Bere agenda ezartzen hasi da Eisenkot

Behin ziurtatuta parlamentuko presidentea Yashar alderdikoa izango dela, lege proiektu batzuk tramitatzen hasi dira aurreko legealdian onartutako neurri batzuk indargabetzeko.

Kahana kipparekin, ondoan Eisenkot duela, atzo, Israelgo Parlamentuan. ABIR SULTAN / EFE
Kahana kippaharekin, ondoan Eisenkot duela, atzo, Israelgo Parlamentuan. ABIR SULTAN / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 18a
12:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yashar alderdikoa da Israelgo Parlamentuko presidente izendatu berria, eta, horrenbestez, Gadi Eisenkot alderdi horren lider eta oposizioburua jada hasi da bere agenda ezartzen. Knesseteko Antolakuntza Batzordeak jakinarazi du gaur bertan hasiko dela zenbait lege proiektu tramitatzen bertan behera uzteko Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroaren gobernuak aurreko legealdian onartutako lege batzuk. Horiek helburu dute, bereziki, justizia instantzietako izendapenen prozedura iraultzea, agintean dagoenaren menpe egon ez dadin, eta fiskalburuari Netanyahuk kendutako eskumenak itzultzea.

Eisenkotek hauteskunde kanpainan hitzeman zuen lege batzuk indargabetuko zituela, eta, behin ganberako presidentetza lortuta, osoko bilkuren gai ordena kontrola dezake, baita lege proposamenen tramitazioa ere, besteak beste. Isaac Herzog herrialdeko presidentearen aginduari jarraikiz, gobernua osatzeko ahaleginean ari da Einsekot; abenduaren 6ra arteko epea du horretarako. 

Matan Kahana da parlamentuko presidente berria, hark hartu baitu Amir Ohanaren tokia. Atzo gauean aukeratu zuten, Likuden filibusterismoaren eraginez espero baino gehiago luzatu zen saio batean. 66 diputatuk bozkatu zuten Kahanaren alde, eta 52k kontra —gehiengo osoa edukitzeko 61 behar dira—. Eisenkoten blokeak 48 aulki ditu, eta alderdi arabiarrek ere Kahana babestu dute; hori egin izana keinutzat har daiteke, gobernu berria osatzeko edo, gutxienez, Yasharreko buruaren inbestidura errazteko ahaleginari lotuta. 

Eisenkotek ez du baztertzen bi koalizio arabiarren babesa onartzea —hemeretzi aulki dituzte—. Netanyahuk, ordea, agintean jarraitzeko asmoa du oraindik, bera buru duen blokeak gehiengorik ez duen arren; eta, horretarako, «batasuna» aipatzen du, argudiatuta «segurtasun nazionala» dagoela jokoan. Horri heldu zion atzo, parlamentuko presidentea aukeratzeko osoko bilkuran. Eisenkotek esana du larrialdi nazionaleko gobernu bat osatzea duela asmo, baina Netanyahu ez du alboan nahi.  

Bien bitartean, gobernuburu trajea probatzen hasi da Eisenkot, Kahana gerra hegazkinen pilotu eta Zerbitzu Erlijiosoen ministro (2021-2022) izandakoaren bidez. Gaur hasitako tramitazioaren bidez, gainera, bertan behera utzi asmo dute ministerio batzuek poliziaren jarrera desegokiari buruzko ikerketak kontrolatzeko duten ahalmena.

Kokaguneak, blokeatuta

Israelgo Fiskaltzak eskatu du bertan behera uzteko Jerusalem Ekialdean kolono juduentzako 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko E1 eremuaren lizitazioa. Hori kaleratu dute hango hainbat hedabidek, iturri ofizialak aipatuta. Fiskaltzak ez du arrazoien berri eman.

E1 eremuko kokaguneen planak hainbat hamarkada daramatza mahai gainean, eta, aurrera eramanez gero, 3.000 palestinar inguru indarrez kanporatuko dituzte bizilekutik. Nahiz eta nazioarteak nabarmen kritikatu izan duen plan hori eta asmo hori bertan behera uzteko eskatu izan dion Netanyahuri, Israelgo Gobernuak onetsi egin zuen 2025eko abuztuan.

Bestalde, 2025eko urritik tregoa bat ezarrita dagoen arren, Israelek Gaza bonbardatzen segitzen du, eta gaur goizaldean bi palestinar hil ditu bi aire erasoetan, hango osasun iturriek jakinarazi dutenez. Azkeneko hamahiru hilabeteetan 1.600 lagun inguru hil ditu Israelek zerrendan; ia 75.000 2023ko urritik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA