Katalunia

Belgikako justiziak irailaren 25era atzeratu du Llarenaren kontrako salaketa aztertzeko saioa

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak eta haren gobernuko kontseilari izandako Toni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Clara Ponsatik euro bateko kalte-ordain sinbolikoa eskatu diote epaileari, beren errugabetasun presuntzioa urratzeagatik.

jarraia156260.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko irailaren 4a
07:15
Entzun

Bruselako epaitegi zibil batek irailaren 25era  atzeratu du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen kontrako salaketa aztertzeko saioa. Puigdemontek eta erbestean diren Kataluniako lau kontseilari ohik aurkeztu zuten Llarenaren kontrako salaketa, Bruselan. Llarenak urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik auzipetu ditu salatzaileak, Espainian. Beren errugabetasun presuntzioa urratzea egozten diote buruzagi independentistek Llarenari.

Bruselako epaileak ez du adierazi auzia bere gain hartzeko eskumenik duen ala ez. Aldeen alegatu idatziak jasotzera mugatu da, eta hurrengo saiorako eguna eta ordua zehaztu ditu: irailaren 25a, 09:00etan. Saio horretan erabakiko du auzia tramiterako onartzen duen ala ez.

Hakim Boularbah Llarenaren abokatuak adierazi duenez, defentsak eskatu du hurrengo saioa irailaren 25era atzeratzeko, "Espainiako Erreinuak bere jurisdikzio immunitatea defendatzeko esku har dezan". Horrez gain, Llarenaren abokatuek eskatu dute hurrengo saioa hiru epailerekin egitea, bakarrarekin egin beharrean, auzia konplexua dela argudiatuta. Salatzaileek ez diote eragozpenik jarri eskari horri.

Llarenak ez zuen derrigorra gaurko saiora agertzea, eta ez joatea erabaki du. Epaitegian izan dira, ordea, Comin eta Puig Kataluniako kontseilari ohiak.

Epaitegiko eraikinean hainbat xingola hori agertu dira goizean goiz, saioa hasi aurretik, eta epaitegiko langileek erretiratu egin dituzte.

Salatzaileen esanetan, epaileak beren errugabetasun presuntzioa eta beren ohorea urratu zituen adierazpen batzuen bidez. Hori dela eta, euro bateko kalte-ordaina eskatzen diote.

Espainiako Gobernuak bere gain hartu du Llarenaren defentsa, hasieran hala egiteko asmoa ez zuela adierazi zuen arren, "afera pribatua" zela iritzita. Jarreraz aldatu du, baina, eta ziurtatu du Llarena defendatuko duela, baldin eta epaituko dena urriaren 1eko erreferendumaren kontrako auziaren instrukzio fasearen baliozkotasuna bada. Kasu horretan, gobernuak Espainiaren "subiranotasun jurisdikzionala" defendatuko du. Aldiz, gobernuak ez du esku hartuko Llarenak "ekitaldi pribatuetan" egin zituen adierazpenen defentsan.

Salatzaileek ekainaren hasieran jo zuten Belgikako justiziara, Llarenak hitzaldi batean egin zituen adierazpenengatik. Epaileak ziurtatu zuen espetxeratutako buruzagi independentistak ez direla preso politikoak. Puigdemonten eta kontseilari ohien iritziz, Llarenak ebatzi aurretik eta auzitegitik kanpo epaitu ditu auzipetuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.