Frantziak garesti ordaindu du PSG Paris Saint Germain futbol taldeak Txapeldunen Liga irabazi izana. Bi lagun hil ziren larunbat gaueko ospakizunetan: bata auto batek harrapatuta, eta bestea labankadaz. Horrez gain, berrehundik gora zauritu eta 550etik gora atxilotu eragin dituzte PSGren zaleen eta Frantziako Poliziaren arteko liskarrek. Gertatutakoa gaitzetsi du Frantziako Gobernuak: «Paris barbaroen fabrika bihurtu zen, eta, tamalez, Frantzia osora hedatu zen fenomenoa», adierazi du Frantziako Barne ministro Bruno Retailleauk.
Ospakizunen lehen orduetan erregistratu ziren bi heriotzak: PSGren zaleen auto batek 23 urteko moto gidari bat harrapatu zuen Parisko 15. barrutian, eta ospitalean hil zen, zaurien ondorioz. Akizen (Okzitania), berriz, 17 urteko gazte bat hil zuten labankadaz. Frantziako Poliziak, dena den, ikerketa abiatu du argitzeko ea bi gertakari horiek lotura zuzena duten ospakizunekin.
Grenoble hirian ere ezbeharra gertatu zen PSGren garaipenaren osteko ospakizunetan: auto batek kontrola galdu eta jende multzo bat harrapatu zuen: familia bereko lau lagun zauritu ziren istripuan, eta horietako bat larri da erietxean. Gidaria bere kabuz entregatu zen: droga eta alkohola detektatzeko proba egin zioten, baina negatibo atera zen bietan.
Kalte material ugari ere eragin zituzten liskarrek: futbolzaleek bengalak jaurti zituzten, eta hiri altzariak apurtu. Txikiziorik handiena, baina, Frantziako Poliziaren aurkako liskarretan gertatu zen. Horietan, 593 pertsona atxilotu zituen Poliziak —gehienak Parisen bertan—, eta berrehundik gora lagun zauritu ziren: 192 manifestari, 22 polizia eta zazpi suhiltzaile. Horrez gain, Frantziako Barne Ministerioaren arabera, 692 sute erregistratu dituzte. Polizietako bat koman dago, jaurtigai baten eztandaren ondorioz.
5.400 polizia hiriburuan
Frantziako Poliziak 5.400 agente hedatu zituen Parisen, futbol partidaren aurretik. Barne ministro Bruno Retailleauren ustez, «barbaroen erruz» piztu ziren liskarrak Eliseoko zelaien ingurumarietan. «Herritar horiek ez ziren joan partida ikustera: liskarra nahi zuten, eta polizien aurka oldartu ziren jaurtigaien bidez», esan zuen. Zaleen familiek duten «ardura» ere nabarmendu zuen ministroak: «Zertan ari ziren adingabe horiek gauez bide publikoan?».
Marine Le Penen RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarrak, berriz, egoera baliatu du istiluen errua migratzaileei egozteko, eta «Poliziaren presentzia handiagoa» galdegin du.