Protesta masiboak izan dira Filipinetan asteburuan. Manilan izan zen protestarik jendetsuena, atzo, Bayan antolakunde ezkertiarrak eta beste erakunde batzuek deituta. Hiriburuko hondamendiak kudeatzeko bulegoaren arabera, 49.000 pertsona inguru batu ziren protestetara, eta Poliziak 8.000 manifestari izan zirela esan du. Mobilizazio horietan, Poliziarekin istilu batzuk izan ziren, eta berrehun pertsonatik gora atxilotu zituzten.
Herritarrek kaleak hartu zituzten gobernuaren ustelkeria salatzeko. Izan ere, berriki gobernuaren hainbat eta hainbat ustelkeria kasu frogatu dira uholdeak kontrolatzeko proiektuetan. Gobernuak proiektu horiek egintzat jo dituen arren, ez daude eginda edo oso kalitate eskasekoak dira. Hori jakinarazi zuen Ralph Recto Filipinetako Finantza idazkariak duela gutxi, eta nabarmendu egin gabeko proiektu horiek finantzatzeak 1.771 milioi euroko kostua izan duela herrialdearentzat.
Filipinek hogei tifoi inguru jasaten dituzte urtero —oraintxe ari da Ragasa tifoia herrialdearen iparraldea kolpatzen, eta oraingoz, 8.200 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte—, eta iaz, sei ekaitz bortitz jasan zituzten hilabete batean; gutxienez 164 pertsona hil ziren horietan. Gainera, ekaitz horiek uholde handiak ere eragiten dituzte, eta milioi batetik gora pertsonari eragiten diete. Manifestariek salatu dute horri guztiari aurre egiteko erabilitako dirua politikari eta kontratista gutxi batzuen poltsikoetan geratu dela.

Hainbat antolakundek deitu zuten atzoko protestetara, eta gazteak ziren gehienak manifestazio jendetsuenean; beltzez jantzita asko, eta batzuk aurpegia estalirik. Baina horietatik kilometro gutxira, 10.000 manifestari ere bildu ziren, zuriz jantzita. Erakunde katolikoek deitu zituzten horiek, eta Bilioi pesoen martxa deitu zioten protestari, gobernuak alferrik gastatu zuen diruari erreferentzia eginez.
«Ustelkeriak ez du eragina ostutako diruan soilik, baita ostutako etorkizunean ere: urpetutako etxeak, lur pozoituak eta gure seme-alabentzat galdutako aukerak», adierazi zuen larunbatean Filipinetako Apezpiku Katolikoen Konferentziak, igandeko protesta masiboak hauspotzeko. Ferdinand Marcos Jr Filipinetako presidentea ere protesten alde agertu zen, eta hitzeman zuen ustelkeria frogatuko duela eta «beharrezkoak diren neurriak» hartuko dituela. Oraingoz, protestek eraginda, Martin Romualdez Ordezkarien Ganberako buruzagia eta Francis Escudero Senatuko presidentea kargugabetu dituzte.
Ustelkeria Asia hegoaldean
Nepalgo protesten inguruko adierazpenak egin zituen Marcos Jr presidenteak, duela astebete: «Presidentea izango ez banintz, ni ere batuko nintzateke protestetara». Baina orain pilota bere teilatuan du, eta etxeko atariraino iritsi zaio azkenaldian Asia hegoaldeko herrialdeetan ohikoa den ustelkeriaren auzia.
Duela bi aste izan ziren Nepalen gobernuaren ustelkeriaren aurkako protestak; 70 herritar baino gehiago hil zituzten protesta horietan, eta Sharma Oli lehen ministroaren kargugabetzea eragin zuten. Z belaunaldiaren mugimendua deitu diote mobilizazio horiei; izan ere, Nepalgo gazteek hainbat arrazoi izan zituzten protestarako: gobernuaren ustelkeria eta egoera ekonomikoa gehienbat. Horrez gain, gobernuak sare sozialak debekatu zituen, eta orduan hasi ziren protestak.
Nepalen ez ezik, Asiako beste herrialde batzuetan ere egin dituzte protesta masiboak azkenaldian, ustelkeria salatzeko: Indonesian (2025eko abuztuan), Bangladeshen (2024ko abuztuan) eta Sri Lankan (2022an), adibidez. Badira antzekotasunak; izan ere, gazteak izan dira manifestari gehienak herrialde guztietan. Protestak eta ikurrak ere berdintsuak dira: Manilako kaleetan One piece telesail japoniarraren bandera pirata altxatu zuten manifestariek, eta hura bera izan zen manifestari askoren ikurra Nepalen eta Indonesian.
