Bi urte igaro dira Israelek Gazako zerrendaren kontrako sarraskia hasi zuenetik; gutxienez 67.000 palestinar hil dira ordutik hona Israelen armadaren erasoetan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Urteurrena Israel eta Hamas negoziatzeko ahaleginetan daudenean heldu da. Aldeak preso palestinarrez eta bahituez eztabaidatzen ari dira, Donald Trump AEBetako presidenteak zerrendarako prestatutako plana mahai gainean dutela. Gaur bigarrenez elkartu dira, eta Palestinako iturri batek BBC hedabideari esan dionez, bitartekariek eta aldeek dagoeneko zehaztu dituzte eztabaidatu beharrekoak: su eten iraunkorra, presoen eta bahituen trukea, Israelgo tropek zerrenda uztea eta sarraldi posibleak eragozteko bermeak, laguntza humanitarioaren banaketa eta Gazaren gobernantza.
Talde islamistak gogoan du, ordea, tarte horretan guztian gertatutakoa: «Bi urteren ondoren, gure herriak bere lurraldean jarraitzen du errotuta, triskantza eta desplazamendu behartuari aurre egiten, dagozkion eskubide legitimoei eutsiz». Gaur kaleratu duen oharrean, Hamasek agerian utzi du Gazaren kontrako erasoaldia «mugarri» bat izan dela Ekialde Hurbilean, eta nazioarteak, «lotsagabekeriaz», isilik jarraitzen duela, «konplize» delako. Halere, palestinarrek «irmo» eusten diotela erantsi du: «Hortxe dago erresistentziaren babesa, baita gure herriaren eta herritarren ausardia ere, atzerriko okupatzaileei kontra egitean».
Fawzi Barhum Hamaseko bozeramaileak esan du elkarrizketarako «oztopoak» kendu nahi dituztela, Israelek elkarrizketak «zapuztu» izan dituelako aurreko aldietan. Taldearen eskakizunak zerrendatu ditu: Israelgo tropek zerrendatik ospa egitea, mugarik gabe laguntza humanitarioa sartzen uztea, desplazatzera behartutako gazatarrak itzultzea, preso truke «justua» eta berreraikitzea hastea, palestinar teknokratek osatutako gobernu batek ikuskatutakoa.
Palestinako talde islamistaren eta Israelen ordezkaritzak atzo bildu ziren Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian, Sinai penintsularen hegoaldean, Trumpek iragan astean aurkeztu zuen Gazarako 20 puntuko planaz jarduteko —aintzat hartzekoa da zeharka ari direla negoziatzen, eta atzo Egipto, Qatar eta Turkia aritu zirela bitartekari; AEBetako ordezkaritza bihar helduko da, Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako mandataria buru duela—. Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaile Majed al-Ansariren arabera, aldeek «eztabaida biziak» izan zituzten atzo, eta «akordioa ari dira bultzatzen». Aitortu du «xehetasun asko» landu behar dituztela oraindik, eta aztertu beharko dutela Trumpen plana nola inplementatu. Atzokoan «giro positiboa» izan zuten, Efe berri agentziak elkarrizketen hurbileko bi iturri aipatuz kaleratu duenez. Gaur eguerdian heldu diete berriz negoziazioei, eta espero da zenbait egun irautea.
Egiptoko iturri batek Eferi adierazi dio Hamasek exijitu duela Israelgo armadak erasoak eten ditzala, hori «ezinbestekoa» delakoan bahituak askatzeko. Talde palestinarrak Trumpen planari baiezko partziala eman zionean, ostiralean, AEBetako presidenteak Israeli agindu zion bonbardaketak-eta bertan behera uzteko. Orduz geroztik, zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, ehun gazatar baino gehiago hil ditu armadak. Gaur, gutxienez zortzi lagun hil dira zerrendan, Al-Jazeera hedabideak osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez.
Efe agentziak beste iturri palestinar batekin ere hitz egin du, eta, hark baieztatu dionez, Hamasek armak erakunde palestinar-egiptoar bati ematea onartu du. Baztertu egin du, berriz, zerrendako gobernantza nazioarteko trantsizio gobernu bati ematea —bai onetsi duela agintea palestinarrei ematea—. Halaber, planaren arabera, gobernu hori «Bake Batzorde» delakoak gainbegiratuko luke, Trumpek, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak (1997-2007) eta beste zenbait agintarik osatua. Iturri palestinar horrek esan du talde islamistak ez duela nahi Blair Gazan bertan «gobernadore» lanetan aritzea, baina begi onez ikusiko lukeela «urrutitik» egitea gainbegiratze lanak.
131Flotillako zenbat ekintzaile deportatu dituzten Jordaniara Israel joan den astean atxilotutako Global Sumud Flotillako ekintzaileak deportatzen ari da, oldeka. Jordaniako Atzerri Ministerioaren arabera, Israelek haietako 131 deportatu ditu Jordaniara, Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko Allenby pasabidetik. Laurehun aktibista baino gehiago atzeman zituen Israelek, eta herrialdearen hegoaldeko Ktziot espetxean igaro dute deportatu arteko espetxealdia. Lau euskal herritarrek ere parte hartu dute Israelen itsaso bidezko blokeoa hausteko ekinaldian; bart heldu dira Loiuko aireportura.
Preso palestinarren eta bahituen auziari helduko diete elkarrizketen lehenengo fasean. Hamasek 48 gatibu ditu oraindik —uste da horietatik hogeik bakarrik jarraitzen dutela bizirik—, eta prest agertu da horiek askatzeko; trukean, Israelek ehunka preso askatuko ditu. Efek aipatutako Palestinako iturri baten arabera, talde islamistak «bermeak» nahi ditu, akordio bat erdietsiz gero Israelek atzera ez dezan egin, batez ere operazio militarren eteteari eta armadaren erretiratzeari dagokienez. Trumpen planak, ordea, ez du horretarako eperik zehazten.
Bestalde, Zisjordanian, Israelgo armadak eta kolonoek sarekadak egiten jarraitzen dute. Wafa berri agentziaren arabera, zenbait herritako etxeetan sartu dira miaketak egiteko. Palestinako Presoen Elkartearen arabera, atzo goizetik hona 35 herritar atxilotu dituzte.
Osasun sistema, txikituta
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israel «osasun genozidioa» egiten ari da zerrendan: «Ez da ez krisi humanitarioa ez krimenen zerrenda luzea, nahita eragindako osasun zerbitzuen kolapsoa baizik». Ministerioak oharra kaleratu du Telegram sare sozialean, eta zenbait datu ere eman ditu. 2023ko urriaren 7az geroztik, 450 herritar hil dira gosez —herenak, haurrak—, eta 5 urtetik beherako 51.000 haurrek baino gehiagok desnutrizio larria dute.
Ospitaleen eta osasun zentroen egoeraren berri ere eman du. Gazako 38 ospitaleetatik 25 zerbitzuz kanpo daude, eta gaixoak eta zaurituak artatzen dituztenek egoera «kaskarrean» dihardute. Iaz, ospitaleen edukiera %82koa zen irailaren amaieran; aurten, %225ekoa. Lehen arretako zentroetan ere antzera daude: zeuden 157 zentroetatik 50 pasatxo daude irekita; gainontzekoak Israelgo armadak suntsitu ditu, bonbardaketetan.