Erresuma Batua

'Bibby Stockholm': bostehun errefuxiaturentzako kartzela itsasontzi bat Erresuma Batuan

'Bibby Stockholm' ontzia Portlandera iritsi da, bostehun errefuxiatu han bizi daitezen. Erresuma Batuko hegoaldeko irla horretan hainbat protesta egin dituzte eskuin muturreko taldeek eta arrazakeriaren aurkako eragileek.

'Bibby Stockholm': 500 errefuxiatu biziko diren itsaosntzia. JON ROWLEY / EFE
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko uztailaren 19a
12:25
Entzun

Atzo, asteartean, Bibby Stockholm itsasontzia Portland herrira iritsi zen (Erresuma Batua). Gaur egun, 51.000 asilo eskatzaile daude Erresuma Batuan. Hoteletan bizi dira gehienak, eta Erresuma Batuko gobernuari ia zazpi milioi euro kostatzen zaio hori. Itsasontziak 222 gela ditu, eta hoteletan dauden bostehun pertsona biziko dira han; Alderdi Kontserbadoreak esan duenez, gastuak murrizteko.

Eztabaida ugari sortu ditu erabakiak, eta errefuxiatuen aldeko talde asko kontra agertu dira, Erresuma Batuko gobernuaren planak ez direlako «moralak eta etikoak». Bestalde, Portlandeko eskuin muturreko eragileek protesta egin dute itsasontzia han porturatzearen aurka.

Rishi Sunak, Erresuma Batuko lehen ministroa, immigrazioaren aurkako politika eta mugimendu asko egiten ari da. Besteak beste, itsasontzia Portlandera iritsi ondoren, immigrazio ilegalaren aurkako lege berri bat onartu du. Lege berri horrek dioenez, Mantxako kanaletik ilegalki iristen diren immigranteak atxilotu eta deportatu egingo dituzte.

Sunaken helburuetako bat da legez kanpoko immigrazioa gelditzea 2024an egingo diren hauteskundeetarako. Lege horren bidez, gogortu egingo dute orain arteko araudia. Brexit-etik eztabaidarik handiena piztu duen legeetako bat izan da; orduan, argudio indartsuenetako bat mugak kontrolatzea zen. Azken urtean, 45.000 pertsona baino gehiago iritsi dira ontzi txikietan Erresuma Batuko kostara.

Etxegabeen bizileku

Bibby Stockholm itsasontzia 1976an egin zuten, Herbehereetan, eta orain izango duen antzeko funtzio bat eduki zuen orduan. Alemanian etxegabeentzat erabili zuten. Alemanian etxegabeentzat erabili zuten. Bi tokietan, bertan behera utzi zuten proiektua, kondizio txarrengatik. Herbehereetan erabili ondoren egindako ikerketek erakutsi zutenez, biolentzia, esplotazio sexuala eta osasun arazoak pairatu zituzten han bizi izan zirenek. Sunakek esan du gastuak txikitzeko bidaltzen dituztela errefuxiatu horiek itsasontzira, baina, The Guardian-ek argitaratutako informazioen arabera, ez da diru asko aurreztuko.

NBE Nazio Batuen Erakundeak esan du Erresuma Batuak Nazioarteko Zuzenbidean dituen betebeharrak hausten dituela. NBEko ordezkari Filippo Grandik honela esan du: «Legedi berriak hainbeste pertsona defendatu dituen esparru legala urratzen du». Oposizioan dauden alderdi guztiak ere itsasontziaren aurka agertu dira.

Bibby Stockholm itsasontziaren barnealdea.Jon Rowley / EFE

Portlanden hainbat izan dira neurriaren aurka protesta egin dutenak. Alde batetik, errefuxiatuen egoera salatu dute arrazakeriaren aurkako eragileek. Talde horiek defendatzen dute errefuxiatuak ongi etorriak direla. Irlako eskuin muturreko taldeak ere itsasontziaren aurka daude. Horiek diote 14.000 biztanle besterik ez duen irla batek ezin diola aurre egin hainbeste pertsona jasotzeari. Gobernuak, ordea, bi milioi euro eman dizkie irlako agintariei zerbitzuak ez kolapsatzeko.

Ontzian dauden errefuxiatuek lege oso zorrotzak edukiko dituzte, aste osoan kontrolpean egongo baitira, ia kartzela batean bezala. Hamar euro baino gutxiago jasoko dituzte; lehen 52 euro ziren, baina itsasontzi barnean janaria emango diete. Gaueko hamaikak baino lehen itsasontzian egotea eskatuko dietela ere esan dute. Amnistia Internazionalaren esanetan: «Ez da onargarria balio demokratikoak eta giza balioak gidatzen dituen gizarte batean. Erresuma Batuan arazo larriak daude errefuxiatuen etxeratze sisteman, eta kudeaketa horrek ez ditu giza eskubideak errespetatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.