AEB

Bidenek Kamala Harris senataria aukeratu du presidenteordetzarako

Alderdi Demokrataren presidentegaiak bete du alderdikide askok azkenaldian egin dioten eskaera: emakume beltz bat aukeratzeko bigarren posturako. Ondo bidean, datorren asteko alderdiaren konbentzioan egingo dute hautagaitza ofizial.

Kamala Harris. ETIENNE LAURENT / EFE
Berria
2020ko abuztuaren 11
22:59
Entzun

Kamala Harris Kaliforniako senataria da, eta AEBen historiako lehenengo emakume beltza izango da presidenteorde izateko hautagaitzan. Joe Bidenek eta Harrisek Donald Trump egungo presidente errepublikanoa eta Mike Pence egungo presidenteordea izango dituzte aurkari.

«Ohore bat da adieraztea Kamala Harris hautatu dudala nire kide, jende xehearen aldeko borrokalari nekaezina eta funtzionario onenetako bat», adierazi zuen bart Bidenek, sare sozialen bidez.

Harris Oaklanden jaio zen, Kalifornian, 1964an. Etorkinak zituen gurasoak: aita jamaikarra, eta, ama, indiarra. Kaliforniako fiskal nagusia izan zen 2011tik 2017ra, eta senataria izan da azken hiru urteotan. Senataria kargua duen emakume beltz bakarra da. Hark fiskal gisa izaniko rola azpimarratu du presidentetzarako hautagai Harrisek, eta nabarmendu «banku handiei aurre egin», «langileei lagundu» eta «emakume eta haurrak abusuetatik babestu» izan dituela.

Harrisek adierazi du «ohore» bat dela presidenteordetzarako hautagai izatea, eta «beharrezkoa» dena egingo duela Biden AEBetako presidente izatera iristeko: «Bidenek AEBetako herria batu dezake, bizitza gure alde borrokan igaro du eta». Senatariak ekainean baieztatu zuen Biden babesten zuela Etxe Zurira iristeko hautagai gisa. Aurretik, hautagaitza propioa aurkeztu zuen, baina primarioak hasi aurretik erretiratu zen borrokatik, iazko abenduan. Orduan, jada, harekin aurkezteko aukera mahai gainean jarri zuen Bidenek.

Biden-Harris bikotearen hautagaitza oraindik ez da ofiziala, baina datorren astean egingo den Alderdi Demokrataren konbentzioan baieztatzea espero da.

Trumpentzat, «iruzurtia»

Bidenek albistea eman bezain laster, Trumpek erasoari ekin dio. Harris «iruzurtitzat» jotzen duen bideo bat zabaldu du sare sozialetan. AEBetako presidentearen esanetan, Biden ez da «oso azkarra» izan aukeraketan, eta «ezker erradikalaren» esku utzi du Alderdi Demokrataren agintea. Gehitu du Harrisek Bernie Sandersen ideiekin bat egiten duela: besteak beste, «osasun sistema sozializatzea» eta «zerga berriak» eskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.