«Honek gelditu egin behar du». Hala mintzatu da Gazako egoerari buruz Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Europako Parlamentuan, Estrasburgon, ikasturtea irekitzeko eginiko agerraldian. Ez du genozidio hitzarekin definitu, baina bai esan du «katastrofe humanitarioa» dela. Horiek horrela, EB Europako Batasunak Israelekin duen lankidetza akordio zabalaren alderdi komertziala «partzialki eteteko» neurriak planteatuko dituela adierazi du, Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko.
EBk bere kabuz aurrera eramaten saiatuko den hainbat neurri proposatu ditu horretarako: «Israeli ematen diogun aldebiko babesa bertan behera utziko dugu. Arlo horietako ordainketa guztiak etengo ditugu, Israelgo gizarte zibilarekin eta Yad Vashemekin [Holokaustoaren biktimen omenez eratutako Israelgo erakunde ofiziala] dugun lankidetzari eragin gabe. Muturreko ministroei eta kolono bortitzei zigorrak jartzea proposatuko dugu. Eta merkataritza arloko akordioaren zati bat etetea ere proposatuko dugu», zehaztu du Von der Leyenek.
Hala ere, onartu du zaila izango dela klubeko babesa lortzea neurri horiek martxan jartzeko, eta iritzi dio edozein neurri ezarrita ere «gutxi izango direla batzuentzat, eta gehiegizkoak beste batzuentzat». Hain zuzen, 27 kideetatik behintzat hamabostek babestu beharko lituzkete neurriak, eta, aldi berean, baiezkoa emango luketen kide horiek gutxienez EBko biztanleen %65 eduki beharko lukete.
Bere aldetik, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak salatu egin ditu Von der Leyenen adierazpenak. Adierazi du EBk emandako mezu hori Hamasen eta talde armatu palestinarren aldekoa dela: «Europako Batzordeko presidenteak egindako adierazpenak tamalgarriak dira. Horietako batzuek Hamasen eta haren bazkideen propaganda faltsua ere islatzen dute», zabaldu du Atzerri ministroak sare sozialetan. «Beste behin ere, Europa mezu okerra bidaltzen ari da, eta horrek indartu egiten ditu Hamas eta Ekialde Hurbileko ardatz erradikala».
Reuters berri agentziaren arabera, Europako Batasuna da gaur egun Israelen bazkide komertzial nagusia. Bi aldeen arteko salerosketak 42.600 milioi eurokoak izan ziren iaz. Von der Leyenek proposatutako neurriek bide ematen dute EBk bertan behera uzteko Israelgo produktuei ematen dien lehentasuna. Europak eta Israelek akordio zabalagoa dute, baina, horren barruan, merkataritza akordioa etetearen alde egin dute Irlandak, Espainiak, Danimarkak, Suediak eta Herbehereek; Alemaniak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak, aldiz, kezka agertu dute akordioa eteteari buruz.
Gero eta aurkari gehiago
Gaza ez ezik, Israelek jopuntuan ditu Ekialde Hurbileko zenbait herrialde. Israelek Yemeni egin dio eraso, eta bonbardaketek gutxienez 35 hildako eragin dituzte, huthien menpeko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera —gehienak, 28, Sanaa hiriburuan hil dira, eta beste zazpi Al-Jawf probintzian—. 131 lagun ere zauritu dira erasoetan. Atzo, berriz, Israelgo armadak eraso egin zien Dohako etxebizitza batzuei; Hamaseko buruzagiak ziren hor inguruan, AEBen menia proposamen bat aztertzen. Onik atera ziren erakundeko buruzagiak, eta sei hildako utzi zituen erasoak.
Gaur kaleratutako ohar batean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «terroristak» kanporatzeko edo «justiziaren aurrera eramateko» eskatu die Qatarri eta «terroristak babesten dituzten» herrialde guztiei. «Zuek ez baduzue egiten, geuk egingo dugu», erantsi du.
Tamim bin Hamad Al-Thani Qatarko emirrak ohar batean adierazi duenez, Dohako erasoa «subiranotasunaren eta segurtasunaren urraketa nabarmena da, eta nazioarteko zuzenbidearen arauak eta printzipioak urratzen ditu». Qatarko lehen ministro eta Atzerri ministro Mohammed bin Abdulrahman Al-Thaniren esanetan, berriz, Israelen erasoa «estatu terrorismoa» da. Argi utzi du eraso horiek ez direla «alde batera utzi behar».
Mohamed bin Zayed Al-Nahyan Arabiar Emirerri Batuetako presidentea ere Dohan izan da, erasoen inguruan Qatarko emirrarekin eginiko bilera batean. Hala eman du jakitera WAM Arabiar Emirerri Batuetako berri agentziak. Bileran, Mohamedek elkartasuna erakutsi dio Qatarri, eta adierazi du babes irmoa emango diela «subiranotasuna, lurralde osotasuna eta herriaren segurtasuna» babesteko hartutako neurriei.
Gazan ere eraikinak suntsitzen
Qatarko erasoaren biharamunean, eraikinei eraso egiten segitu du Israelgo armadak Gaza hirian. Armadak zuzenean jo du, haien esanetan, Hamasek erabiltzen zituen eraikinen kontra. Azken egunetan, garaiera handiko dorreak eta etxebizitza blokeak izan ditu jopuntuan, eta behera bota ditu; tartean, hamabi pisuko bat, non giza eskubideen aldeko talde baten bulegoak zeuden.
Gaza hiria husteko eta herritarrak mendebaldera bidaltzeko agindua eman zuen Israelgo armadak atzo: eskuliburu batzuk bota zizkien airez palestinarrei, eta Mawasirantz, Khan Yuniseko eremu humanitariorantz, joateko agindu. Eremu hori Israelen jomuga izan da denbora luzez, eta ez da gune segurua.

ISRAELEK BERRIRO EGIN DIO ERASO GAZAKO FLOTILLARI
Bigarrenez eraso egin diote Global Sumud Flotillari Tunisian, Gazara bidean zihoala, elkartasun mugimenduak sare sozialetan jakinarazi duenez. Bart izan da erasoa, eta, atzokoan bezala, drone bat jaurti dute, oraingoan Alma izeneko itsasontziari. Haren gainean erori da dronea, eta sute bat piztu du. Minutu batzuen ostean, amatatzea lortu dute. Dronea erori den lekutik oso gertu zegoen eskifaiako kide bat, baina ez da inor zauritu. Itsasontziak ere ez du kalte larririk izan. Erresuma Batuko bandera du Alma-k. Sidi Bu Said herriko portuan gertatu da erasoa.
Atzo goizaldean egin zioten lehenengoz eraso flotillari. Family izeneko itsasontziaren aurka jo zuten orduan. Ontzidi horretako itsasontzi nagusietakoa da hori, aktibista ezagunenak bertan ari baitira Gazarako bidea egiten. Portugalgo bandera du itsasontzi horrek. Tunisiako agintariek ukatu egin zuten erasorik izan zela, baina flotillako kideek erasoaren grabazio bat erakutsi zuten.
Global Sumud Flotillak misioarekin aurrera jarraitzeko asmoa du, eta iragarri du gaur bertan abiatuko dela Tunisiatik Gazarantz.