Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta harekin Bruselan diren Generalitateko lau kontseilariek Belgikako justiziaren aurrean deklaratu dute gaur. Espainiako justiziak haien kontra eman duen euroaginduari buruz erabaki beharko du orain epaileak, eta jakinarazi duenez, abenduaren 14n emango du ebazpenaren berri.
Belgikako fiskalak berretsi egin du azaroaren 17ko lehen saioan adierazi zuen jarrera, eta Espainiako justiziaren euroagindua onartzeko argudioak badaudela adierazi du. Defentsak, berriz, atxilotze aginduaren aurkako argudioak aurkeztu ditu. Puigdemonten eta kontseilarien abokatuek adierazi dutenez, akusatuak Espainiako justiziaren esku utziz gero ez dira haien oinarrizko eskubideak bermatuko eta haien kontrako "auzi politikoa" jasateko arriskuan izango dira. Horrez gain, defentsak argudiatu du Espainiak leporatzen dizkien delituak ez direla Belgikako legedian existitzen.
Epaileak ebazpena jakinaraziko duen egunean, Mariano Rajoy Espainiako presidentea Bruselan izango da Europako Kontseiluaren batzarrean, eta Katalunian gaur hasiko den hauteskunde kanpainan murgilduta egongo dira indar politikoak. Erabakiari helegitea aurkezteko aukera izango dute aldeek, eta behin betiko epaia urtarrilaren erdialdera arte edo otsailera arte atzeratu daiteke.