Belgikak kautela neurriak kendu dizkie Puigdemonti eta Bruselan dauden kontseilariei

Iragarri dute oraingoz ez direla itzuliko Kataluniara, Espainiak atxilotuko dituen beldur.

Puigdemont eta Bruselan dauden lau kontseilariak. EFE
jon ordonez garmendia
2017ko abenduaren 5a
17:17
Entzun

Pablo Llarena epaileak gaur goizean bertan behera utzi du Carles Puigdemont eta Bruselan dauden Kataluniako Generalitateko kontseilariak atxilotzeko emanda zuen euroagindu eskaera. Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordin Sanchez eta Jordi Cuixart espetxean mantentzeko erabakiaren biharamunean iritsi da. Llarenak berak bere idatziaz argudiatu duenez, ordea, komenientzia kontua bategatik hartu du erabaki: Belgikak euroaginduaren eskari batzuei uko egiteko aukerak Puigdemonten eta kontseilari auzipetuen inputazioa murrizteko bidea ireki dezake.

Gorenak hartu duen erabakiaren ondorioz, Belgikak bertan behera utzi ditu Puigdemont eta beste lau kontseilariei ezarri zizkien kautalazko neurriak. "Formalki [Belgikako] epailearen erabakiaren zain egon behar da auzia itxitzat emateko, baina kautelazko neurriak momentuan bertan kentzen dira", adierazi du Bruselako fiskaltzako bozeramaile batek. Ondorioz, bost agintari kataluniarrek ez dute euren mugimenduen berri eman beharko. Hala ere, baztertu egin dute oraingoz Kataluniara itzultzea, Espainiak atxilotuko dituztelakoan.

Puigdemont, Toni Comin, Lluis Puig, Meritxell Serret eta Clara Ponsatik azaroaren 5ean aurkeztu zuten euren burua Belgikako agintarien aurrean, Kataluniaren independentzia deklarazioa onartu eta egunetara. Madrilen deklaratzera deitu zituzten, baina beste kontseilari batzuk ez bezala, horiek Europan babesa eskatzea erabaki zuten. Kautela neurriak jarri zizkien Belgikako justiziak.

Bruselako Fiskaltzak bihar hitzordua eskatuko dio Belgikako lehen instantziako epaitegiari epaileari auzia ixteko eskaria luzatzeko. Astelehenean hartu zieten deklarazioa bost agintari kataluniarrei, eta hitzordu horrekin amaitutzat emango litzateke babesa eskaeraren auzia. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, abenduaren 14ean 09:00etan jarri dezakete hitzordu hori, hain zuzen, epaileak euroaginduen inguruko erabaki bat hartzekoa zen unean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.