Europako Parlamentuak espetxeratuta dauden bi kazetariri eman die Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov saria: Andrzej Poczobut bielorrusiarra eta Mzia Amaglobeli georgiarra izan dira aurtengo sarituak. Antolatzaileen arabera, sariak eskubideen alde eta askatasunaren alde bizia eman duten pertsona eta pertsona multzoak saritzen ditu.
Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak jakinarazi ditu saridunen izenak, Estrasburgon (Frantzia). Metsolak adierazi du «beren lana egiteagatik eta bidegabekeriak salatzeagatik soilik» izan direla kartzelatuak Poczobut eta Amaglobeli, eta «askatasunaren eta demokraziaren sinbolo» direla.
Poczobut, bielorrusiarra izanda ere, herrialdeko gutxiengo poloniarraren parte da. Kolektibo hori 300.000 pertsona inguruk osatzen dute. Hainbat alditan izan da atxilotua, 2021ean sartu zuten preso, eta zortzi urteko zigorra ezarri zioten. Europako Parlamentuaren arabera, ezezaguna da bere egoera gaur egun, eta ezin ditu familiaren bisitak jaso. Amaglobeli, bere aldetik, aurten atxilotu dute Georgiako presidentearen aurkako protestetan parte hartzeagatik, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Parlamentuak azaldu du arrazoi politikoengatik izan dela zigortua, herrialdeko lehen preso politikoa dela, eta hori demokraziaren aurkakoa dela.
Beste bi hautagaitza ere bazeuden irabazle posibleen zerrendan. Batetik, Palestinako kazetariak eta erakunde humanitarioetako langileak; antolatzaileen arabera, «langile horiek, beren lanaren eta sakrifizioaren bidez, nazioarteari erakutsi diote giza eskubideak zein egoera kritikoan dauden Gazan, eta giza kontzientzia sustatu dute». Bestetik, Serbiako ikasleak ere zerrendan zeuden, milaka pertsona mobilizatu baitituzte, salatzeko iazko azaroaren 1ean Novi Sad hiriko tren geltoki batean hamasei lagun hil izana sarrera nagusiko estalkia erori ondoren; ikasleek protesta masiboak egin dituzte, gobernuari kontuak eskatzeko.