Beste urrats bat Myanmarko junta militarra zilegitzeko

Min Aung Hlaing Myanmarko junta militarreko burua Thailandiako lehen ministroarekin bildu da; 2021eko estatu kolpetik bakartuta egon da.

Charnvirakul eta Hlaing, eskua ematen, Bangkoken gaur egin duten bileran. NARONG SANGNAK / EFE
Charnvirakul eta Hlaing, eskua ematen, Bangkoken gaur egin duten bileran. NARONG SANGNAK / EFE
2026ko abuztuaren 6a
16:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Myanmarko junta militarreko buru Min Aung Hlaing jeneralari harrera ofiziala egin dio gaur Thailandiako lehen ministro Anutin Charnvirakulek, Bangkoken. Bisita horrek indarra eman dio Myanmarko junta militarra zilegitzeko kanpainari; 2021eko estatu kolpeaz geroztik bakartuta egon da Hlaing.

Protokolo ofizialak agintzen duen moduan, bi buruzagiek elkarrekin desfilatu dute Gobernuaren Etxeko alfonbra gorriaren gainean. Jarraian, aldebiko bilera egin dute, eta zenbait lankidetza akordio hitzartu dituzte segurtasuna, mugaz gaindiko delituen kontrako borroka, merkataritza eta ingurumen arloak ardatz hartuta. Arratsaldean, enpresa foro bat irekitzeko ekitaldian parte hartu dute bi agintariek. 

Topaketa horrek erakusten du Thailandiaren eta ASEAN Asia hego-ekialdeko Nazioen Erakundearen jarrera ofizialak ez datozela bat. ASEANek ikuspegi zuhurragoa izan du; Bangkoki, berriz, mugen egonkortasuna eta harreman ekonomikoak lehenestea egotzi diote. Gainera, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Thailandiak 80.000 errefuxiatu myanmartar baino gehiago hartzen ditu gaur egun.

Demokraziaren amaiera

Hlaing Myanmarko Indar Armatuetako buru izendatu zuten 2011n. 2017an, hark izan zuen rol nagusia rohingyarren aurkako operazio militarrean; NBEk «genozidio seinaleak zituen garbiketa etnikotzat» jo zuen operazio hori, non 740.000 rohingya baino gehiago Bangladeshera ihes egitera behartu zituzten. Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak Hlaing atxilotzeko agindu zuen 2024ko azaroan, gizateriaren aurkako krimenak egotzita.

2021eko otsailaren 1ean, jeneralak estatu kolpe bat eman zuen, Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel sariduna eta herrialdeko gainerako agintariak atxilotuz. Hasieran ez zen inor hil matxinada hartan, baina juntak errepresio gogorra erabili zuen berehala herritarren manifestazio baketsuen kontra.

Aurtengo apirilean, armadak kontrolatutako eta oposiziorik gabeko hauteskunde batzuen ostean sortutako legebiltzarrak Hlaing izendatu zuen herrialdeko presidente. Militarrak bidaia ofizialak egin ditu berriki Myanmarren mugako herrialdeetara: India, Txina eta Laos bisitatu ditu. Ekainean, Xi Jinping Txinako presidenteak harrera egin zion Pekingo Herriaren Areto Handian.

AAPP Preso Politikoei Laguntzeko Elkarteak bildutako azken datuen arabera, estatu kolpeaz geroztik gutxienez 8.232 pertsona hil ditu junta militarrak, eta 14.645 preso politiko daude oraindik kartzelan, Suu Kyi tarteko. Bitartean, juntaren aurkako eta demokraziaren aldeko milizia berriek eta talde armatu etniko zaharrek hedatutako gerra zibilaren ondorioz, herrialdeak ezegonkortasunean murgilduta jarraitzen du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA