Beloa ez janzteagatik 74 zartada jasotzera zigortu dute abeslari bat Iranen

2024ko bideo baten harira, jokabide «lizuna» edukitzea egotzi diote. Bi urtez Irandik irtetea eta abestea ere debekatu diote.

Parastoo Ahmadi abeslaria. HOSSEINRONAGHI CC0 1.0
Parastoo Ahmadi abeslaria. HOSSEINRONAGHI CC0 1.0
Uxue Perez
2026ko irailaren 26a
12:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek 74 zartadako zigorra ezarri dio abeslari bati kontzertu birtual batean beloa ez janzteagatik. Zigor fisikoa ezartzeaz gain, herrialdetik ateratzea eta abestea debekatu diote bi urtez Parastoo Ahmadi abeslariari. 2024an argitaratutako bideo baten ondorioz jarri diote zigorra. Apelazio auzitegiak helegitea baztertu eta behin betikotzat jo du epaia. Esan dute jarrera «lizuna» eta lege moralen eta erlijiosoen aurkakoa dela hijaba ez janztea, sorbaldak agerian izatea eta gizonezkoez inguratuta egotea. 

Ahmadik 2024ko abenduaren 11n kaleratu zuen bideoa, eta 24 ordu besterik ez zituen behar izan Irango Gobernuak salaketa jartzeko. Gobernuaren arabera, emakumeei janzteko ezarritako arauak hautsi eta emakumeek jendaurrean abesteko duten debekuei egin zien aurre bideo horretan. Irango Islamiar Errepublikan, emakumeek ezin dute diskorik grabatu, eta kontzertuak ematekotan, entzuleek emakumezkoak izan behar dute, eta kamerarik gabe egin behar dira.

Ez da lehen aldia Ahmadik legeak hausten dituena. 2022an, Mahsa Amini atxilo hartu zuten beloaren erabilera okerra egotzita; atxilo zegoen bitartean torturak jasan zituen, eta handik bi egunera hil zen. Protesta jendetsuak eragin zituen horrek, eta, hain justu, Parastoo Ahmadik abesti bat kaleratu zuen aldarrikapen gisa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA