Bigarrenean ere ez. Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta gaurko saioko hautagaiak baiezko gehiago behar zituen ezezkoak baino, eta ez du lortu langa gainditzea: 124 izan ditu alde, baina 155 aurka. 67 abstentzio izan dira. "Pena handiz berretsi behar dut blokeo parlamentarioa indarrean dela", esan du Sanchezek gaurko hitzaldia hasi bezain laster. PSOEkoak azaldu du, "lehen egunetik", helburu izan duela "gobernu progresista" bat osatzea, inbestidura ez zedin gera "independentisten esku". Lehentasunezko soziotzat Unidas Podemos jo zuela kontatu du, eta horregatik haren baiezkoa espero zuela, eta "bi alderdi kontserbadoreetako baten" abstentzioa —PPrena edo Ciudadanosena—. Azkenean, ez bata, ez bestea. Dena ez dauka galduta oraindik, ordea: irailaren 23ra arte, aukera dute oraindik Kongresura jo eta presidentea hautatzeko saioak egiteko. Ordurako ez balute akordiorik, orduan bai, hauteskundeak egin beharko lituzkete azaroan.
Inbestidurarako ez ezik, gobernatzeko ere haren babesa behar zuela gogorarazi du. Portugalgo eta Danimarkako ereduak aipatu ditu: sozialdemokraten gobernuak, "haiengandik ezkerrerago" dauden indarrek babestuta. Unidas Podemosekoei proposamen ugari egin dizkietela ziurtatu du Sanchezek, baina Iglesiasen alderdikoek ezezkoa erantzun dietela guztiei. Gainerako taldeei dagokienez, Sanchezek aitortu egin du ERCren borondatea, "ezeren truke" abstenitu delako —EAJ eta EH Bildu ez ditu aipatu—.
Espainiako Kongresuko saioan, PPko Pablo Casadok gogor kritikatu du PSOEren jarrera. "Erakutsi duzu ez zaretela gai eraikitzeko akordioak egiteko, suntsitzeko bakarrik, zentsura mozioan bezala", esan dio Sanchezi: "Nahiago duzu sistema berri batean gobernatu, oraingoan oposizioan egon baino". 1978koa "elkarrekin" eraiki zutela gogorarazi dio Sanchezi, eta hura indartzearen alde egingo duela PPk.
Pablo Iglesiasek Sanchezi eskatu dio pentsa dezala ea "gobernuko kide batek merezi duen besteko errespetuz" aritu ote den Unidas Podemosekin. "Errespetua". Horixe eskatu dio PSOEri. Programari dagokionez, "eskakizun erradikalik" ez zutela egin ziurtatu du, eta eskatu zuten "bakarra" 1978ko Konstituzioa betetzea zela. Iglesiasi berari jarritako "beto pertsonala" ere onartu zuela azaldu du Unidas Podemoseko buruak, baina eskumenak nahi zituztela. Gaur bertan, proposamen berri bat egin dietela esan du: "Berriz ere eskua luzatzen dizut. Ez eraman espainiarrak hauteskundeetara".
Aukera on bat galdu duela egotzi dio Pablo Iglesiasi ERCren bozeramaile Gabriel Rufianek. "Duela lau urte sortu zineten. Lau urtean, bat, bi, hiru, lau, bost, berdin zait zenbat ministerio. Izugarria da. Sartu gobernuan, eta lau urtean presidente izatera irits zaitezke. Gai zarete".
Aitor Esteban jeltzaleak aitortu du espero zuela Sanchezen inbestidura aurrera ateratzea: "Uste nuen presio sozialak, eta ganbera honetako giroak, ahalbidetuko zuela inbestidura". Baina "berandu" ibili izana egotzi dio PSOEri: "Beste modu batera bilatu behar zenituzten aliantzak". Iglesiasi ere egin dio oharra: gogorarazi dio ez dela inoiz egon estatu bateko gobernu batean, eta esan dio onartu egin behar zuela eskaintza. "Zerua oldarrez hartu nahi zenuten, baina lainoz laino egin behar da oldarraldia". Estebanek azaldu du, desadostasunen jatorria enplegu publikoaren ingurukoa bada, badagoela "aukera" akordioa lortzeko: "Ez hemen eta orain, baina badago aukera".
PSOEri zuzendu zaio batez ere EH Bildu. "EH Bildurekin negoziatzeko beldurra bakarrik uler daiteke gobernu aurrerakoiei diozuen beldurretik", esan dio Sanchezi Oskar Matutek: "Ez ziren zuretzako botoak". EH Bildukoak azaldu du PPri, Ciudadanosi eta Voxi bidea ixteko botoak zirela haienak, "konpromiso antifaxista" zirela. "Gure herriari zor gatzaizkio, eta gure herritarrek saritu zintuzten 0 diputaturekin", ohartarazi die eskuineko hiru alderdiei. "Herri horri zor gatzaizkio". "Jakina" den gisan, Espainiako "estatu zentzurik" ez dutela nabarmendu du Matutek: "Baina badugu zentzu komuna".
Mugimendu ugari goizetik
Goizeko lehen orduan, EH Bilduk eta ERCk egin dute agerraldia. "Jende oso ezberdinaren arteko akordioak egiten diren herrialdeetatik gatoz. Kontraesan handiak sorrarazten ditu horrek, baina baita garaipen handiak ere. Gaur, hemen, ezker abertzaleak eta ezker independentistak katalanak eskatzen diogu espainiar ezkerrari gauza bera egiteko". Gabriel Rufianek eta Mertxe Aizpuruak mezu argia bidali diete PSOEri eta Unidas Podemosi; mahai batean eseri, eta ados jar daitezela: "Gaur akordiorik ez lortzeak Sanchez jaunaren eta Iglesias jaunaren heriotza politikoa ekarriko du, biena", esan du Rufianek. Bestela, "arduragabe" jokatzen ariko direla ohartarazi diete.
Aizpuruaren hitzetan, "arduragabekeria" litzateke PP, Ciudadanos eta Voxi gobernura iristeko aukera uztea: "Euskal Herriarentzat ez da ona izango". "Eskuina geldiarazi nahi dugu", azaldu du Aizpuruak: "Aukera bat ireki nahi dugu estatuak dituen arazo estrukturalei soluziobide bat jartzeko".
Astearteko bozketa galdu egin zuen Pedro Sanchez Espainiako presidentegaiak: 124 boto lortu zituen, PSOEko 123 diputatuenak, eta PRC Kantabriako Alderdi Erregionalistako diputatuarena. Gehiengo osoa behar zuen, ordea: 176. Gaurkoan, nahikoa izango du ezezko baino baiezko gehiago jasotzea. Aurkako botoak, jakinak dira: PPrenak, Ciudadanosenak eta Voxenak. JxCATek ere halaxe iragarri du. Abstentziora joko dute EAJk, EH Bilduk eta ERCk, besteak beste. Bozketa aurrera ateratzeko, ordea, nahitaezko zuen Sanchezek Unidas Podemoseko diputatuek aldeko botoa ematea.
Urkullu: "Egonkortasuna dago jokoan"
"Arduraz" jokatzea beharrezko dela nabarmendu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, eta argudiatu du "ezinbestekoa" dela gobernu bat martxan jartzea "hiritarren benetako arazoei erantzuteko". Urkulluren hitzetan, auzia ez da inbestidura bakarrik: "Gobernagarritasuna eta egonkortasuna daude jokoan. Kontua ez da akordiorik eza justifikatzea, akordioaren alde biek atzera egitea baizik. Uste dut badagoela tartea eskuzabaltasuna gailentzeko".