Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako galdeketa behin-behinean bertan behera utzita ere, Kataluniako Gobernuak kontsultari begirako pausoak ematen jarraitzen du. Parlamentuak atzo onartu zuen azaroaren 9ko kontsulta behatzeaz arduratuko den batzordearen osaketa; gaur, berriz, Artur Mas Generalitateko presidenteak batzordeko kideak izendatzeko dekretua sinatu du.
Francesc Homs gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, bihar sartuko da indarrean dekretua, Kataluniako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Adierazi du Generalitatea ziur dagoela kontsulta egin daitekeela, indarrean dagoen legedia "urratu" gabe.
Atzo Parlamentuan onartutako batzordea legelari eta unibertsitate irakasleek osatzen dute: Merce Barcelo i Serramalera, Joaquim Brugue Torruella, Alfons Gonzalez Bondia, Miquel Martin Casals, Marc Marsal Ferret, Jordi Matas Dalmases eta Benet Salellas Vilar dira kideak. Batzordearen eraketa "desobedientziaren lehen pausotzat" jo dute proposamenaren aurkako indar politikoek.
Bihar goizean CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko ordezkariekin batzartuko da Mas Generalitatean. Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik eman beharreko pausoez ariko dira, erantzun bateratu bat emateko asmotan.
Konstituzionaleko kideak jomugan
CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko ordezkariek idatzi bat sinatu dute, Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidentea eta Pedro Jose Gonzalez-Trevijano epailea ezesteko eskatuz. Parlamentuko Mahaiari igorri diote dokumentua, eta hark onartu egin du. Sinatzaileek zalantzan jarri dute Konstituzionaleko bi kideen "inpartzialtasuna".