratu.

Etxe Zuriko maizterrak itsasartea irekitzeko eskatu izan dio Irani azken sei asteetan, eta blokeoa hausteko misio militar bat egitea ere planteatu zuen. NATOko aliatuek, baina, ezetz esan zioten, eta horrek haserrearazi egin zuen Trump. Aliatuei esan zien beren kabuz joan zitezela «petrolioaren bila», argudiatuz energetikoki AEBak ez daudela Ormuztik igarotzen den petrolioaren mende. Eta egia izan arren ez daudela petrolio horren mende, blokeoak erregaien prezioari eragiten dio, baita AEBetan ere. 

Hain zuzen, Frantziak eta Erresuma Batuak deituta, berrogei estatu inguruk bilera bat egin dute gaur Parisen —Iranek erabakiaren berri eman aurretik bildu dira—, Ormuzko itsasartea zabaltzeko formula bateratuak aurkitze aldera. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du nazioarteko misio bat jarriko dutela abian Ormuzen nabigazio askatasuna defendatzeko, «horretarako baldintzak dauden bezain laster». Frantziak eta Erresuma Batuak gidatuko dute misio hori. Ez dute parte hartzaileen zerrendarik zabaldu, baina, zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, Europako potentziek ez ezik Asiako eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialdek ere parte hartu dute. Pasabidearen gaineko kontrola aitor diezaiotela eskatzen du Iranek. Blokeoa ezarri aurretik, 140 ontzi inguruk zeharkatzen zuten Ormuz.

Libanorekin lotura

Pakistan aritu da bitartekari Teheranen eta Washingtonen artean. Iragan astean hamabost eguneko su eten bat onartu zuten aldeek, eta Pakistango agintariek jakinarazi zuen tregoa horrek barne hartzen zuela Libano ere. Kontua da, orain arte, Tel Aviv erasoak egiten aritu dela herrialde horretan, eta, Iranen arabera, horregatik egon da orain arte Ormuz itxita. Halere, Trumpek gaur esan du Libanon su etena ezarri izanak ez duela loturarik Teheranek itsasarte hori ireki izanarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA