Bero boladekin lotutako heriotzak %94 ugaritu dira Europan azken hogei urteetan

Osasunaren Mundu Erakundeak eta Copernicusek argitaratu duten txosten baten arabera, muturreko beroa izan den egunak inoiz zenbatutako gehien izan ziren iaz Europan.

Emakume bat bero boladari aurre egiteko abaniko bat astintzen, iazko uztailean, Erroman. GIUSEPPE LAMI / EFE
Emakume bat bero boladari aurre egiteko abaniko bat astintzen, iazko uztailean, Erroman. GIUSEPPE LAMI / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko apirilaren 22a
12:05
Entzun

Giza jarduerak inoiz neurtu diren tenperaturarik beroenetara eraman du Lur planeta. Munduan, azken hamar hilabeteek garaian garaiko tenperaturen markak gainditu dituzte jarraian, eta berotze globala kalte egiten ari zaio ingurumenari ez ezik giza osasunari ere. Horren adibide, OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Copernicus Europako Batasunaren klima aldaketa aztertzeko zerbitzuak elkarrekin ondu duten txostena. Europako Klima Egoera 2023 izeneko azterlanean jaso dutenez, bero boladekin lotutako heriotzak %94 ugaritu dira azken bi hamarkadetan.

Gainerako heriotza faktoreekin alderatuz gero bero boladekin lotutakoek pisu handiagoa hartu dutela gaineratu dute ikerlariek. Azken horien heriotza tasa %30 handitu baita hogei urtean. Txostenak ez du aipatu bero boladek eragindako heriotzen zenbatekorik, baina Bartzelonako Osasun Globalaren Institutuak adierazia du 70.000 inguru izan zirela Europan 2022an.

Ezohiko tenperaturak ohiko izan ziren iaz, eta, Europan, inoiz neurtu diren urterik beroenetan bigarrena izan da 2023a. Urteak dituen hamabi hilabeteetatik 11k izan zituzten ohi baino tenperatura altuagoak, eta iazko iraila kontinentean sekula neurtu den beroena izan zen. Muturreko beroa izan den egunak inoiz zenbatutako gehien izan ziren iaz Europan, eta bero handiko egunak gero eta gehiago izateko joera dagoela erakusten dute datuek.

«Ekintza klimatikoaren kostuak handia irudi dezake, baina ez ekitearen kostua askoz ere handiagoa da. Zientzia baliatu behar dugu gizartearen onurari begirako irtenbideak eskuratzeko».

CELESTE SAULOOMEko idazkari nagusia

Bero boladek eta lehorteek bide eman zieten sute handiei; bereziki, Europa hegoaldean. Italia, Espainia eta Portugal izan ziren estatu kaltetuenetako batzuk. Greziak jasan zituen suterik bortitzenak: 96.000 hektarea erre zituen EBn inoiz erregistratu den suterik handienak —Urbasa-Andia natura parkea 4,5 bider—.

«Ekintza klimatikoaren kostuak handia irudi dezake, baina ez ekitearen kostua askoz ere handiagoa da», adierazi du OMEko idazkari nagusi Celeste Saulok. «Txosten honek adierazten duenez, zientzia baliatu behar dugu gizartearen onurari begirako irtenbideak eskuratzeko».

Ezohiko tenperaturak are muturrekoagoak izan ziren itsasoan, itsas azaleko uraren tenperatura inoiz neurtu den beroena izan baitzen iaz. Inoiz ez bezalako egoera horren adierazle, ekainean, Irlanda mendebaldea eta Erresuma Batuko kostaldea ur-laster bero batek inguratu zituen, ohi baino bost gradu gehiagoko ur-laster batek. Gertaera «muturreko» gisa sailkatu zuten, eta «muturrekotik haragokoa» zenbait eremutan.

Prezipitazio gehiago

Bero boladak gehiago izanagatik, Europan %7 handiagoak izan ziren prezipitazioak batez beste, ohiko kantitateen aldean. Kontinenteko ibai sarearen heren batek ur maila «altua» izan zuen uneren batean, eta ur emari «larrira» iritsi ziren ibaien %16. Uholdeek kalte ugari eragin zituzten Europa ipar-ekialdean: Eslovenian, Norvegian eta Suedian, bereziki. Baina Bulgarian, Turkian eta Grezian ere ezohiko uholdeak izan ziren. Orotara, Europan 1,6 milioi herritarri kalte egin zieten uholdeek, OMEren eta Copernicusen arabera.

Hondamendien Nazioarteko Datu Basearen behin-behineko txostenaren arabera, Europan 63 heriotza eragin zituzten ekaitzek, 44 uholdeek, eta beste horrenbeste suteek. Klima larrialdiarekin lotutako galera ekonomikoak, berriz, 13.400 milioi eurotik gorakoak dira.

Europako klima egoerari buruzko txostenak energia berriztagarrien bilakaera ere aztertu du, eta nabarmendu du horien bidez ekoitzi den argindar kantitateak zazpi puntu egin duela gora, 2022tik 2023ra. Sortutako argindarraren %36k zuen jatorri berriztagarria 2022an Europan, eta %43k izan zuen iaz. Bigarren urtez jarraian, berriztagarrien ekoizpenak erregai fosilen ekoizpena gainditu du.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak klima larrialdiarekin lotutako epai historiko bat eman eta bi astera argitaratu dute txostena OMEk eta Copernicusek. Estrasburgoko auzitegiak Suitza kondenatu zuen Lurraren berotzea mugatzeko behar beste ez egiteagatik. Herritarrek osasunerako duten eskubidea hartu zuen, besteak beste, epairako oinarri. Erabakia mugarria izan daiteke, aurrekari bat izango baita Europako gainerako estatuen kontra etorkizunean aurkez daitezkeen gisa bereko salaketentzat. Estrasburgoko auzitegiaren epaiak lotesleak dira Giza Eskubideen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.