Pa... Ya Bilboko Otxarkoaga auzoko euskal kultur elkarteak eta Euskadi-Cuba elkarteek salatu dutenez, Bilboko Udalak Venezuelari buruzko hitzaldi-elkarrizketa bat «debekatu» du. Hitzaldia Glenna del Valle Cabello Venezuelako kontsulak eman behar zuen, Jose Manzaneda Cubainformación TVko kazetariaren galderak erantzunez. Ekitaldia bihar egin asmo zuten, Otxarkoagako udaltegian; udalak, baina, ez du eman hura erabiltzeko baimenik, argudiatuta ez dela ekitaldi hori egiteko garai egokia.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, udaltegiko zuzendaritzak idatziz bidali die azalpena. Udalaren ustez, ez da hitzaldia emateko «garai egokia»; izan ere «Venezuelaren egoera ikusita, zuhurtasunez jokatzea komeni da, ekitaldiaren edozein esposizio edo instrumentalizazio arriskua prebenitzeko».
Antolatzaileek salatu dute haien eta auzokideen bilera eta informazio eskubideak urratu dituztela, eta aurrekari arriskutsu bat ezarri: «Horiek horrela, eraikin publikoen erabilera udal funtzionario edo agintari baten borondatearen menpe gelditzen da». Haien ustez, erabakia zentsura ekintza bat da, eta ez du legezko inolako oinarririk.
Hitzaldirik ez egon arren, gaurko deituriko elkarretaratzeak eta lore eskaintzak bere hartan diraute. 19:00etan egitekoa dute, Bilboko Venezuela plazan, Venezuelako kontsulatuaren aurrean. AEBek Venezuelari eraso egin izana salatuko dute, eta lore eskaintza egingo diete Maduro bahitzeko ekintzan hildako militarrei.