Berdinketa teknikoa Peruko bozetan

Botoen %93,9 zenbatuta, Roberto Sanchez ezkerrekoak aurrea hartu dio Keiko Fujimori eskuinekoari. Bi enpresak kaleratutako boto proiekzioen arabera, Sanchezek irabaziko ditu bozak

Roberto Sanchez ezkerraren hautagaia Cuscon, atzo. ALDAIR MEJIA / EFE
Roberto Sanchez ezkerraren hautagaia Cuscon, atzo. ALDAIR MEJIA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso parekatuta daude emaitzak Perun. Presidentetzarako bozen bigarren itzulia egin zuten atzo, eta, botoen %93,9 zenbatuta, Roberto Sanchez ezkerrekoa doa aurretik, botoen %50,02 bilduta. 0,2 punturen aldea besterik ez dio ateratzen, ordea, Keiko Fujimori eskuineko hautagaiari (%49,98). Berdinketa teknikoa gertatu da, hortaz. 

Hain zuzen, kontzeptu hori erabili zuen Fujimorik atzo gauean, proiekzioen emaitzak eskuan zituela. Limako hotel batean mintzatu zen bere jarraitzaileen aurrean, eta emaitza ofizialak eduki arte «lasaitasunez» jokatzeko eskatu zien —gauza bera egin du gaur arratsaldean—. Aurreikusi zuen, bide batez, zenbait egun beharko dituztela horiek esku artean edukitzeko. «Banan-banan kontatu behar dira aktak». Lehen itzulia apirilaren 12an egin zuten, eta, orduan, ia hilabete eta erdi behar izan zuten jakiteko bigarrenean nor lehiatuko zen Fujimorirekin —lehen itzulian hark lortu zituen boto gehien—.

Sanchez, bestalde, beste aldarte batekin agertu zen atzo gauean Cuscon. «Demokrazia berreskuratu dugu», nabarmendu zuen, balkoi batetik. Pozik zegoen. Izan ere, une hartan Fujimoriren atzetik bazegoen ere, bi enpresak kaleratutako boto proiekzioen arabera, bozak irabaziko ditu: batek dio botoen %50,3 lortuko dituela; besteak, %50,1. Bi eskaera egin zizkien jarraitzaileei. Batetik, botoa «defendatu» dezatela; eta, bestetik, emaitzak errespetatu ditzatela.

Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak aurre hartu du, eta Peruko hauteskundeetako behin betiko emaitza ofizialak jakin aurretik ospatu du Sanchezek Fujimori garaitu izana. «Progresismoak Peruko presidentetza irabazi berri du, eta bertako eskuin muturreko indar handiena garaitu du, Fujimori familiak ordezkatzen duena», idatzi du gaur arratsaldean X sare sozialean.

Sanchezek, gainera, baditu itxaropentsu egoteko motiboak. Izan ere, nagusiki hirietan emandako botoak zenbatu dituzte orain arte, eta herri hautagaiak, hain justu, landa eremuetan du babes handiagoa. 27 milioi pertsona zeuden atzo botoa ematera deituta. Parte hartzea %62koa izan da.

(ID_16162297) PERÚ ELECCIONES
Keiko Fujimori Liman, atzo. JOHN REYES MEJIA / EFE

Fujimorik ere emaitzak errespetatzeko eskatu zuen. Duela bost urte, bigarren itzulian Pedro Castillo ezkerrekoarekin —2022ko abendutik kartzelatuta dago, presidente zela estatu kolpe bat ematen ahalegintzea egotzita; haren oinordekoa da Sanchez— lehiatu zenean, ez zuen hori egin, baina. 400.000 botorengatik nagusitu zen Castillo, eta Fujimorik iruzurra salatu zuen, nahiz eta ezin izan zuen frogatu.

Alberto Fujimori 1990 eta 2000 artean herrialdeko presidente izandakoaren alaba da Keiko Fujimori, eta laugarrenez ari da lehiatzen bigarren itzulian. Hego Amerikan eskuin muturreko gobernuburuak dituzten herrialdeekin lerratzen da, hala nola Txilerekin eta Ekuadorrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA