Bigarren Intifadan hildako lagunak gogoratu dituzte palestinarrek 10. urteurrenean

Netanyahuk baztertu du hainbat pizgarriren truke koloniak bertan behera uzteko AEBek eginiko proposamena

Erredakzioa
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Al Aksako Intifadaren 10. urteurrenaren harira hainbat ekimen egin dituzte egunotan palestinarrek hildako hamahiru lagunen omenez. Nazaret, Um el Fahem eta Kfar Kanan manifestazioak egin zituzten urriko istiluak gogoratzeko, eta beste hainbat hiritan, berriz, grebarako deia egin zuten. Bigarren Intifada 2000. urteko irailaren 28an piztu zen; Ariel Sharonek oposizioko burua zela Mezkiten Zelaigunera egindako bisitak eragin zituen liskarrak. Jerusalemen eta beste hainbat hiritan piztutako Intifadari indarrez erantzun zion Poliziak. Justizia Ministerioak, hala ere, ez zituen auzipetu hamahiru palestinarren hilketen erantzuleak. Jamal Zahalka diputatu arabiarrak, alde horretatik, egia jakin artean borrokatzen jarraituko dutela iragarri zuen atzo.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bien bitartean, baztertu egin du koloniak eraikitzeko debekua hainbat pizgarriren truke bi hilabetez luzatzea. AEB Ameriketako Estatu Batuek egin diote proposamena, ofizialki ez bada ere. Yediot Aharonot egunkariaren arabera, negoziazioak sustatzearren egin dute proposamena, eta trukean laguntza militarra eskaini diote Israeli. Proposamenari uko egiten badio estatu palestinarraren sorrera babestu eta beto politika alboratuko duela ohartarazi dio Washingtonek Netanyahuri.

Negoziazioak sustatzeko azken ahalegina litzateke honakoa. Liga Arabiarrak, izan ere, palestinarren eta israeldarren arteko azkeneko elkarrizketak izango direla ohartarazi baitu, kolokan baitaude. Amro Musa idazkari nagusiaren hitzetan, «elkarrizketak kaltegarriak bihurtu dira palestinarrentzat, kolonietan eraikitzen jarraitzen dutelako bereziki». Israeldarren helburu nagusia, haren ustez, denbora galtzea da; «arabiarren kontura barre egiten jarraitu nahi dute». Ikusteko moduko pausoak ematen ari direla erakusteko eskatu die, horregatik, AEB Ameriketako Estatu Batuei. Liga Arabiarra heldu den urriaren 6an elkartuko da, asteazkenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.